“Txotxongiloen Parkea” egitasmoak Sargia parkea hartuko du Sanmartzialetan

Irungo San Martzial jaien barruan, haur zein familiek txoko berezi eta magiko bat izango dute berriro ere hiriko erdialdean. “Txotxongiloen Parkea”, Euskal txotxongilo egunak Irunen, egitasmoa antolatu da aurten, ekainaren 23tik 26ra bitartean, jaietako eskaintza kulturala aberasteko. Lau egunetan zehar, eguerdeko 12:00etan, Sargia parkea kolorez eta istorioz beteko da, adin guztietako herritarrei zuzendutako kalitatezko antzezlanei esker.

Proiektu hau OMAK, Euskal Herriko Txotxongilolarien Elkarteak, eta Irungo Udaleko Euskara Arloak elkarlanean garatutako ekimena da. Lankidetza honen helburu nagusia jai-gunearen erdian euskal txotxongilolarien sorkuntza eta lanak bultzatzea da. Horrez gain, euskararen erabilera gozamenezko esparruetan indartu nahi da, betiere familia-aisialdia, kulturartekotasuna eta bestelako jai eredu parte-hartzaile zein jasangarriago bat zabaltzeko asmoz, txotxongiloak erdigunean jarrita.

Lau eguneko programazioa modu honetan banatuko da, egunero ikuskizun ezberdin bat eskainiz: Ekainak 23, asteartea: Kay Robot, Ameztu Antzerkiaren eskutik; Ekainak 24, asteazkena: Katxaruloren alaba, Títeres Babaluva konpainiaren eskutik, ekainak 25, osteguna: Hamaika gatazka – El Tenderete taldearen eskutik; ekainak 26, ostirala: Familientzako kabareta – OMAK Elkartearen eskutik, aurtengo edizioari amaiera borobila emateko.

Egitasmo honetako saio guztietara hurbiltzea erabat doakoa da, eta herritar guztiak gonbidatuta daude jaien barruan hain berezia den parke honetaz eta euskarazko kulturaz familian gozatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude