Biok Txingudi Euskal Ligako B multzoko txapeldunordea da

Argazkiaen egileak: Celia Fenández eta Raúl Gutiérrez.

Biok Txingudi Euskal Ligako B multzoko txapeldunordea izan da. Partida zaila aurreikusten zen Saran, irabazleak Euskal ligako B multzoko garaipena lortuko baitzuen. Gainera, bi taldeen artean jokatutako partidan, Biok Txingudiko jokalariek saratarren joko gogorra ezagutu ahal izan zuten. Partidua markagailuak irudikatzen duena baino berdinduagoa egon da.

Horregatik, Asier González eta Alejandro Lasak zuzendutako taldeak, lehia intentsitate eta indar guztiekin hasi behar zutela argi zeukan. Esan eta egin; lehenengo minutuetan Txingudi izan da baloiaren jabe Animaineako errugbi zelaian. 13. minutuan, aurrelariek defentsak gelditutako hainbat pick and go egin ondoren, Lea Etxebarrietak baloia hagen artean uztea lortu du (0-5).

Minutu batzuk geroago, etxekoak izan dira markagailua mugitu dutenak entsegu eraldatu batekin (7-5) eta Zumendi Carok aldi baterako kaleratzea jaso du egindako plakaketa arriskutsu batengatik.

Atsedenaldira arteko minutuetan, jokoaren gogortasuna eta intentsitateak gora egin du, baina markagailuak ez du mugimendurik izan. Lehenengo zatiko azkenengo minutuan, Paola Vegak iparraldekoen akats bat aprobetxatu du baloia ostikoka entsegu-eremuraino eraman eta marka egiteko. Enara Arrutik eraldaketa sartu du 7 eta 12koa jarriz markagailuan.

Bigarren zatiaren lehenengo minutuetan jokoak ildo beretik jarraitu du, defentsa gogorrarekin, fase estatiko askorekin eta, orokorrean, agresibitate handiko jokoarekin.

50. minutuan, Sarakoek markagailua berdindu dute entsegu batekin (12-12) eta, sei minutu geroago, aurrea hartu dute Onintza Burgeraren kanporatzearekin batera iritsi den zigor-entsegu baten bidez (19-12).

Hortik aurrera, Txingudiren jokoa desantolatzen joan da eta zuloak sortu dira defentsan. Saratarrek aukerak aprobetxatu dituzte markagailuan aldea handitzeko lau entsegu eta bi eraldaketa eginez (43-12).

Ligako azkeneko hamabostekoan Saioa Gartzia, Gaia Morris, Zumendi Caro, Lupe Pescador, Maddi Garmendia, Lohitzun Aia, Irati Lazkano, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Paola Vega, Ainara Varela, Jessica Gómez, Onintza Burgera, Maier Aia eta Aitana Garrido aritu dira. Lucia Durán, Yaiza García eta Leizuri Pinaga aulkian hasi dute partida eta Irene Goenagak ezin izan du jokatu beroketan izandako lesio batengatik. Epailea Juan Luis Díaz Peña izan da.

Emaitza honekin, B multzoko bigarren postuan amaitu du liga Biok Txingudik bere debutean. 17 partida jokatu dituzte, 8 irabazita, 9 galduta, 340 puntu eta 54 entsegu lortuz eta 464 puntu eta 76 entsegu jasoz amaitu dute aurtengo parte-hartzea Irun eta Hondarribikoek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude