Euskal Ligako bigarren fasea hasiko du Biok Txingudik larunbatean

Argazkia: Zaisa Txingudiren La Unica Bren aurka (Egilea: Fermin Garaioa)

Txingudi Errugbi Klubaren emakumezkoen taldeak Gasteizen hasiko du Euskadiko Kopa irabazteko lehia larunbatean 15:00etatik aurrera. Zaisa Txingudik norgehiagoka zaila jokatuko du Uni Bilbaoren aurka Plaiaundin larunbatean 16:00etan.

Merezitako atsedena hartu ondoren, Txingudiren senior taldeek partida Euskal ligen azken txanpa hasiko dute asteburu honetan. Jokatzen lehena emakumezkoen taldea izango da, Gasteizko Gamarra zelaian Gaztediren bigarren taldearen aurka. Partida hau ligako bigarren fasea irekiko du bi taldeentzat. Aurtengo egituraketa dela-eta, lehen faseko lehenengo sei sailkatuek A multzoa osatu dute, non Euskadiko Txapelketa eta estatuko Ohorezko B mailara igotzea izango dute jokoan. B multzora beste zazpi taldeak sailkatu dira, Biok Txingudi haien artean izanik, eta Euskadiko Kopa izango dute jokoan.

Lehenengo faseko partidan, mugakoek garaipen sendoa lortu zuten Plaiaundin, 39-0 irabaziz, baina gasteiztarrek ez zieten lana erraztu. Oraingoan, etxetik kanpo, beltz eta Zuriek aparteko esfortzua egin beharko dute helburua gerturatuko dien garaipena lortzeko. Lehiaketaren bigarren zatia gogoz hasi nahi du taldeak debutaren denboraldia modurik onenean amaitzeko.

Zaisa Txingudi etxean

Plaiaundi gotorleku du Zaisa Txingudik. Etxean jokatutako bost jardunaldietan, lau garaipen eta berdinketa bat lortu ditu taldeak. Bolada hori eteten saiatuko da sailkapenean Txingudiren gainetik dagoen taldea, hain zuzen ere. Uni Bilbo Ck 38 puntu lortu ditu orain arte jokatutako hamar partidetan, zortzi garaipen eta bi porrot eskuratuz. Camareroren mutilek, aldiz, 28 puntu eskuratu dituzte sei garaipen, berdinketa bat eta hiru porrot izan ondoren. Bilbon azaroan jokatutako joaneko partidan, mugakoek lan txukuna egin zuten, baina ezin izan zuten etxekoak garaitu. Iñigo Camarerok entrenatutako taldeak ezinbestekoa du puntuak lortzea igoera play-offera sarbidea ematen duen bigarren postura gerturatzeko.

Gazteen asteburuko hitzorduak

Senior taldeez gain, Txingudiren sub 18, sub 16 eta sub 14 taldeak ere martxan izango dira larunbat honetan. 18 urtez azpikoak 12:00etan jokatuko dute Plaiaundin Riojaren aurka.

Gabiria Txingudi/Baztan sub 16ak Lekarozen jokatuko du Zarautz/Beltzaken aurka eta sub 14ak Iruñera bidaiatu beharko dute ligako bigarren fasea Iruña Rugby Clubaren aurka jokatzeko.

Euskadi eta Gipuzkoako selekzioekin

Txingudiren harrobiko kideek selekzioetarako deialdi berriak jaso dituzte egun hauetan; Helene Tristanek, pasa den larunbatean Elorrion, emakumezkoen Euskadi sub 16rekin bere bigarren partida jokatu zuen Valentziar erkidegoaren aurka.

Aste honetan, berriz, sub 18ko bi jokalari izan dira deituak, Axier Bravo eta Julen Etxeberria, Gipuzkoako zazpiko errugbiko selekzioan.

Klubetik deialdi hauengatik pozik eta harro sentitzen direla adierazi dute eta jokalariei lan arrakastatsua izan dezaten opa diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude