Irungo Euskal Jira musika eta dantza taldeen bila dabil

Irungo Euskal Jiraren antolakuntza batzordea aurtengo Euskal Jiran parte hartu nahi duten musika eta dantza taldeen bila dabil. Izan ere, azken urteetan zehar Euskal Jiran parte hartzen duten gurdi guztiek musika eta dantza taldeak izan ditzaten zailtasunak izan dira. Horregatik, egunean zehar egiten diren ekitaldietan parte hartzeko prest dauden taldeen bila hasi dira antolatzaileak.

Horregatik, antolakuntza batzordeak Irungo Euskal Jiran lehen aldiz parte hartu nahi duten dantza eta musika taldeentzako gida prestatu du. Gidan bildutako oharretan aipatzen denez, parte hartzen duten taldeetako kideek baserritarrez jantzita joan behar dute. Hala ere, aukera ezberdinak daude,uda izanik, arropa freskoa eraman ohi delako. Dantzariek dantzetarako arropak erabiliko dituzten arren, antolakuntzatik azpimarratu dute musikariek baldintza hau betetzea garrantzitsua dela.

Egitaraua

Goizeko 11:00etatik aurrera Urdanibia plazan jai giroa egoten da musika talde batzuk bertatik ibiltzen baitira kaleak girotzen. Ordu horretan Uranzu Udal pilotalekuan dantzariekin gelditu ohi da, aldageletan janzteko denbora izan dezaten. Musikariekin, berriz, oholtzaren atzean elkartzen dira.

Eguerdian, 12:00etatik aurrera, bertsolarien ostean, oholtzan musika eta dantza taldeen emanaldi laburrak egiten dira, emanaldi bakoitzak 5 edo 10 minutu inguru irauten dituelarik. Emanaldi horien ordena eta ordutegi zehatza egun batzuk lehenago zehazten da.

Emanaldiaren ondoren dantzariek berriz arropaz aldatzeko aukera dute, aldagelak gertu baitaude. Aukera hau ematen da taldeek beren erosotasunaren arabera bazkaltzera jantzita joan nahi duten edo ez erabaki dezaten. Bazkaria berriz, 14:30etik 17:00ak arte izaten da. Antolakuntzatik adierazi dutenez, “oso giro polita sortzen da, baina ez dago ezer antolatua berez. Taldeek espontaneoki jotzen eta dantzatzen dute”.

17:00etatik aurrera bazkaltzeko lekua utzi eta Letxunborro hiribiderantz abiatzen gara oinez. Bidean talde gehienak jotzen joaten direlarik, baina hau ere espontaneoki. 18:00etan Letxunborro hiribidean hasten den desfilea da Euskal Jirako ekitaldi nagusia. Bertan hainbat elkartek atondutako gurdiak ateratzen dira. Gurdiek euskal ohiturekin, lanbide zaharrekin, gertaera historikoekin, leku gogoangarriekin… lotutako motiboak dituzte. Gurdien atzean musika taldeak doaz, inguruan baserritarrez jantzitako edonor dantzan jarriz. Beraiengandik metro batzuk atzerago dantza taldeak egoten dira.

Desfilea Urdanibia plazan bukatzen da, azken gurdia 20:00ak aldera iritsi ohi dela.  Dantza eta musika taldeen jarduna hor bukatzen da, baina dantzan eta parrandan jarraitzea aukerakoa da noski. Hortaz, berriro ere aldageletan aldatzeko eta dutxatzeko aukera izango dute. Plazan erromeria egoten da eta gauean kontzertua eta txosnan sardina erreak eta sagardoa saltzen dira.

Aurtengo Euskal Jira

Irungo Euskal Jiraren antolakuntza batzordetik adierazi dutenez, giro bikaina sortzen da. Aurten Irungo Euskal Jira abuztuaren 3an, larunbatean, egingo da, urtero moduan abuztuko lehen asteburuan. Bertan parte hartzeko asmoa duten edo informazio gehiago duten musika eta dantza taldeak antolatzaileekin harremanetan jarri daitezke ieuskaljira@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 666 98 71 82 telefono zenbakira deituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude