Biok Txingudi taldeko neskek Arrasate/Eibar B taldeari irabazi diote

Argazkia: Biok Txingudi eta Arrasate/Eibar Bren arteko partida (Egilea: Xabi Sánchez).

Biok Txingudik Kalitate handiko jokoa erakutsi zuen Arrasate/Eibar B garaitzeko (27-22). Baja asko zituen Biok Txingudik larunbatean jokatu behar zuen partidarako, izan ere, aulkian jokalari bakarra zuten etxekoek. Gainera, aurrean, arerio indartsua izan zuen Txingudik, Espainiako Ohorezko mailan eta Euskadi eta Espainiako selekzioekin aritu diren jokalariak ere bazituena. Bost puntu hauekin, Biok Txingudi B multzoko bigarren postura igo da, Sarako Izarra aurrean 6 puntura duelarik.

Hasierako hamabostekoan Yaiza García, Gaia Morris, Maren Santa Cruz, Zumendi Caro, Maddi Garmendia, Lohitzun Aia, Maier Aia, Miren Fernandez, Enara Arruti (kapitaina), Paola Vega, Aitana Garrido, Naroa de la Fuente, Onintza Burgera, Laida Rodriguez eta Jessica Gómez izan ziren, Irati Lazkano aldaketa bakarra izanik. Epailea Javier Montiveros izan zen.

Aurrean, arerio indartsua izan arren ez ziren kikildu eta gogoz hasi zuten norgehiagoka, markagailuan aurrera hartuz Maren Santa Cruzek eginiko entsegu batekin, Enara Arrutik eraldatu zuena (7-0). Emaitza aldekoa bazen ere, baloiaren jabetza bisitariena zen eta bidasoarrak defentsan etengabe egin behar izan zuten lan. Pixkanaka, metroak irabazi zituen Arrasate/Eibarrek eta, 15 eta 18 minutuetan, bi entsegu lortu zituen Rongomaihenga Waerea-Hohaiak emaitza iraultzeko (7-10).

Defentsa lanean hain gogor aritzeak fisikoki nabaritu zuten Asier Gonzálezek entrenatutako jokalariek eta plakaketetan akatsak areagotu ziren. Honela, Arrasate/Eibarrek zazpi puntu gehitu zituen Marta Romeroren entsegua eta Lierni Anduagaren eraldaketaren bidez (7-17). Erasoan ondo zebilen Biok Txingudi, baina pausu txiki bat behar zuen oraindik partida eskuetatik joan ez zedin.

Atsedenaldirako minutu batzuk baino ez ziren gelditzen Miren Fernándezek etxekoen bigarren marka lortu zuenean (12-17) jokalarien indarrak eta animoak berrituz. Bigarren zatiaren hasieran, indarberritze hori nabaria izan zen mugakoen jokoan eta Paola Vegak defentsa hautsi eta baloia hagetatik gertu uzterakoan gauzatu zen. Enara Arrutik beste bi puntu gehitu zituen emaitza minutu batzuez iraultzeko (19-17). Ez zuten luze iraun markagailuan aurretik, hurrengo jokaldian Maialen Garciak arrasatearren laugarren marka lortu baitzuen emaitza beste alderantz irauliz (19-22).

Aldaketarik gabe, esfortzu fisiko garrantzitsua eginik eta hogeita hamar minutu geratzen zirela, Biok Txingudiko jokalariek ahalegin berezia egin behar zuten garaipenak ihes egin ez zezan. 54. minutuan, Arrutik berdinketa lortu zuen zigor kolpe bat ostikatu ondoren (22-22).

Beltz eta zuriak erasora joan ziren, baina hainbeste behar zituzten puntuak ez ziren iristen. Behin eta berriz saiatzen ziren Arrasate/Eibarren defentsari hutsuneak aurkitzen eta, azkenean, lortu zuten. Pase eta barneratze konbinazio baten ondoren, Jessica Gomezek zuloa aurkitu zuen zelaiaren amaieraraino iritsi eta entsegua lortzeko (27-22). Aurrea hartu ondoren, oraindik defentsa lanean gogor aritzea tokatu zitzaion Txingudiri, baina bisitarien azkeneko aukerak zapuztu zituzten garaipena etxean geratzeko.

Garaipenik ez Txingudi/Baztanentzat

Ez zen gazteen eguna izan. Lehenengo zatian goierritarrak erraz gailendu ziren eta lau entseguko abagunea lortu zuten atsedenaldiaren aurretik. Bigarren zatian, Ordiziak bosgarren marka lortu zuen hasi eta gutxira 31 puntuko abantaila lortuz. Orduan, nagiak kentzea lortu zuten etxekoek eta hiru entsegu lortu zituzten Oier Oliveira (2) eta Aiert Fagoagaren eskutik, Xabier Gorriak azkenekoa eraldatzea lortuz. Tartean, Ordiziak seigarren entsegua lortu zuen emaitza 17 eta 38koan utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude