Irun Espainiako Itzuliaren abiapuntu izan zen urriaren 20an. 75. Espainiako Itzuliaren hasierako ibilbide neutralizatuak hiriko txoko adierazgarrienetatik igaro zen eguerdiko 12:55etatik aurrera, ondoren, atzerapen apur batekin 13:19etan abiadazko irteera egiteko.
Espainiako Itzulia Irundik abiatu aurreko egunetan txirrindularitzaren munduko hitzordu nazional garrantzitsuena Ficoba erakustazokako bazter guztien jabe egin zen. Horrela, urriaren 20an pelotoia Ficobako lautadatik abiatu eta ibilbide neutralizatuaren barnean Colón pasealekua, Santiago kalea, Junkaleko eliza, Urdanibia eta San Juan plaza eta Kale Nagusitik igaro zen.
Irundik abiatu eta Arrateko Santutegian izan zuen 2020ko Espainiako Itzuliaren lehen etapak helmuga. Jumbo-Visma taldeko Primoz Roglic, Espainiako Itzuliaren aurreko edizioko irabazlea, izan zen etaparen 173 kilometroak zeharkatu eta Arrateko gainera iristen lehena. Roglic-ek helmugara iristeko 1,2 kilometro falta zirenean hasi zuen etapako garaile izateko erasoa. Hortaz, Esloveniako txirrindularia izan zen 2020ko Espainiako Itzuliaren garailearen elastiko gorria janzten lehenea.
Roglicen atzetik, Team INEOS taldeko Richard Carapaz eta Israel Start Up Nation taldeko Daniel Martin izan ziren helmugara iritsi ziren hurrengo txirrindulariak. Horrela, mendia protagonista izaten ari da Espainiako Itzuliaren 1. etapatik, izan ere, pelotoia etaparen bigarren erdian Udana (3.), Kanpazar (3.) eta Elgetako (3.) gainetara igo baitzen 7 kilometroko luzera duen Eibarreko gainera igo aurretik.
Lekuko aldaketa
Lasterketaren lehen etapa hasi baino ordubete lehenago, Irungo udaletxeko Kapitulu Gelan 2021eko Espainiako Itzuliaren abiapuntuaren izango den Burgos hiriari lekukoa emateko ekitaldia egin zen. Edukiera murriztuko ekitaldian Irene Lozano Kirol Kontseilu Nagusiko Lehendakariak, José Antonio Santano Irungo alkateak, Daniel de la Rosa Villahoz Burgoseko alkateak, Fidel Herráez Burgoseko artzapezpikuak eta Javier Guillén Espainiako Itzuliko zuzendari orokorrak parte hartu zuten.
Ekitaldian Irungo Udalak Burgoseko ordezkariei 76. Espainiako Itzulia antolatzeko lekukoa eman zion. Izan ere, 2021. urtean 800 urte beteko dira Burgoseko Katedralaren eraikuntza lanak hasi zirenetik eta arrazoi horregatik Burgos datorren urteko Espainiako Itzuliaren abiapuntu izateko aukeratua izan da.
Argazkiak: Estudio Gover.