Lapurriturriko informazio-puntuaren denboraldia amaituta, Irungo Udalak Aiako Harriko naturagunean sustatzen duen instalazio horren jardunaren balantzea egin du Garapen Jasangarriko arloak.
2022. urte honetan, zentroa zabalik egon da Aste Santuko jaiegunetan eta ekainean, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Guztira, 45 egun. Arreta-ordutegia ohikoa izan da: asteburuetan, larunbat eta igandeetan, jaiegun eta jai-bezperetan zubia baldin bada, 10:00etatik 14:00etara. Erlaitzeko zelaietan kokatzen da Lapurriturri, eta naturagunearen bista ederrak ikusten dira bertatik. Hori dela eta, irundar eta kanpotar ugari joaten dira bertara urte osoan zehar.
2022an guztira, 1.126 bisitari izan ditu informazio-puntuak; batez beste, 25 bisita egunean. Iaz Lapurriturrira bertaratu zirenen kopurutik gertu dago datua, 1.188 bisita izan baitziren. Udalak eskaintzen duen baliabide honek mendizaleen kontsulta espezifikoei erantzuten zaie; aurten 389 informazio-eskaera jaso dira alor horretan.
Parkeari buruzko informazioa emateaz gain, informazio-puntu hau ez litzateke ulertuko, aldizka txangoak eta irteerak programatuko ez balira. Lapurriturriren arrakastaren funtsezko parte dira, eta horien helburua da familian naturaz gozatu ahal izatea eta gure inguruko florari eta faunari buruz ikastea. Horrela, txangoak eta irteerak antolatzen ditu informazio-puntuak, gidari baten eskutik Aiako Harriko naturagunea definitzen duten ezaugarri guztiak ezagutzeko.
2022an, 6 jarduera antolatu dira informazio-puntutik. Meatzaritzari buruzko irteera bat egin zen, eta perretxikoei eta onddoei buruzko beste bat. Izarrak ikusteko eta hegaztiak behatzeko bi jarduera antolatu ziren, baita familientzako txango bat ere. Azkenik, elkarlanean mural bat margotu zen. Guztira ehun bat lagunek parte hartu zuten irtenaldi horietan.