22. Korrika apirilaren 10eko 00:53etan iritsiko da Irunera. Lapurtarrek lekukoa Santiago Zubian utzi eta gipuzkoar lurretara igaroko da, hurrengo goizean ibilbidea Donostian amaitu aurretik. Hala ere, bi aldiz bisitatuko du Korrikaren karabanak Irun, Oiartzunera pasa aurretik, 2:21etan berriro lur irundarretara sartuko baita. AEK-ko kide Mattin Sortzabalberek, Maddi Sanzek eta Beñat Altzagak aurten Korrikaren aurretik Irunen egingo diren ekintzak azaldu dituzte.
Dena prest dago 2022ko Korrika hasteko?
Mattin: Bai, dena prest daukagu. Ibilbidea, ordutegia, hartzaileak, Korrika Txikiak eta jaiak prest daude jada.
Korrika abiatu aurreko asteetan asko al dira zereginak?
Beñat: Hitz bakarrean esan beharko banu, frenetiko gisa deskribatu beharko genuke. Uler dezakezuen bezala, guk gure egunekoari heldu behar diogu, eskolak eman behar ditugu goiz, eguerdi eta arratsean, eta bat-batean Korrika bezalako ekimen izugarri handia antolatu behar dugu. Korrikaren aurreko azken hilabetea, kasu honetan martxoa, frenetikoa da. Hamaika gauza lotu behar ditugu, gainera aurten Irunen erronka handia jarri diogu gure buruari 3 Korrika antolatuko baititugu. Beraz, Mattinek esan duen bezala gutxi gorabehera dena lotuta dugu, baina, oraindik xehetasun batzuk falta zaizkigu. Azken batean, herriarekin batera egin nahi dugun zerbait denez, laguntzaile bila ibiltzen gara beti.
Noiz hasten dira Korrika bat prestatzeko lanak?
Mattin: Bat bukatu eta berehala hasten dira hurrengoaren ibilbidea prestatzen. Behin dena finkatuta, Korrika hasi baino 4 hilabete lehenago iristen zaigu guri informazio guztia, zabal dezagun. Proposamen horrekin udalerri bakoitzean hainbat ekitaldi antolatzen dira. Beraz, neurketak egin eta ibilbideak bilatzeko 4 edo 5 hilabete behar direla esango nuke.
Beñat: Bitxikeria da aurtengo ibilbidea duela bi urte konfinatu berritan diseinatu genuela, beraz bi urte atzera egin behar da AEKn Korrika honetan lanean zenbat denbora daramagun ulertzeko.
Korrika antolatzeko Korrika Batzordearen lana funtsezkoa da, ezta?
Mattin: Hau bakarrik egiterik ez dago. Oso zeregin polita da inguruko jendeak oso jarrera ona duelako eta esku bat botatzeko prest daudelako.
Zehazki, noiz eta zer ordutan igaroko da Korrika Irundik?
Maddi: Irunera apirilaren 9tik 10erako gauean pasako da. Korrika Hendaiatik Irunera sartuko da, Irunen bueltaxka bat emango du. Hondarribira pasa ostean Irunera itzuliko da eta 3:00ak aldera lekukoa Gurutze aldean utziko dugu oiartzuarrentzat.
Nolakoa izango da Korrikak Irunen egingo duen ibilbidea?
Mattin: Parranda bat izango da, beti bezala. Pentsatzen dugu oso giro ona izango dugula, izan ere, Korrikaren azken txanpa izango da, hurrengo goizean lekukoa Donostiara iritsiko baita. Gainera, aurreko aste guztian zehar korrikaren irudiak eta berriak leku guztietatik iritsiko zaizkigu eta uste dut horrek motibatzeko balioko digula.
Korrika iritsi aurretik, zer beste ekintza egingo dira Irunen?
Maddi: Irunen, Korrika baten faltan, hiru korrika antolatu ditugu: Korrika Txikia, Korrika Gaztea eta Korrika Nagusia iritsi aurreko egun osoko egitaraua. Korrika Txikia apirilaren 7an pasako da goizeko 10:00etan.
Beñat: Irungo ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek parte hartuko dute bertan. Goizeko 10:00etan San Vicente ikastetxetik abiatuko da eta haurrak Irungo erdigunetik lekukoa eraman ondoren, Zabaltza plazara iritsiko dira eta bukaeran Zabaltza plazan jaialdia izango dugu ekitaldi berezi batekin. Korrikako kantua egin duen kantaria Hondarribikoa denez, egun horretan gurekin izango dugu.
Hurrengo egunean Korrika gaztea, ezta?
Maddi: Hori da. Hau ere goizean izango da, goizeko 10:00ak aldera Mendeluko biribilgunetik aterako da eta Zabaltza plazarainoko ibilbidea egingo dute. Egun AEK-k proiektu bat dauka Irungo hainbat eskoletako DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin. Eusliderrak da proiektuaren izena; hizkuntzen hausnarketa bat egiten dugu bertan eta ikasleei proiektu baten lidergoa uzten diegu bertan. Aurten proiektua Gazte Korrikaren antolaketa izan da. Lau eskola inplikatu dira proiektuan eta gu soilik gidari lanaz arduratzen gara.
Zeintzuk izango dira apirilaren 9ko ekintzak?
Maddi: Apirilaren 9a ere egun polita izango da. Egun osoko egitarau bat antolatu dugu. Goizean eguerdiko 12:00etan Alde Zaharrean Triki Poteo bat egingo dugu. Bazkaria EKTn egingo da eta tiketak Tarra, Kabigorri, Altzola eta AEK euskaltegian lortu ahalko dira. 17:00etan haur jolasak, txokolatada eta Burrunba elektrotxaranga izango ditugu Urdanibia plazan. 20:00etan Ziztakak, Korrika Kulturalaren bitartez, bertso saio musikatua antolatuko du Irunabarren kolaborazioarekin. 22:00etan Stepi Selektah eta lagunak izango ditugu. Horrela jada prest egongo gara korrika jasotzeko.
Korrika goizeko ordu txikietan igarota, parte hartze txikia espero duzue?
Beñat: Nik ez dut uste, larunbata delako eta hori gure alde dugulako. Gainera, Mattinek esan bezala, aurreko egunetan hedabideetan asko ikusiko dugu Korrika eta horrek asko lagunduko du zirrara sortzen eta korrika egiteko gogoa pizten. Izan ere, Korrikak jendea biltzeko eta ilusioa pizteko ahalmena baitu.
22. Korrika AEKrentzako une berezian iristen da?
Mattin: AEK-k Korrikaren bidez lortu nahi duena da Euskal Herria euskalduntzea. Helburu hori lortzeko argi dago oraindik ere badagoela lana egiteko, eta pausuak ematen jarraitu beharra dago. Korrika ez da folklore hutsa, zerbait gehiago da.
Beñat: Hori da aurtengo leloaren zergatia: Hitzekin. Santiago zubian inoiz ikusitako instituzio kopuru handiena bildu zen konpromiso batzuk hartzeko, baina hitzez adostutako konpromiso horiekin ekiteko garaia da.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.