Babes Zibileko kideek eskola materiala eta ordenagailu eramangarriak eraman dituzte Irungo hiru ikastetxetako ikasleen etxeetara. Azken egunetan, Irungo Udaleko Hezkuntza Arloa hiriko ikastetxeekin harremanetan jarri da, jakiteko zer behar duten jardunean eta ikasleekin harremanetan jarraitzeko alarma egoerak irauten duen bitartean.
Hiriko Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hamabost ikastetxeekin (6-16 urteko haurrenekin) harremanetan jarri, eta Udalak eskola materialaren banaketa antolatu du; funtsean, ikasleentzako dokumentazio lagungarri edo apunteena eta hainbat ordenagailu eramangarrirena.
Horrela, astelehen honetan Babes Zibileko boluntarioak materialaren lehen blokea banatzen bukatu zuten, antzemandako lehenengo beharrei erantzuteko. Zehazki, Irungo bi ikastetxetako 40 ikasleren etxeetan banatu dira apunteak, eta beste ikastetxe baten hamar ordenagailu eramangarri eraman dira.
Ekimen honen bidez, Irungo Udalak eskola komunitateari lagundu nahi dio; izan ere, alarma egoeraren ondorioz, bertan behera geratu ziren aurrez aurreko eskolak, baina ikastetxeek ikasleekin lanean jarraitzen dute, urrutitik. Era berean, familia batzuek egoera honetan dituzten beharrei erantzun nahi diela nabarmendu du Hezkuntza Arloak.
Udalak ikastetxeekin harremanetan jarraitzen du, eta ez du baztertzen laster beste ikastetxe batzuetako materiala eramatea ikasleen etxeetara. Hezkuntza Arloak ikastetxeek hasieratik ekimena eta elkarlana agertu izana eskertu du, eta animo mezu bat helarazi nahi die datozen asteetarako.
COVID-19 gaitzaren ondoriozko krisialdian hirian jazotzen diren albisteei buruzko informazio gehiago udal webgunean.