Porrota eta garaipena Biok Txingudi eta Zaisa Txingudi taldeentzat hurrenez hurren

Argazkiak: Zaisa Txingudi eta Zarautz B/Beltzaken arteko partida (Egilea: Olatz Arrieta).

Biok Txingudik ondo aritu da ligako lehenengo faseko azkeneko partidan, 5-24 galdu badu ere. Zaisa Txingudik kostata lortu ditu puntuak Zarautz B/Beltzaken aurka (22-15). Klubean kategoria baxuagoetan dabiltzan taldeei ere garaipenek ihes egin diete asteburu honetan jokatutako partidetan.

Neskak merezitako garaipenik gabe

Euripean eta haize bolada handiekin aritu behar izan dira Txingudi eta Bera Bera/Ordiziako jokalariak Plaiaundin jokatutako norgehiagokan. Hasiera berdindua izan bada ere, etxekoek bere hogeita biko eremuan defentsan aritu behar izan dira. Honela, 9. minutuan, azkar ateratako zigor kolpe baten ondoren, bisitarien lehenengo puntuak iritsi dira eraldatutako entsegu batekin (0-7). Markagailua irauli nahian lanean jarri dira segidan mugakoak eta, aurkariek erasoak behin eta berriz gelditzen jakin badute ere, Miren Fernandezek entsegu-eremura iristeko aukera ez du alferrik galdu (5-7).

Atsedenaldiaren ondoren, Bera Bera/Ordiziako jokalarien esperientzia gailentzen joan da jokoaren fase ezberdinetan eta metroak irabazten joan dira Plaiaundikoen erasoak gelditu dituzten bitartean. Azkeneko hogei minutuetan etxekoen defentsan zuloak agertzen hasi dira eta bisitariek markagailuan aldea handitzen joan dira. 60, 67 eta 75 minutuetan lortutako hiru entseguekin eta 60 minutuko eraldaketarekin, 5 eta 24 emaitzarekin amaitu da norgehiagoka.

Saioa Gartzia, Gaxi Famoso, Maren Santa Cruz, Zumendi Caro, Maier Aia, Lohitzun Aia, Miren Fernandez, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Leire Muñoz, Enara Arruti, Laida Rodriguez, Naroa de la Fuente, Onintza Burgera, Aitana Garrido eta Paola Vegak osatu dute Biok Txingudiren hasiera hamabostekoa. Aulkitik atera dira Lucia Duran, Lupe Pescador, Gaia Morris eta Maddi Garmendia. Epailea Julien Le Gall izan da.

Gaurko partidaren ondoren, Biok Txingudik Euskadiko emakumezkoen ligako lehenengo fasea zazpigarren postuan amaitu du 11 partidatik 4 irabazita, 5 bonus punturekin eta, ondorioz, 21 punturekin. Bigarren fasearen egutegia datorren astean jakingo du, baina ziur badakite Asier Gonzalezek entrenatutako jokalariek B multzoan izango direla Sarako Izarra, Mungia eta Getxoko Neskak Loratzen, Arrasate/Eibar B, Rioja eta Iruñarekin batera. Emakumezkoen errugbia sustatzeko multzoa izango denez, talde berriek izena eman dezakete bigarren fase honetan.

Mutilak Plaiaundin jaun eta jabe

Oso kontzentratuta hasi dute partida beltz eta zuriek, baina defentsa-lerro sendoa aurkitu dute aurrean. Puntuak lortzeko lehenengo saiakerak zapuztu dituzte Lasarteko jokalariek, baina, hasi eta 9 minutuetara, Adur Manterolak zigor-kolpe bat gauzatzea lortu du (3-0). Minutu batzuk geroago, melé batetik irten ondoren, hiru laurdenek hainbat pase lotu dituzte Unax Dominguezek entsegua lortu duen arte. Adur Manterolak hogeita hamar metrotik eraldaketa gauzatzea lortu du (10-0). Erasoan jarraitu dute bidasoarrak eta, 27. minutuan, Roman Solisek defentsa zulatzea lortu du bost puntu gehiago lortzeko (15-0).

Hortik aurrera, Zaisa Txingudiren jokoak behera egin du eta Beltzakek iniziatiba hartu du. Atsedenaldira iristeko une batzuk baino geratzen ez zirenean, bisitarien lehenengo marka iritsi da (15-5).

Bigarren zatia lehenengoaren amaieraren antzera hasi da eta diziplina gabeziaren mamuak agertu zaizkio Txingudiri. 47. minutuan, Julen Iglesiasek aldi baterako kaleratzea jaso du bisitariek puntuak lortzeko aprobetxatu duten jokaldi batean (15-10). Hamar minutu geroago, berdinketa iritsi da eta egindako lana pikutara bidaltzeko arriskuak etxekoak larritu ditu (15-15).

Txingudiko jokalariak erasora atera dira, baina nekeak eta urduritasunak izan dituzten hainbat aukerei etekina ateratzea galarazi diete. Zigor kolpe bat eskura jokatu ondoren, aurrelariek entsegu-marra gainditzea lortu dute Julen Iglesiasek entsegua lortzeko. Manterolak, berriz ere, oso urrutitik ostikatutako eraldaketa lortu du 22 eta 15ekoa lortzeko.

Azkeneko aukeretatik ez du punturik atera Txingudik eta topaketa 22-15 amaitu da, 4 puntu emanez etxekoei eta bonus puntu 1 kanpokoei. Honela, Zaisa Txingudi indartsu mantentzen da hirugarren postuan Uni Bilbo C bigarren sailkatutik 5 puntura. Izan ere, Bilbotarren aurka izango da Camareroren jokalarien hurrengo norgehiagoka martxoaren 2an.

Xabi Sánchez, Aitor Asurmendi, Aritz Rodriguez, Hodei Guerrero, Jon Mediavilla, Julen Iglesias, Javi Paredes, Asier Gonzalez, Ioritz Franco, Carlos Lora (kapitaina), David Miguel, Roman Solis, Ekain Hiribarren, Unax Dominguez eta Adur Manterolak osatu dute Iñigo Camarerok zelairatutako hamabostekoa. Jenö Kocsis, Andoni Quiñones, Mikel Genua, Carlos Perez, Iñaki Lantxo eta Jon Sanchez aulkian hasi dira. Juan Luis Diaz Peñak epaitu du norgehiagoka.

Beheko mailetan garaipenik gabe

Txingudi/Bera Bera 18urte azpikoek ezin izan du emaitza positiborik lortu Bilbora eginiko bisitan. Lehenengo zatia kaxkarra izan dute 36 puntu jasoz, baina bigarrenean eginiko joko onak ezin izan du markagailua irauli. 46 eta 8 amaitu dute norgehiagoka.

Gabiria Txingudi/Baztan 16 urte azpikoak, aldiz, oso partida berdindua jokatu du Arrasate/Elorrioren aurka. 33. minutuan aurreratu dira bisitariak, baina etxekoek emaitzari buelta ematea lortu dute beste bi markekin. 10 eta 5ekoarekin, bonus puntu bat gehitu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude