Normaltasun berriaren bigarren zatia

Konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartu ostean, aldaketa nabariak gertatu dira Irunen. Pixkanaka hiritarrek askatasun sentsazioa berreskuratu eta osasun krisialdia mundu mailan zabaldu aurreko errealitatera hurbilduz doaz. Normaltasun berriaren atarian, ordea, segurtasun neurri bereziak errespetatu eta pertsonen arteko distantziak mantentzea ezinbesteko baldintzak dira, denbora luzez gizartean indarrean jarraituko dutenak.

Maiatzaren 25an sartu zen Irun konfinamendua arin- tzeko bigarren fasean. Baimendutako ekintza berrien artean pertsonen mugikortasuna mugatzen zuten ordutegi-tarteen desagerpena izan da aldaketa nagusia. Izan ere, goizeko 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldeetan 19:00etatik 20:00etara mantentzen dira soilik 70 urtetik gorako adineko pertsona eta arrisku taldeentzako lehentasunezko denbora tarteak.

Maiatzaren 15ean Irungo udalak San Pedro eta San Martzial jaietako ekitaldi instituzionalak bertan behera gelditzen zirela iragarri zuen. Bigarren fasean zehar etxean zein gune itxietan egiten diren pertsonen arteko bileretan 15 pertsona elkartu ahalko dira gehienez. Hortaz gain, adineko egoitza edo antzeko ezaugarriak dauzkaten zentroetan bisitak egiteko aukera dago berriro. Era berean, gizarte prestazioak eskaintzen dituzten zentroek jarduera berreskuratu dute. Adibidez, Iraso zein Luis Mariano zentro sozialetan ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak eskaintzen hasiko dira.

Kalean, berriz, pertsonen arteko distantzia mantentzea errazteko, hiriko zenbait kale egokitu dira espaloiak era probisionalean zabalduz, adibidez, Letxunborro hiribidean, Colón pasealekuan, Behobiako bidegorrian edo San Miguel zein Pio XII. inguruan. TAO zerbitzua, berriz, maiatzaren 25etik indarrean dago. Gainera, hiriko erdiguneko errepideetan bizikletaren erabilera sustatu eta babesteko marka berriak ipini dira.

Ostalaritza eta merkataritza
Ostalaritza establezimenduetan terrazen gehienezko edukiera %50era zabaltzeaz gainera, establezimenduetako barneko espazioak ere %50eko edukierarekin zabaltzeko aukera izango dute. Era berean, elkarte gastronomikoak ostalaritzarentzat ezarritako edukiera eta segurtasun neurri berdinak errespetatuz erabili ahalko dira.

Hortaz gain, hiriko merkataritza sustatzen jarraitzeko, on-line egin diren zenbait ikastaro berri antolatu dira, Irun Aurrera planean aurreikusi zen bezala. Larunbatetan Urdanibia plazan egin ohi den azokan, berriz, maia- tzaren 30etik aurrera osasun krisialdia hasi aurreko postu guztiek parte hartu zuten lehen aldiz, hain zuzen ere, elikagaien saltzaileei bestelako produktuak saltzen dituzten gainontzeko merkatariak batu baitzitzaizkien.

Kirolerako tartea
Ordutegiak malgutzearekin batera, kirola eguneko edozein ordutan praktikatzeko aukera dago ere. Hortaz, neurri berrien malgutasuna aprobetxatuz, hiriko udal instalakuntzak erabiltzen dituzten klubek kirola praktikatzen hasteko aukera dute berriro. Murriztapenak errespetatuz, Plaiaundiko atletismo pista, arraun eta piraguarako pabilioiak, Sonia Etxezarreta Mahai-tenis Teknifikazio Zentroa, Uranzu frontoia, Artiako Trinketea edo San Martzialeko tiro-zelaia dira martxan jarri diren instalakuntzak, nahiz eta erabilera, orokorrean, klub ezberdinetako bazkide edo kirolariei mugatuta egon.

Kulturaren aurpegi berria
Kulturaren sektorean nobedade garrantzitsuak daude bigarren fasean. Izan ere, espazio itxietako museoetan gehienezko edukiera %50ekoa izango den bitartean, antzokiak, kultur etxeak eta zinemetan gehienez ohiko erabiltzaileen %30a sartu ahalko da. Ekintza kulturalek ohiko formatua berreskuratzen duten bitartean, Irungo Haurtxokoek, Hiriko Musika Bandak, GazteARTEan eta Ander Izagirrek, besteak beste, udalaren sare sozialen bitartez jarraitu ahal izan den edukia sortzen jarraitu dute.

Datu itxaropentsuak
Azken hamabostaldian zehar Covid-19ak hirian bildutako datuak oso itxaropentsuak dira. Izan ere, maiatzaren 14tik eta maiatzaren 29ra arte ez da kasu positibo berririk erregistratu Irunen, beraz, osasun krisialdi guztian zehar hirian kutsatutako pertsonen kopurua 227 mantendu da. Hortaz gain, aurreko asteetan zehar bildutako datuek kutsaketen erritmoa era esanguratsuan murriztu zela irudikatzen zuten, egun batetik bestera kasu positiboen kopuruan aldaketa txikiak gertatzen ziren bitartean. Horrela, konfinamendua arintzeko neurriekin batera, kutsatu kopuruak ohiko normaltasun lehenbailehen berreskuratzen lagundu nahi duela dirudi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude