Berrogeialdiak hainat zailtasun eragin ditu azken asteetan zehar Irungo hiritarren artean. Horregatik, gizartean sortutako beharrei erantzuna emateko, Irungo Babes Zibileko boluntario taldea lan ezinbestekoa burutzen ari da alarma-egoera ezarri zenetik. Iñaki Corral Bizikidetza eta Babes Zibileko ofizialordeak, azken egunetan zehar boluntario taldeak aurrera eramandako ekintza eta zerbitzuen berri eman du.
Zein ekintza burutzen ari da Babes Zibileko taldea berrogeialdian laguntzeko?
Hainbat zereginetaz arduratzen gara momentu honetan. Batetik, elikagaien banaketa etxez etxe egiteaz arduratzen gara, inguruan senide sarerik ez duten adineko pertsonen beharrak erantzuteko. Horrela, behar dituzten elikagaien erosketa guk geuk egiten diegu eta etxeraino eramaten dizkiegu.
Nola osatu duzue laguntza behar duten adineko pertsonen zerrenda?
Irungo Udalak hiriko adineko pertsonen egoeraren berri izateko deiak egin ditu eta, bildutako informazioarekin, laguntza behar duten biztanleen zerrenda osatu da. Horrela, gure zeregina adineko pertsonen beharrak asetzen laguntzea da.
Kasu bakoitzaren beharretara egokitzen zarete?
Bai, haiekin harremanetan jartzen gara eta erosketa noiz egin beharko duten adierazten digute. Horrela, egindako erosketen bitartez bi edo hiru egunerako elikagaiak eramaten saiatzen gara.
Nolako prozesua jarraitzen duzue horrelako zerbitzu bakoitzean?
Erosketa guk egin arren, haiek dira erosketa zerrenda egin eta erosi nahi dituzten gauzak aukeratzen dituztenak. Erosketa egin aurretik, haien etxeetara hurbiltzen gara erosi beharreko gauzen zerrenda eta dirua jasotzeko. Erosketa egin ostean, haien etxeetara irultzen gara erositakoa uztera.
Elikagaiez gainera, eskolako materialaren banaketaz ere arduratu zarete?
Bai, hiriko zenbait ikastetxeetako material osagarria zein ordenagailuak banatu behar izan dituzte ikasleek etxetik ikasturteko plangintzarekin jarraitu ahal izateko. Horrela, Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri ostean, materialaren banaketan laguntzeko eskaria jaso genuen.
Zereginen artean, berrogeialdian urteak betetzen dituzten haurrak zoriontzeko denbora topatzen duzue?
Bai, gure Facebook atarian ekimen honen berri eman dugu urtebetetze bat zoriondu nahi duten pertsonek gurekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten. Emailez informazioa bidali eta urtebetetzearen egunean, oinarrizko zerbitzuekin amaitu ostean, haurrak zoriontzeko denbora ateratzen saiatzen gara. Dena dela, orain arte eskatu zaizkigun urtebetetze guztiak zoriontzea lortu dugu.
“Oinarrizko zerbitzuekin amaitu ostean, haurrak zoriontzeko denbora ateratzen saiatzen gara”
Iñaki Corral, Bizikidetza eta Babes Zibileko ofizialordea
Ekimenak arrakasta izan du?
Bai, asko gainera, izan ere, pertsona helduen urtebetetzeak zoriontzea eskatu zaigu, baina, 10 urtetik beherako haurrei zuzentzeko erabakia hartu dugu. Bestela, ezinezkoa izango litzateke iristen zaizkigun eskakizun guztiak erantzutea.
Hortaz gain, garbiketa lanak burutzen dituzue?
Bai, Bidasoako Ospitalearen zein anbulategietako sarrerak garbitzen dituzte boluntarioek gauen, osasun zentroetarako sarrerak desinfektatzeko.
Zenbat boluntariok osartzen dute berrogeialdian zehar lanean ari den taldea?
Guztira 15 boluntario dira, baina, berrogeialdian zehar 7 edo 8 boluntario ari dira lanean, baina, boluntarioen kopurua egun batetik bestera aldakorra da.
Erraza izan da lan-taldea zeregin berri hauetara egokitzea?
Denborarekin sortutako beharretara egokitzen saiatu gara. Momentura arte sortutako beharrei erantzuteko gai izan garela uste dut eta etorkizunean sortu daitezkeen premia berriak asetzen ahaleginduko gara ere.
Gainera, sare sozialen bitartez hiritarrentzako informazio baliagarria partekatzen duzue?
Bai, batez ere Facebookaren bitartez informazioa zabaltzeko ahalegina egiten ari gara eta baliagarria iruditzen zaigun informazio eta aholkuak partekatzeko asmoa dugu.
Babes Zibileko boluntario gisa izen emateko aukera zabalik duzue?
Bai, izen ematea urte osoan zabalik dugu eta, laguntza behar izanez gero, laguntzeko prest dagoen boluntario sare berria dugu inguruan. Hala ere, Babes Zibileko boluntario izan nahi direnek HAZ bulegoaren bitartez eskaera egin beharko dute, udal webgunean zehaztutako betekizunak betetzeaz gainera. Babes Zibileko boluntarioek lan-taldera boluntario berriak batzeko prestutasuna dute beti.