Txingudi Korrikaren 21. edizioak Hendaia, Irun eta Hondarribia elkartuko ditu urriaren 5ean

Urriaren 5ean egingo da XXI. Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika. Lasterketak azken urteetako esentzia mantenduko duen arren, ibilbideak aldaketa txiki bat izango du Hendaiako tren-geltokiaren pareko obren ondorioz. Hortaz gain, lasterketaren antolakuntzan bestelako hobekuntza batzuk egingo dira ere kirol probaren garapena laguntzeko asmoz.

Txingudi Korrikaren barnean patinatzaileak arratsaldeko 16:20etan aterako dira eta korrikalariak, berriz, 16:30etan. Lasterketan 5 erbik parte hartuko dute ondorengo denborak markatzeko: 3´45, 4´, 4´30, 5´ eta 6´. Lasterketan parte hartu ahal izateko behin erabiltzeko txipa eta dortsala eskuratzeko 13 euro ordaindu behar dira eta lasterketaren egunean izena emanez gero 18 euro.

Izen-emateak internet bidez egiteko aukera egongo da Kirolprobak webgunearen bitartez. Bestetik, izen-emateak aurrez aurre egin nahi izanez gero Irungo Mendibil Merkataritza-guneko Leire Sport dendan edo Hondarribiko Papykop paper-dendetara hurbildu beharko dira parte-hartzaileak. Hortaz gain, Bidasoa Atletiko Taldeak Palmera Monteron duen bulegoan goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara izen-emateak egin ahalko dira ere. Korrikalarientzako poltsak jasotzeko, aldiz, parte-hartzaileak urriaren 4ean hubildu beharko dira elkartearen Dunboako egoitzara.
Txingudi Korrikaren antolakuntzatik adierazi denez, aurtengo lasterketan 600 eta 700 pertsonek izen-ematea espero da. Gainera, probaren antolakuntzatik azaldu duetenez, izen-emateak aurreko urtean baino azkarrago egiten ari dira. Gogoratzekoa da 2018 urtean 664 pertsonek parte hartu zutela Txingudi Korrikan eta joan den urtean, berriz, 634 pertsonek.

Probako berrikuntzak
Txingudi Korrika Hendaiako Floridako kaian abiatuko da eta Irungo kaleak zeharkatu ostean, Hondarribiko Hondartza kiroldegiko pistetan izango du helmuga. Hendaiako tren-geltokiko obrak direla medio, aurtengo lasterketaren ibilbidea kale paralelo batetik zuzenduko da, ibilbidea 100 metro luzatuz. Probaren ibilbide osoa luzatzea saihesteko, irteerako puntua 100 metro aurreratuko da, azken zortzi urteetan bezala 10 kilometroko ibilbidea mantentzeko.

Bigarren aldaketa nagusia ibilbidearen barneko anoa-postuaren kokapen aldaketarekin loturik egongo da. Aurreko urteko korrikalariek gogobetetasun-inkestan egindako eskakizunak erantzuten saiatzeko, anoa-postua Zabaltza plazara (5km) aurreratuko da aurten Mendeluko biribilgunearen (6km) ordez. Lehen anoa postu honetan ura eta edari isotonikoa emango zaie korrikalariei. Gainera, helmuga bigarren anoa-postu bat kokatuko da probaren babesleek emandako jaki eta edari gehiagorekin ohikoa den bezela.

Hortaz gain, irteeran zein ibilbidean zehar musika animazioa hobetuko da kirolarien eskakizunei erantzunez. Gainera, helmugan kokatuko den kontsigna zerbitzua hobetzeko ahalegina egin da ere. Horretarako, kontsigna karpa batzuen barnean kokatuko da, eguraldi txarra edo euria eginez gero, kirolarien motxilak ondo babestuta egoteko.

Txingudi Korrika Txikia
Arratsaldeko lasterketaz gainera, urriaren 5eko goizean Txingudi Korrika Txikia antolatuko da etxeko haur eta gazteentzat Stadium Gal alboko zelaian. Etxeko txikientzat antolaturiko 5. lasterketa honetan urte bat eta 13 urte arteko haurrek parte hartu ahalko dute. Lasterketaren aurretik haurrek beroketa ariketak burutuko dituzte Bidasoa Atletiko Taldeko monitoreen jarraibideak jarraituz.

Lehiaketarik gabeko proba honen ostean parte-hartzaile guztientzako hamaiketako egongo da. Gainera, lasterketak eskualdeko Eskola Kirola programaren barneko lehen jarduerarekin bat egingo du egun horretan, beraz, antolatzialeek parte hartze handia espero dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude