Irungo Udalak barneko lan-mahai bat sortu du, jasangarritasun energetikoaren alorrean ekintza guztien jarraipena eta koordinazioa egiteko
Jose Antonio Santano Irungo alkatea buru zela, joan den asteazkenean, urriaren 28an bildu zen lehen aldiz Irungo Udaleko Jasangarritasun Energetikorako Batzordea. Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren Legean jasota dago hori sortzea, eta beste urrats bat da udalak garapen jasangarriarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoaren barruan.
Borja Olazabal ordezkariak azaldu duenez, “Udal barruko lan-organo bat izango da, eta udalaren estrategia energetikoaren helburuak betetzen laguntzen duten jardueren jarraipena egingo du. Bultzatzen ari garen eta guztion artean hiri jasangarriago bat lortzea helburu duten ekimen guztiak sartuko dira bertan, hain zuzen ere Nazio Batuek ezarri duten Garapen Jasangarrirako ezarritako Helburuetako bat baita. Irunen hainbat gai aipatu ziren, besteak beste, oinezkoei eta bizikletariei eremu gehiago irekitzeko mugikortasun-programak eta baita energia-eraginkortasunaren alorrean establezimenduek aurrera egin dezaten ematen diren laguntzak ere”.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak; Hiri Garapen, Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariek, eta Garapen Jasangarriko eta Mugikortasun, Udaltzaingo, Obra eta Bide Publikoko ordezkariek osatzen dute batzorde hori. Eta gainera, arlo horietako arduradun teknikoak eta Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko ordezkariak ere bertaratzen dira. Hiru hilean behin bilduko da batzordea.
Batzordearen helburua izango da koordinazioa indartzea arloen artean eta administrazio bakoitzeko erakundeen artean, legeak ezartzen dituen helburu eta betebeharrak lortzen laguntzeko jarduerak gauzatze aldera. Batzordearen eginkizunen artean dago, besteak beste, eraikinen, instalazioen eta ibilgailuen inbentarioa onetsi dadin proposatzea, Udalaren Energia Jarduketarako Planaren berri ematea edo beste euskal administrazio publiko batzuekin lankidetzan eta elkarlanean aritzeko irizpideak ezartzea energia aurreztearen eta efizientziaren alorrean.
Mahai hori osatzea Udalaren barneko lanean mugarri garrantzitsua baldin bada, kanpora begira eta herritarrei begira, Jasangarritasun Energetikoaren Aldeko Partaidetza Batzordea sortzea izango da hurrengo geltokia, eta hain zuzen, urriko osoko bilkuran bozkatuko da gaia.