Biok Txingudik debutaren denboraldia B multzoko lehenengo postuan amaitzeko aukera du

Argazkia: Biok Txingudi eta Sarako Izarraren arteko partida bat (Iturria: Txingudi Errugbi Kluba).

Biok Txingudik debutaren denboraldia sailkapenaren goiko postuetan amaitzeko aukera du. Ligako azken jardunaldia igande honetan jokatuko du Saran 12:00etatik aurrera, lehenengo sailkatuaren aurka, Sarako Izarra. Lapurtarrek 18 puntu dituzte eta Txingudik 17. Debutaren denboraldia modu paregabean amaitu dezake Biok Txingudik, B multzoko txapela lortuz.

Aurten, Emakumezkoen Euskal ligak talde guztiak multzo bakarrean bildu zituen lehenengo faserako eta, sailkapenaren arabera, bi multzo ezberdinetan banatu zituen bigarren fasean. Sailkapeneko lehenengo sei taldeek, A multzoa osatu zutenek, Euskadiko txapelketa eta Estatuko ligetara igoera dute jokoan, eta B multzoa errugbiaren garapen eta sustapenerako liga bilakatu da beste zazpi taldeekin.

Plaiaundikoen helburua bi faseetan lan txukuna egitea eta partidaz partida ikastea zen, kontuan izanik taldearen gehiengoa jokalari hasiberriek osatu dutela. Klubetik azaldu dutenez, “balantzeak ezin du positiboago izan”; lehenengo fasean Euskadiko txapelketara sailkatzeko zorian izan dira, zazpigarren sailkatuz eta igandean garaipena lortzeak garapen liga honen garaile bihur ditzake.

Erronka ez da erraza izango, dena den, Sarako Izarra talde indartsua dela erakutsi du denboraldian zehar eta bere etxean sortzen den giroa kanpoko taldeei presio handia eragiten die. Hala ere, azkeneko partidan egindako lanak konfiantza asko eman die Irun eta Hondarribikoei eta ez dute aukera pasatzen utzi nahi.

Norgehiagoka igandean jokatuko da, hilak 19, 12:00etatik aurrera, Sarako Animainea zelaian. Txingudi Errugbi Klubetik jokalariei sostengua emateko Sarara gerturatzea animatzen dituzte zaleak.

Errugbi Olinpiadak ikastetxeekin

Txingudi errugbi kluba egitasmo berria sortu du aurten eskualdeko bigarren hezkuntzako ikastetxeentzat Larunbat honetan, 12:00etatik aurrera, klubak denboraldian zehar eskola ezberdinetan egindako saioetan parte hartu duten ikasleak Plaiaundira gerturatzea gonbidatu ditu plakaketarik gabeko errugbiko topaketa egitera.

Kirol Aukera markaren babesarekin eta Pasquier Recondoren laguntzarekin, Bidasoaldeko ikastetxetako ikasleek Plaiaundiko zelaia eta errugbia, hirugarren denbora barne, bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude