Irungo Udalak prebentzio-protokolo bat antolatu du datorren astelehenean (apirilak 25) egitekoa den Opilaren Egunerako. Programa hori urtero egin ohi da egun hauetan, eta bertan parte hartzen dute Gizarte Ongizate eta Mugikortasun arloek eta Udaltzaingoak.
David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan, «oso egun berezia izango da gaurkoa Irunen eta eskualdean, pandemiaren ondoriozko denboraldi korapilatsu honen ondoren, eta guztiok dugu jaiaz gozatzeko gogo handia». Era berean, Nuñok deia egin du «jende guztiak eguna arduraz ospa dezan, lagun eta senideekin batera».
Gizarte Ongizateko arloak, besteak beste, Udaletxeko webgunean ‘adikzioak prebenitzeko’ atalean arriskuak murrizteko bideo-dekalogo bat argitaratu du. Ordezkariak gazteak bideo hori ikustera animatu ditu. Ildo horretan, Gizarte Ongizate arloak gutun bat igorri die Irungo merkatariei, gogorarazteko legeak debekatu egiten duela adin txikikoei alkohola saltzea edo ematea, bai eta garrantzia handia dutela esateko ere, alkohol-kontsumoaren prebentzioan laguntzeko eragile sozial gisa. Gizarte Ongizateko ordezkariak Irungo establezimenduetara bidalitako gutunean dioen moduan, «guztiok arretaz jokatu behar dugu gure adin txikikoek eta nerabeek egun dibertigarria izan dezaten, alternatiba osasungarriekin eta alkoholik gabe».
Autobus-zerbitzua
Bestalde, Mugikortasun arloak baieztatu duenez, Udalak, beste urteetan bezala, doako autobus-zerbitzu berezi bat antolatu du San Markos egunerako. Zerbitzu hori egun osoan ibiliko da, San Martzial eta Guadalupe zelaietara joanez, toki horietan gazte-kopuru handia biltzen baita jai hori ospatzeko. Autobusa dohainik izango da, eta jende ororentzat da, bereziki gazteentzat eta nerabeentzat. Helburua da hara joan daitezen gauzak erraztea eta, bide batez, trafikoa eta ibilgailu pribatuen eta ziklomotorren kopurua murriztea.
Zerbitzu horrek bi linea eta bi ibilbide edukiko ditu; bata San Martzial aldera eta, bestea, Guadalupe aldera, goiz eta arratsalde, eta ordu erditik ordu erdira. San Martzialerako linea 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era ibiliko da, eta honako ibilbide hau egingo du: Hondarribia kaletik aterako da, ondoren leku hauetatik igaroko da: Kolon ibilbidea, Nafarroako ibilbidea, Palmera-Montero, Arbes eta San Martzial mendia. Hiri-autobusaren ohiko geltokietan hartuko ditu bidaiariak.
Guadaluperako linea 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era ibiliko da, eta honako ibilbide hau egingo du: Dunboako anbulatoriotik irtengo da, eta ondoren: Nafarroako hiribidea, Colon ibilbidea, Hondarribia kalea, Pinudi eta Guadalupe.
Era berean, eta ospakizuna normaltasun osoz gerta dadin, prebentziorako zerbitzu bat antolatuko du Udaltzaingoak. Udaltzaingoak zaintze-lanak egingo ditu, bereziki adingabeei alkohola ez saltzeko, eta, Babes Zibilarekin batera, jardunaldian parte hartzen duten gazteen eta nerabeen segurtasuna ere zainduko du.