Hogeita bigarrenean hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela aldarrikatu du Korrikak

Denbora luzez zain egon ostean, apirilaren 10eko lehen orduetan iritsi da Korrika Irunera. Euskal Herriko lurretan barrena egindako 2.500 kilometroko ibilbidean euria, eguzkia eta elurra izan ditu bidaide euskararen aldeko lasterketak. Hala ere, bidean aurkitutako oztopoak eta trabak gainditu eta apirilaren 10ean Donostiara iristeko helburua bete du. Bien bitartean, Euskal Herrikol bazter bakartuetaraino euskara erabiltzeko, laguntzeko eta sustatzeko mezua eraman du lasterketaren 22. edizioak.

Korrika Santiago zubitik sartu zen apirilaren 10eko 00:46ak jota, atzerapen pixka batekin, lekukoa Lapurditik Gipuzkoan sartuz. Irunen Nafarroa hiribidetik, Ama Xantalen ermitatik, Euskal Herria hiribidetik, Arretxe gainetik, Soroxarta parketik eta Letxunborro hiribidetik pasa ostean, Hondarribira iritsi zen lekukoa 1:30ean Mendeluko zubian. Dena den, 22. Korrikak bigarren zati bat ere egin zuen Irungo kaleetan barrena guztiz alde egin aurretik. Izan ere, irundarrek 2:25ean lekukoa Mendeluko zubian berreskuratu zuten berriro Letxunborro hiribidetik eraman eta Landetxa auzoko hainbat txokotatik igaro ostean, Gurutzen oiartzuarren esku 3:05ean utzi aurretik.

Euskararen lasterketa Irungo lurretan sartu aurretik, Korrika giroa sortzeko hainbat ekintza antolatu ziren apirilaren 9an Irunen bertan. Ekintzak goizeko 12:00etan hasi ziren Irungo alde zaharrean egindako trikipoteoarekin. Bazkalorduan EKT elkartean bapo bazkaldu ostean, hiriko txikienak ere Korrikara hurbiltzeko haur jolasak antolatu ziren Urdanibian plazan arratsaldeko 17:00etan. Jolasekin batera, Burrunba elektrotxarangak Urdanibia plazaren inguruan bildutakoak musikarekin dantzan jarri zituen. Behin jokoak amaituta, 18:30ean haurrek txokolatadarekin berreskuratu zituzten jolasean galdutako indarrak.

Ilundu ahala, Korrikaren furgoneta hirian sartzeko unea hurbilago zegoen. Hitzordu handiaren aurretik lasterketa giroa hoztu ez zedin, Irunabar elkarteko kideek Ziztaka elkarteak antolaturiko bertso saio musikatua eskaini zuten Urdanibia plazan. Korrika iritsi aurreko azken ekitaldia Stepi Selektah eta lagunek plaza berean eskainitako kontzertua izan zen. Egitasmo askotariko honi esker, irundarrek are gogo handiagoz jaso zuten euskararen lekukoa.

Agurrik ez Landetxan
Apirilaren 10eko goizean Korrikak bere ibilbidea Irunen egina bazuen ere, Landetxa auzoko bizilagunak euskararekin hain lotuta dagoen hitzordu berezi hau pixka bat luzatu ahal izateko moldatu ziren. Izan ere, igandeko 11:30ean Landetxako auzo elkartean hasita Korrika txikia antolatu zuten auzoan barrena. Horrela, lasterkari txikienek Doraemonekin batera arineketan egin zuten. Goiza amaitu aurretik, auzoko frontoian Korrika amaiera festa ospatu zen.

22. Korrika amaituta, hogeita hirugarrenean pentsatzen eta hura antolatzen hasteko unea da. Beraz, irungo euskal komunitateak 700 egun baino gehiagoz eutsi beharko dio berriro euskal lekukoa heltzeko gogoari. Nolanahi ere, euskararen erabilerak egun zehatzik behar ez duenez, egunero izango da euskara ahotik arineketan ateratzeko aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude