Ostomila konpainiak txotxongiloen izpiritua eta artea zabaltzen jarraitzen du

Argazkia: Estudio Gover

Ostomila konpainia irundarrak txotxongiloak lantzeko eta zabaltzeko izpirituari eusten dio. Adierazpen artistikoaren forma bat izateaz gainera, Ruben Mejutoren eta Zoa Tamara Cuellarren bizimodua dira. Elkar ezagutu ostean, tandem bat osatu eta munduan barrena mugitzen dira beraien istorioak leku urrunenetara eramateko.

2015ean elkartu ziren bi artista hauen bideak. Urte horretan Ruben Mejutok Nikaraguarako bidaia bat egin zuen eta bertan ezagutu zuen Tamara. Ruben Mejutok onartu duenez, “ez dakit nola iritsi nintzen bere etxera, baina bertan emanaldi bat prestatzen ari ziren musikari, artista, zirku artista eta txotxongilariekin topo egin nuen”. Ruben betidanik egon da musikaren munduarekin lotua. Tamararen etxean UNESCOk gizarte ondare immaterial gisa errekonozitutako “El Gueguense” obraren prestaketa lanen lekuko izan zen eta hori izan zen txotxongiloekin izandako lehen harreman estua.

Tamara Cuellar berriz txotxongiloz inguratua bizi izan da beti, nahiz eta 18 urteak bete arte ez zitzaion txotxongiloekiko interesa piztu. Horrela erabaki zuen Kuban arte eszenikoekin lotutako Kritika eta Antzerki Ikerketak ikastea. Nikaraguara itzultzerakoan bere proiektu pertsonala gurasoen txotxongilo proiektuarekin tartekatu zuen Ruben ezagutu zuen arte.
Elkarrekin bi hilabete egin ostean, txotxongilo emanaldiak egiteko proiektua sortzen hasi ziren. Hasiera batean Rubenek pianoa jotzen zuen bitartean Tamara antzezle lanetan aritzen zen bakarrik. Tamara Cuellarrek azaldu duenez, Ruben oso pertsona urduria da eta pixkanaka ikuskizunetan txotxongiloak lapurtzen hasi zen eta bere kontura inprobisazioaren bat egiten. “2016tik aurrera, proiektua formalizatu genuen, eta bien artean zerbait berria sortu genuen”, adierazi du Tamarak.

Sakrifizioaren edertasuna
Txotxongilolaria izatea ordea, ez da hautu erraza. Tamara Cuellarren hitzetan, “ez dut uste edonor txotxogilolari izan daitekeenik, izan ere, arte eszenikoen artean okerren baloratutakoa da”. Izan ere, txotxongilolari nikaraguarrak azaldu duenez jendeak ez dio txotxongilogintzari merezi duen garrantzia aitortzen. Txotxongiloekin beste arte motekin gertatzen ez den urrunketa bat gertatzen da. “Txotxogiloek gauzak zure ordez esaten dituzte, ez zara zu zuzenean hitz egiten duena”, azaldu du Tamarak. Betidanik txotxongiloak oso teknika politizatua izan dira eta horrela azaltzen du Cuellarrek txotxongiloek eta txotxongilolariek historian zehar jasandako zentsura.

Ruben Mejutok ere perspektiba historikotik hitz eginez botereari egindako burlari lotua ikusten du txotxongiloen mundua. Horretaz gain, antzerki tradizionala iritsi ez den lekuetara iristeko gaitasuna ikusten die Mejutok txotxongiloei. “Antzoki nagusietan obra handiak antzezten diren bitartean, txotxongilolariek antzezpen beraren interpretazio bat eraman dezakete auzo txiroetako kaletara zein plazetara”. Funtsean, jende txiroari kulturaz gozatzeko aukera ematen die.

Hau guztia gutxi balitz, txotxongiloek publiko guztietara iristeko aukera ematen dutela azaldu du Tamara Cuellarrek. Txotxogilolariak azaldu duenez: “haurrentzako funtzioak egin arren, helduentzako mezuak eta ideiak txertatzen ditugu gure ikuskizunetan”. Beraz, ikuskizunetan haur zein helduek kulturaz gozaraztea lortzen du Ostomila taldeak. Tamara Cuellarrek plazetan eta kaleetan egiten diren emanaldiak bereziki atsegin dituela onartu du, oso dibertigarria baita eta barre asko eragiten baitu. “Txotxongiloak kalera ateratzen dituzunean kultura askotan iristen ez den lekuetara ailegatzea lortzen duzu”, erantsi du nikaraguar artistak.

Dena dela, txotxongilolari izateak ardura eta jakin beharreko asko dakartza karguarekin batera. Oro har, txotxongilolariak denetatik jakin behar du apur bat emanaldiak aurrera atera ahal izateko, ez soilik antzezpenaz. Ia egunero, funtzioen aurretik edo ostean, margolari, dekoratzaile, gidoilari, jostun, argi eta soinu teknikari, komertzial eta ikus-entzunezkoen arduradun lanak egin behar dira, tartean suertatu daitezkeen ezustekoez gain. Ruben Mejutok aipatu duenez, “txotxongilo ikuskizun bat ikusten duzunean % 5a ikusten duzu bakarrik, gainontzeko guztia ere egin egin behar da”. Dena dela, Gipuzkoan esaterako ez dago txotxongilo talde askorik, beraz, gogor lan eginez gero funtzioak lortzeko aukera asko dago bestelako artistekin alderatuta.

Haurren zintzotasuna
Txotxongilo emanaldietan haurrak dira ordea publiko zintzoena. Ruben Mejutok adierazi duenez, haurrek ikuskizuna gustuko badute adi-adi ikusiko dituzu, bestela ez dute ezinegona edo asperdura agerian uzteko arazorik izango. Era berean, Tamarak azaldu du publiko txikiaren artean jarrera guztiz ezberdina dela herrialdearen arabera. Nikaraguar artistaren hitzetan, “hemen egiten ditugun emanaldietan haurrak geldirik egon ohi dira eta gurasoek ez diete ezer ukitzen edo hemendik hara ibiltzen uzten”. Latinoamerikan egiten dituzten emanaldien giroa guztiz bestelakoa izan ohi da. “Haurrak solteago dabiltza orokorrean, gurasoen hainbesteko kontrolik gabe eta beraz emanaldi baten erdian edozer gerta daiteke”, gaineratu du artistak.

Formatu txikian eta euskaraz
Munduan barrena ibilita ere, Ostomilako taldeak irmoki eusten dio euskara eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoari. Ruben Mejutok haurrentzat kalitatezko euskarazko edukiak sortzeak duen garrantzia azpimarratu du: “ikus-entzunezkoen munduan dena dago gazteleraz eta guri kosta egiten zaigu gure alabentzako euskarazko edukiak topatzea”. Horregatik, jende euskalduna euskarazko edukiak sortzera animatu du, udaletan zein instituzioetan horrelako produktuen eskari handia dagoela baieztatuz.

Ostomilak aurten txotxongiloak euskal eremuko herri txikietara eramateko proiektua garatuko du. Tamara Cuellarrek aipatu duenez, “herrietara iristeko ahalegin berezia egingo dugu, beraiek ere eskaintza kulturala eskura izatea merezi dutelako”. Dagoeneko lortu dituzte 13 herritan emanaldiak, adibidez Aia, Aduna, Ormaiztegi eta Berastegin. “Antzerki konpainia handiek aurrekontu garestiagoak eskatzen dituzte, baina guretzat herri txikietan egin ohi zaigun harrera onak bikoitza balio du”, adierazi du Cuellarrek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude