Osasun Bidasoak Oinaurren hirugarren osasun zentroa berehala eraikitzeko beharrean insistitu du

Irungo Lehen Mailako Arretak egoera kritikoa bizi du, eta berehalako konponbideak eskatzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak duela gutxi egindako proposamenak kezka handia eragin du herritarren artean. Oinaurren hirugarren osasun-zentroa eraiki ahal izateko, Irungo Udalak, udalaren ondoan hutsik dauden lursailak eman beharko lituzke, “Anbulatorio Handi” bat eraikitzeko. Plataformaren ustez, horrelako adierazpenek nahasmena sortzen eta Irungo lehen mailako arretarako espazio duinen faltaren arazoari irtenbidea atzeratzen baino ez dute laguntzen.

Osasun Bidasoak Oinaurren hirugarren osasun-zentroa eraikitzeko prozesua berehala martxan jartzea eskatzen du. Halaber, Osasun Sailari berretsi diote Eskualdeko Ospitalea handitzeko beharra, eraikin erantsi batekin. Gure ustez, obra horietarako baldintza gisa jartzea Udalak orube bat uztea (gaur egun udal-bulegoak handitzeko aurreikusita dena), egungo egoera okertzea eta Bidasoan eta Bortzirietan osasun-arretarako espazio faltaren arazoa konpontzea atzeratzea baino ez da.

Irun egitura linealeko hiria da, eta ez du zentro zehatzik. Irun Erdialdeko anbulatorioa ixteak, udaletxearen ondoko eraikin batera eramateko -Dunboako osasun-zentrotik gertu-, Anaka, Anzaran, San Miguel eta Pio XII auzoetan bizi diren herritarrak osasun-arretatik urruntzea ekarriko luke, haien irisgarritasuna txarrera eginez.

Plataformaren proposamena

Osasun Bidasoak honako hau proposatzen du: Irunek 3 anbulatorio izatea: Oinaurre (eraiki behar dena), Irun Erdialdea (1.500 metro gehiagorekin atzealdean) eta Dunboa (Osasun Publikoko profesionalek okupatzen dituzten espazioak egokituz). Behar bezala dimentsionatu behar dira, osasun-arazo gehienak konpontzeko gaitasuna izan dezaten, Eskualdeko Ospitalera behar ez diren joan-etorriak saihesteko.

Plataformatik gaineratu dutenez, “Ezinezkoak diren konponbideak proposatzeak, eskualdeko errealitatea ezagutu gabe eta aldez aurretik Udalbatzarekin negoziatu gabe (haren esku baitago Hiri Antolamenduko Plan Orokorra), harridura eta kezka sakona besterik ez digu sortu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude