Irun Itzuliaren abiapuntua izango da

Irungo Udalaren webgunean kirol probarekin lotutako informazioa biltzeko atal berezia sortu da

Irun urriaren 20an Espainiako Itzuliaren 75. edizioaren abiapuntua izango da. Ficobatik Gaintxurizketara, txirrindulariek hiriko lekurik bereizgarrienak zeharkatuko dituzte, 8 kilometroko ibilbide batean barrena. Hiria kirol hitzordu garrantzitsu honen abiapuntu izateko prestatzen ari da.

Hasiera batean, Espainiako Itzuliaren lehen hiru etapak Herbehereetako bi eskualderen artean jokatzekoak ziren, Utrecht eta Ipar Brabante arten. Hasierako plangintzaren arabera Irun 4. etaparen abiapuntu izan behar zen abuztuaren 18an. Pandemiarne ondorioz lehen ideia hori baztertu ostean, Euskaditik egingo da azkenean Itzuliaren irteera. Hain zuzen ere, ia 5 hamarkada dira Espainiako Itzulia Euskadin hasten ez zela.

Kiko García Espainiako Itzuliko kirol zuzendari eta zuzendari teknikoak azaldu duenez, Itzuliko antolakuntzak Frantziako Tourraren adibidea jarraituz antolatu du urriaren 20an Irunen abituko den kirol probaren edizio ezohikoa. Kiko Gacíak adierazi duenez, “Itzulia etapa ezohiko batekin hasiko da 1. etapa gain bat igotzen amaitzea normalean gertatzen ez den zerbait delako”. Ondorioz, parte-hartzaileak sasoi onean iritsi beharko dira probaren hasierara, lehen egunetik bidean erronka handiak aurkituko baitituzte. Izan ere, Itzuliaren 75. edizioan, 35 urteren ostean, lehen aldiz probak 21 etapa baino gutxiago izango ditu, hau da, aurten guztira 18 etapa antolatu dira.

Lehenengo etapak Irun eta Eibarreko Arrateko santutegia lotuko ditu 169,5 kilometroko ibilbide baten bitartez. Horrela irteera neutralizatua hiriko kaleetan barrena egingo da, hiriko leku eta kale bereizgarrienak zeharkatuz. Udal Kirol ordezkaria den Borja Olazabalek adierazi duenez, “Espainiako Itzuliko abiapuntua izatea oso kirol ekitaldi garrantzitsua da, eta maila guztietan eragina du”. Txirrindulariek inguru-menditsuarekin lehen kontaktua izango dute lehenengo etapa honetan, Karabietako portua (2.) eta Arrateko gainaren (2.) igoerarekin. Igoera gogorregiak izan ez arren, pelotoiaren sailkapen orokorrean lehen desberdintasunak markatzeko balioko du.

Itzulia hirian barrena
Ficobatik Gaintxurizketara, txirrindulariek Irun zeharkatuko dute, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, 8 kilometroko ibilbide batean barrena. Erakustazokatik atera, eta, saihesbidetik, Plaiaundiko parke ekologikoan barrena, Zubi-Muxuraino joango dira. Han, Hondarribia kaletik sartuko dira, eta, Colón ibilbide osoan barrena, Iparralde Etorbide aldera joko dute, eta, gero, Santiago aldera; alegia, Irunen erromatar iraganaren hondarrak dauden auzora.

Ondoren, Alde Zahar osoan barrena ibiliko dira: Urdanibia plazatik, San Martzial karrikatik, San Juan plazatik, udaletxearen ondotik, San Juan Harria zutabe historikotik eta, azkenik, harzola osoa igo eta gero, Karrika Nagusitik pasatuko da tropela. Han, Elizatxo hiribidea hartuko du, eta, azkenean, hiritik aterako da, Arretxe gainetik. “Trazatzen genuen ibilbideak gure ondare historiko kulturalaren barruko ahalik eta mugarri bereizgarri gehien bil zitzan saiatu gara”, erantsi du Kirol ordezkariak.

Itzulia girotzeko lehiaketak
Itzulia Irundik abiatu aurreko egunetan hiria girotzeko Irungo Udalak sare sozialen bitartez egingo den lehiaketa proposatu du. Saria Itzuliaren irteera Ficobatik zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko duten bi sarrera izango dira. Zozketan parte hartzeko ibilbideko punturen batean edo Itzuliko banderatxoekin argazki bat atera, #IrunBueltanDa traolarekin partekatu Twitter edo Instagramen eta @Irun_informa kontua publikazioan aipatu beharko da. Argazkiak urriaren 13tik 17ra partekatu beharko dira eta irabazleak urriaren 19an goizean jakinaraziko dira.

Era berean, Irungo 10 merkatari eta ostalarik osatutako taldea Itzualiaren inguruko beste lehiaketa bat antolatzen ari dira. Lehiaketa honek berriz, bi sari mota izango ditu. Batetik, dendari edo ostalari bakoitzak haien negozioekin loturik zozketara egindako ekarpena eta, bestetik, lehiaketako sari orokorra izango dena, Ciclos Artiaren bizikleta bat. Bigarren lehiaketa honetan parte hartzeko jarraibideak Papperino, Marrubi, El Muro, Ekialde, El Chico de los cartuchos, De Perita fruta-denda, 22Academy, A pedir de boca eta Overflod-ek Instagramen dauzkaten kontuetan ikusgai egongo dira.

Proba zifretan
Espainiako Itzuliaren hasiera dela eta, Irunera 2.500 pertsona inguru iritsiko direla aurreikusten da. Zehazki, 176 kirolarik parte hartuko dute kirol proba honetan, 8 txirrindulariz osatutako 22 talde. Zifra horri Itzuliko lan-taldea eta ekipo ezberdinak osatzen dituzten 500 profesionalak batu behar zaizkio. Gainera, jada nazioarte mailako 1.000 kazetarik baino gehiagok probaren estaldura egiteko akreditazioa eskatu dute. 2020ko Itzuliak 2.881 kilometro izango ditu guztira eta bi herrialdeetatik igaroko dira kirolariak, Espainia eta Frantzia. Osasun krisialdia iritsi aurretik Itzuliaren edizio internazionalena antolatzea pentsatzen zen, proba Holanda eta Portugaleraino zabalduz, baina, azkenean ezinezkoa izan da helburu hori errealitate bihurtzea. Bestalde, Covid-19a dela eta, osasun arloko 20 profesionalek, 5 anbulantziak eta 4 mediku kotxek Itzulia gertutik jarraituko dute ibilbide osoan zehar.

Ficoba abiapuntu
Irungo erakustazoka Irteerako bulego iraunkorra eta probaren antolakuntzarako beharrezkoa den azpiegitura logistikoa kokatzeko hautatu da. Hortaz gain, taldeen auto eta autobusak bertan elkartuko dira. Gainera, ibilbide neutralizatuaren hasiera Ficobatik egingo denez, bertan kokatuko da sinaduren kontrola. Taldeak urriaren 17tik aurrera iritsiko dira Ficobako instalakuntzetara eta lasterketaren hasiera iritsi arte, Itzuliaren inguruan antolatutako ekintza eta bilera ugari izango dituzte. Era berean, urriaren 18tik aurrera “lasterketako burbuila” osatuko duten kirolari eta profesional guztiei PCR probak egingo zaizkie.

Trafikoan aldaketak
Hirian zehar egingo den ibilbidearen ondorioz, eguerdiko 12:05etatik 13:30etara hiritik barrena mugitzea saihestea eskatzen da, nahiz eta itxitako kaleak lasterketa igaro ahala irekiko diren. Aparkalekuei dagokienez, Santiago auzoko zenbait kaleetan aparkalekuak kendu eta Stadium Galeko inguruak 5. guneko TAO txartela duten ibilgailuentzat egokituko dira urriaren 18ko goizeko 9:00etatik urriaren 20ko arratsaldeko 15:00ak arte. Hortaz gain, urriaren 20ean Itzulia irten bitartean ezinbestekoak diren hiriko sarrera eta irteerak Behobiatik egitea aholkatzen da. Era berean, udaletik hiriko eta hiriarteko autobusen zerbitzuan aldaketak izango direla aurreikusten da. Trafiko mozketekin lotutako informazio gaurkotu guztia udal webgunearen bitartez kontsultatu ahalko da probaren hasieraren aurreko egunetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude