Endika Díezek udaletxean omenaldia jaso du Espainiako Mahai-Tenis Txapelketa Absolutua irabazi ostean

Endika Díez kirolariari otsailaren 18an omenaldia egin zitzaion Irungo Udaletxean Espainiako Mahai-Tenis Txapelketa Absolutua irabazi ostean. Omenaldian, Jose Antonio Santano alkateaz gainera, udal zinegotzi, Leka Enea mahai-tenis klubeko kide eta jokalariaren senideek parte hartu zuten. Hortaz gain, Erreginaren Kopan brontzezko domina lortu zuen emakuezkoen taldearen lana ere goraipatu zen ekitaldian.

Endika Díezek Leka Enea mahai-tenis klubeko jokalariak urrezko domina lortu zuen Granadako Armilla hirian jokatutako Espainiako Txapelketa Absolutuan. Hiriko kirolarien lorpen nagusiak saritzeko ohiturari eutsiz, Irungo Udalak Endika Díezen garaipena ospatzeko ekitaldia antolatu zuen udaletxeko kapitulu-gelan. Jose Antonio Santano Irungo alkateak adierazi zuenez, “azkenaldian kirolak poztasun asko ematen dizkigu Irunen”.Omenaldian Díezek San Juan Harri zutabearen erreplika txiki bat jaso zuen bere kirol lorpena garrantzitsuenaren oroigarri gisa. Alkateak gogorarazi zuenez, duela gutxi Bidasoa Atletiko Taldeko Teresa Errandoneak edo Santiagotarrak elkarteko palistek oroigarri berdina jaso dute.

Gasteizen jaio arren, Endika Díezek hainbat urte daramtza Irunen bizitzen eta Leka Enea klubean lanean. Klub irundarreko jokalariak esperientzia zabala du mahai-teniseko Espainia mailako txapelketetan, izan ere, 2012 eta 2015 urteetan zilarrezko domina eskuratu zuen eta 2013., 2014., eta 2016. urteetan, berriz, brontzezko domina. Endika Díezek azaldu bezala, “klubaren laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke niretzat honaino iristea”.

Omenaldian zehar, Endika Díezek Leka Enea klubak Irunen dauzkan instalakuntzen kalitatea goraipatu zuen. “Udalak klubari emandako instalakuntzak izan ezean, ezinezkoa litzateke horrelako emaitzak lortzea”, azaldu zuen Espainiako Mahai-Tenis Txapelketa Absolutuko irabazleak. Era berean, Jose Antonio Santano alkateak Leka Enea klubean mahai-tenisean federatuak dauden 80 kirolariek eta 100 eskolarrek egunero egiten duten lana goraipatu zuen, entrenatzaile eta gurasoek kluba aurrera ateratzeko egiten duten lana ahaztu gabe.

Garaipen segida amaigabea
Espainiako Txapelketako lehen faseak gainditu ostean, Endika Díezi Dani Palacios taldekidearen aurka indarrak neurtzea egokitu zitzaion final-laurdenean. Leka Enea klubeko kirolariek partidu zirraragarria jokatu zuten, klubean elkarrekin egindako entrenamendu ordu luzeen erakusle garbia izan zena. Final-laurdenean Palacios taldekidea garaitu ostean, Endikak azken podiumean leku bat izatea zihurtatzea lortu zuen.

Finalerdian Moises Alvarezen aurka 4-3 irabazi ostean, Carlos Machadoren aurka txapelketako finala jokatzeko pasea eskuratu zuen jokalari irundarrak. Machado aurkari gogorra zen Endikarentzako, izan ere, Espainiako txapelketetan hainbat urrezko domin irabazi baititu jokalari andaluzak. Endika Díezek, ordea, partidu hasiera bikaina jokatu zuen markagailuan 3-0 aurreratuz, baina, aurkariaren erantzun azkar batek markagailua hiru puntura berdintzea eragin zuen. Azkenan, garaipena Endika Diezentzat izan zen eta, horrela, Espainiako Mahai-Tenis Txapelketa Absolutuan bere lehe urrezko domina eskuratu zuen.

Erreginaren Kopan brontzea
Endika Díezi egindako omenaldian, Erreginaren Kopan brontzezko domina eskuratu zuen Leka Enea klubeko talde femeninoak ere aipamen berezia jaso zuen. Jokalariak zuzenean talde kanporatzailean sartu ziren eta sailkapeneko hirugarren posturaino iritsi ziren, ezinezko izan zitzaielako gorago sailkatzea. Maria, Roxana, Jin, Lin eta June jokalariek Sagarzazu margolariaren “Paseos por Irun” liburuaren ale bana jaso zuten udalaren opari gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude