30 urte bete dira Irunero aldizkariaren lehen argitalpenetik

Argazkia: Anaitze Agirre, Ana Barandiaran eta Olatz Ansa (Iturria: Irungo Udaleko Euskara Arloa).

Hiru hamarkada oso igaro dira 1994ko apirilean Irunero aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zenetik. Ordutik, Irunerok hainbat formatu eta diseinu izan ditu, unean uneko egoera eta baliabideetara egokitzeko. Hala ere, beti eutsi dio euskararekiko konpromisoari, Irungo euskaldunek hiriarekin loturiko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten.

Oinarria finkatuz

Lehen zenbakiaren argitalpenetik 30 urte betetzen direnean, aukera aparta da aldizkariak orain arte egindako ibilbidea errepasatzeko, tarte horretan gertatutakoak asko baitira. Irunerok gaur egun arte egindako ibilbidean fase ezberdinak bereizi daitezke, aldaketa esanguratsuek mugatutakoak. Lehena Iruneroren sorrerarekin hasten da. 1994 urteko apirilean kaleratu zen Irunero aldizkariaren lehen zenbakia. Azalean, zuri-beltzeko argazki batean, haur bat ikus zitekeen, Irunero izeneko aldizkari bati eskuetan eusten.

1. Irunero: 1994ko apirilean argitaratutako Irunero aldizkariaren
lehenengo zenbakia (Iturria: Irungo Artxiboa).

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuaren ekimenez ekin zitzaion Irunero aldizkariaren argitalpenari. Dena den, Iruneroren sorrera ez zen gertaera isolatua izan, garai hartan euskarazko hainbat herri aldizkari sortu baitziren Euskal Herrian zehar. Beste herri batzuetan, ordea, euskara elkarteak izan ziren euskarazko aldizkariak sortzeko ekimenaren bultzatzaileak. Irunen halakorik ez zenez, Euskara Zerbitzuak erredakzio talde boluntarioa osatu zuen Irunek ere bere euskarazko aldizkaria izan zezan.

“Orduan maketazioa egiteko Macintosh-ak behar ziren, baina Udalean PCak erabiltzen ziren”

Iban Eguzkitza, Irungo Udaleko Euskara Arloko zuzendaria

Irunero helburu bikoitzarekin jaio zen. Batetik, tokian tokiko informazioa euskaraz eskaintzea irakurleei. 1994ko apirilean argitaratutako aldizkariko hitzaurreak hala erakusten du: “Gure asmoa, Irunen gertatzen denaren berri ematea da, guzti hau EUSKARAZ izango delarik”. Bestetik, Irunerok Irunen euskararen normalizazioan laguntzea espero zen. Horrela, eskura zeuden erraztasun guztiak eskaintzen ziren: “Irunero lortzeak ez dizu inolako buruhausterik emango, postaz bidaliko baitzaizu eta gainera DOHAINIK”.

“Gure asmoa, Irunen gertatzen denaren berri ematea da, guzti hau EUSKARAZ izango delarik”

1. Irunero aldizkariko hitzaurrea

Hasierako lan hori Euskara Zerbitzuko langileen koordinaziopean egin zen, besteak beste, Iban Eguzkitzaren begiradapean. Egun Irungo Udaleko Euskara Arloko zuzendaria denak adierazi duenez, “Wikipediako atal batzuetan bestela jartzen badu ere, Iruneroren sorrerak ez du Irun Iruten euskara elkartearekin zerikusirik, elkartea geroago sortu baitzen”. Era berean, Plazara aldizkaria ere Iruneroren abiapuntua izan zela pentsatzea okerra dela adierazi du Iban Eguzkitzak, “Plazara aldizkariaren edukia, zabalpen eremua eta estiloa ezberdinak baitziren”. 1991n argitaratu zen azken alea, literaturari buruzkoa nagusiki.

Argazkia: Iñaki Lekuona, Olatz Ansa, Anaitze Agirre eta
Elixabete Salaberria kamara eskuetan (Iturria: Irungo Udaleko
Euskara Arloa).

Aldizkariaren lehen lantaldea 10 pertsonek osatu zuten. Irunero aldizkariaren 100. zenbakia ospatzeko Larraitz Zeberiok 2003ko urrian idatzitako artikuluan aipatzen denez, lehen kide haietako asko kazetaritza ikasleak ziren. Zehazki, Elixabete Salaberria, Iñaki Lekuona, Anaitze Agirre eta Olatz Ansak osatu zuten Iruneron lehen erredakzio taldea. Maketazio lanez berriz, Ana Barandiaran arduratu zen eta Alberto González, “Verano”, aldizkaria argazkiekin osatzeaz. Iban Eguzkitzak aipatu duenez, “Iruneroren lantaldea osatzen zuten guztiak euskaldunak izan ez arren, bilerak euskaraz egiten ziren”, beharrezkoa zenean gaztelaniazko argibideak ematen. Ondorioz, tarteka komunikazio arazoak gertatzen ziren, baina, beharrezkoa zenean, gaztelerazko argibideak emanez konpontzen ziren. Aldizkariaren maketazioari dagokionez, hainbat zailtasun izan zituztela gogoratu du Eguzkitzak: “orduan maketazioa egiteko Macintosh-ak behar ziren, baina Udalean PCak erabiltzen ziren”. Arazoa konpontzeko Macintosh bat alokatzea lortu zuten azkenean, PCrako erositako programak kale egin ostean.

Ezberdintasunak alde batera utzita, orduko Irunero aldizkariak egungoarekin zenbait antzekotasun baditu. Izan ere, Irunero aldizkariak hasieratik gaur egun arte 3.500 aleko tirada izan du beti. Dena den, hasierako urte haietan Irunero bi hilabetean behin argitaratu zen, zuri-beltzean, azala izan ezik, eta aldizkari formatuan. Esan beharrik ez da orduko eta egungo diseinuaren artean desberdintasun nabariak daudela.

Gainera, hasiera batean banaketa etxez etxe egiten zen, Irungo Udalaren frankeo itundua erabiliz. Iban Eguzkitzak aipatu duenez, Irunero harpidedunen zerrenda osatzeko, eskatzaileez gain, Irungo Euskaltegiko ikasleak, Txingudi Ikastolan ibilitakoak, Munduko Euskal Etxeak eta Euskararekin lotutako elkarteak erabili zituzten. Horretaz gain, Iban Eguzkitzak gogoratzen du Iruneroren lehen alea eskuetan zutela, Alberto Buen Lacambra alkatearekin batera Irungo Udaletxean aldizkariaren aurkezpena egin zela.

6. Irunero: 1995ko maiatzean argitaratutako Irunero
aldizkaria, aldizkariaren bigarren aroaren hasieran (Iturria: Irungo Artxiboa)

Kontratuz esleitua

Irunero aldizkariaren lehen etapa 1994ko apiriletik 1995eko otsailera  luzatu zen. Dena den, lehen urtea igarota, udalaren barnean hura koordinatzeko zailtasunak ikusi ziren eta kudeaketa sistema berri baten alde egitea erabaki zen. Horrela, Udalak kontratu bidez Luma itzulpen enpresari esleitu zion aldizkaria kaleratzen jarraitzeko proiektua.

Bigarren aro horretan Irunero aldizkaria hilabetekaria izatera pasa zen eta aldizkari formatua mantendu arren, diseinua aldatu egin zen. Bigarren etapa hau 1995eko maiatzetik 1996ko martxora arte luzatu zen. Aldizkariaren bigarren aroan Joxan Elosegi, Jabier Muguruza eta Elixabete Salaberria (Iruneroren lehendabiziko aroan ere ibilitakoa) aritu ziren bertan erredakzio arduradun gisa. Horretaz gain, Irunero edukiz betetzeko prest zeuden kolaboratzaileen kopurua ere handitu zen. Banaketa etxez etxe egiten zen orduan ere.

Dirulaguntza bilakatu

Berriro, urtebeteren ostean, beste aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen. 1996ko apirilean Irunero aldizkaria kontratu bidez esleitu ordez, dirulaguntza izatera pasa zen. Izan ere, subentzioa izateak Irungo Udalaren finantzaketaz gain, Eusko Jaurlaritzaren edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdietara aurkezteko aukera ematen zuen.

Argazkia: Ana Grijalba kazetaria (Iturria: Ana Grijalba).

“Televisión del Bidasoa” kudeatzen zutenek hartu zuten hura kudeatzeko ardura, Mikel Martínez eta Ana Grijalba aritu zirelarik zuzendaritza lanetan eta hasiera batean Iruneroko lehen aroko erredakzio taldeko Olatz Ansa, Anaitze Agirre eta Iñaki Lekuona aritu ziren bertan, gerora beste kolaboratzaile batzuk gehitu zirelarik. Zehazki ACOB, “Asociación Colectivo Onda Bidasoa”, enpresa arduratu zen kudeaketa lanaz, Txingudi Telebistaren kudeatzailea zena. Ana Grijalba kazetariak adierazi duenez, “ilusio berezia egiten zidan Irunen euskarazko proiektu batean lan egiteak”. Izan ere, 1996 urtetik 2014ra Iruneron lanean aritu zenak azaldu duenez, erronka zen Irunen euskarazko proiektua garatzea, erdaldun kopuru handia eta euskara galdu zutenena kontuan hartuta, askotan ez baitzen erraza euskaraz aritzeko solaskideak aurkitzea. Gainera, Irunen kasuan feedbacka jasotzea zaila dela aipatu du Anak, “beste herriekin alderatuta Irun pasiboagoa da, irakurleak ez baitira oso partehartzaileak”.

15. Irunero: 1996ko ekainean argitaratutako zenbakia, aldizkariaren 3. aroa hasi berritan (Iturria: Irungo Artxiboa).

Hirugarren aroa, 1996ko apirilean hasi eta 2012ko urtarrilera luzatu zena, Iruneroren etaparik luzeena izan zena. Ana Grijalbak azaldu duenez, “beti norbaitek Iruneron gustuko zerbait aurkitu behar zuenaren premisarekin lan egin genuen”.  Hala ere, tartean beste aldaketa batzuk gertatu ziren. Esaterako, krisialdi ekonomikoaren ondorioz dirulaguntzaren kopurua erdira murriztu zen. Gainera, aldizkari formatua izan arren, diseinu aldaketa gertatu zen. Bestetik, tiradak 3.500 alekoa izaten jarraitu zuen arren, harpidedunen garbiketa egin eta doako banaketa masiboari ekin zitzaion.

Ana Grijalbak adierazi duenez Irunero bezalako proiektu batek prentsa oharretatik aldentzeko beharra du, “informazioa beste nonbait topatzeko”. Iruneron kazetari izandako urteetan ikerketa lan txikiek poztasun handia eragin ziotela onartu du: “nire etxe ondoan txabola batean bizi zen gizon baten bizitza ezagutzea edo txatarra biltzen zuten errumaniarren bizimodua gertutik ikusteko aukera eman zidan kazetaritzak”. Hala ere, 2000. urteko testuinguru politiko nahasiaren saminak kazetaritzaren alde makurrena erakutsi ziola gogoratu du. Baina, “kazetaritza espirituak” aurrera egiten lagundu zion.

“Ilusio berezia egiten zidan Irunen euskarazko proiektu batean lan egiteak”

Ana Grijalba, Irunero aldizkariko kazetaria izandakoa

Orduko baliabideak ere guztiz bestelakoak ziren egungoekin alderatuta. Ana Grijalbak aipatu du hasieran kolaborazio batzuk posta bidez jasotzen zituztela, baita disketeetan ere. “Faxak txinpartak ateratzen zitueneko garaia ere ondo gogoratzen dut”, adierazi du Iruneron kazetari izandakoak. Aldizkariaren maketazioa eginez ere asko ikasi zuen Grijalbak, “diseinuak testuen estetikarekin jolasteko aukera ematen baitizu”.

Krisiak eragindako etena

↑ 202. Irunero: Etenaldiaren ostean, 4. aroaren hasierarekin
batera, 2013ko apirilean argitaratutako aldizkari berria (Iturria: Irungo Udalaren webgunea).

Krisialdi ekonomikoa zela medio, ordura arte Iruneroren kudeaketaz arduratzen zen enpresak, “Televisión del Bidasoak”,  porrot egin zuen eta udalak bertan behera utzi zuen subentzio hitzarmena. Ondorioz, Irunero aldizkaria kudeatzailerik gabe geratu zen. Etenak 2013ko apirilera arte iraun zuen, Irungo Udalak beste dirulaguntza deialdi bat egin zuen eta horrela hasi zen Irunero aldizkariaren laugarren aroa, Baseclick enpresaren eskuetan.

Aldaketa aipagarriak gertatu ziren orduan ere, aldizkaria hamabostekaria izatera pasa baitzen eta kostuak merkatzeko errotatiban inprimatzen hasi zen. Era berean, banaketa masiboa are gehiago zabaldu zen, nahiz eta oraindik harpidetzaren aukera eskaini. Horretaz gain, Irunero aldizkariaren webgunea eta Facebook kontua sortu ziren. Ana Grijalbaren hitzetan, “aro berri honetan Irunero jende gaztearengana hurbiltzeko ahalegin berezia egin zen, haientzako eduki berezia sortuz”.

Kudeatzaile aldaketa

303. Irunero: 2017ko ekainean, diseinua berritu ostean
argitaratutakoa, aldizkariaren 5. aroari hasiera emanez.

2016ko urtarrilean enpresa kudeatzailea ofizialki aldatu zen, 837 Comunicación y Publicidad enpresaren eskuetara pasaz. Joseba Arozenaren koordinaziopean eta Unai Oiartzun kazetari lanetan aritu zelarik, aldizkariak hamabostekari izaten jarraitu zuen tabloide formatua mantenduz, baina 2017an diseinu aldatu zen. Joseba Arozenak azaldu duenez, “Iruneroren digitalizazioari garrantzi handia eman genion, paperezko aldizkariaz ahaztu gabe”. Horrela, aldizkariaren webgunea maizago eguneratzen hasi ziren, sare sozial berrietan kontuak irekiz eta horiek edukiz elikatuz. Egun oraindik Iruneroren koordinatzaile denak aipatu du Irunero egiten hasi zirenetik Irungo elkarte eta merkatari guztiak aldizkariaren parte sentitzea nahi izan dutela, “beti nahi izan dugu Irunero  hiritar guztiontzako aldizkaria izatea”, adierazi du Joseba Arozenak. Harpidetzaren desagerpenarekin, banaketa masiboa erabiltzen da ordutik Irunero aldizkaria banatzeko.

“Beti nahi izan dugu Irunero hiritar guztiontzako aldizkaria izatea”

Joseba Arozena, Irunero aldizkariaren kudeatzailea

 

Hilabetekarirako itzulera

437. Irunero: 2023ko otsailean hilabetekari formatua
berreskuratu ostean argitaratutako lehen zenbakia, 6. aroari
hasiera emanez.

Iruneroren azken aldaketa nabarmena 2023ko otsailean gertatu zen. 837 Comunicación y Publicidad enpresa aldizkariaren kudeaketaz arduratzen da oraindik. Irunero, aldizkari formatua berreskuratzearekin batera, hilabetekaria izatera itzuli baitzen. Joseba Arozenaren zuzendaritzapean, Ainara Berges kazetaria arduratzen da Irunero edukiz betetzeaz eta Maialen Sayansek ematen dio azken ukitua maketazioarekin. Ainara Bergesek, Irunero aldizkariko kazetariak adierazi duenez, “formatu aldaketa diseinu aldaketaren eskutik etorri zen, garai berrietara egokitzeko beharrak hala eskatuta”. Aldaketak izandako harrera onak agerian uzten du horien beharra. “Kazetaritza ere aldaketa etengabean dagoen zerbait dela ulertzen dugu, beraz, Irunero garai berriek dakartzaten erronketara egokitzeko prest egon behar dugu”, gaineratu du Ainara Bergesek.

“Komunikatzeko modua asko aldatu da azken urteetan, beraz, komunikabideei ezinezkoa zaie multimedia izaeratik aldentzea”

Ainara Berges, Irunero aldizkariko kazetaria egun

Era berean, azken aro honetan, gainontzeko komunikabideetan gertatu moduan, webgunea eta, batez ere, sare sozialak asko indartu dira, egunero gaurkotasunezko eduki laburrak partekatzeko erabiltzen direlarik. Era berean, azken urteetan zehar genero berdintasunaren lanketan arreta handia jarri da, hedabideek zeregin horretan duten arduraz jabetuta.

“Komunikatzeko modua asko aldatu da azken urteetan, beraz, komunikabideei ezinezkoa zaie multimedia izaeratik aldentzea”, adierazi du Ainara Bergesek. Dena den, kazetariak adierazi duenez, horren gainetik kalitateari lehentasuna ematea funtsezkoa da iparra ez galtzeko: “Nondik gatozen begiratzeak, etorkizunerako norabidea markatzen laguntzeko balio dezake”. Izan ere, hori da Irunero aldizkariak etorkizunera begira duen erronka: sustraiei irmotasunez eutsiz, adar berriak sortzea, Irunero aldizkariaren proiektuari hazten eta garatzen jarraitzeko aukera emango diotenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude