Irungo udalak udako hilabeteetan zehar familien kontziliazioa errazteko laguntzak ematea aurreikusi du. Helburua 2008 eta 2016 urteen artean jaiotako adingabeak haien ardurapean dauzkaten eta lana eta familia kontziliatzeko zailtasunak dituzten familientzako zuzeneko laguntza ematea izango da. Eskabideak aurkezteko epea uztailaren 2tik irailaren 30era bitartekoa izango da
Horrela, gaur goizean udalak zirriborro bat aurkeztu du gainontzeko talde politikoen aurrean ekarpenak egin ditzaten. Laguntzak eman ahal izateko bertan behera gelditu diren Solas Jolas eta Udalekuak programetarako aurreikusita zegoen aurrekontua bideratuko da.
Irungo Udalak iragarri zuenez, uda honetako udaleku programak eta Solas Jolas programa bertan behera uzteko erabakia hartu da . Segurtasun arrazoiak direla-eta, programa horien barruan zailtasunak zeuden segurtasun protokoloak betetzeko. Gainera, Udalak kontuan hartu du EUDELek udalerriei udalekuak eta udaleku programak bertan behera uzteko emandako gomendioa.
Laguntzak eskuratzeko baldintzak
Oporretako bi hilabeteetan adingabeak zaintzeko edo hezteko gastuak diruz laguntzea planteatzen da familiek honako gastu hauei aurre egiteko aukera izan dezaten: Adingabeak etxean zaintzeko edo hezteko pertsonak kontratatzeko kostuak, kontratua berria edo zaharra den gorabehera, familiei adingabeak zaintzen laguntzeko enpresak kontratatzeko fakturen zenbatekoak edo Irunen prestakuntza ikastaroak egiteko fakturen zenbatekoak.
Kontzilazioa laguntzeko emango diren laguntzak eskuratu ahal izateko zenbait baldintza betetzea ezinbestekoa izango da. Horrela, laguntza zein adingabeentzat eskatzen den kontutan hartuko da eta 2008tik 2016ra bitartean jaiotakoak izan beharko dira. Hortaz gain, adingabeak eskatzailearekin batera erroldatuta egon beharko dira, bi gurasoek edo guraso bakarreko familietako guraso bakarrak lan egin beharko du eta bizikidetza unitate eskatzailearen urteko errenta ez da 50.000 eurotik gorakoa izan beharko.
Diru-laguntzen zenbatekoa
Hiru gehieneko laguntza tarte bereizi dira familien urteko errentaren arabera. Lehenengo tarteak 25.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta duten familiei 300 euro ematea aurreikusten du bizikidetza unitate eta hileko. Bigarren tartean, urteko errenta 37.000 euro edo hortik beherakoa den kasuetan 250 euro banatuko dira bizikidetza unitate eta hileko. Azken tarteak, berriz, urteko errenta 50.000 eurokoa den kasuetan 200 euro banatuko dira bizikidetza unitate eta hileko.
Bestelako laguntzak
Kontziliatzeko laguntzez gain, Udala beste hiru ildo lantzen ari da, familiarik zaurgarrienentzat bereziki. Batetik, Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. maila edo DBH egiten ari diren ikasleen familientzat gehienez 350 euro ematea aurreikusten da ekipamendu informatikoa eskuratu ahal izateko eta beste 50 euroren bitartez interneteko konexioa ordaindu ahal izateko. Hortaz gain, Eusko Jaurlaritzak gailu digitalak eskuratzeko ematen dituen beken subsidiarioa emango da eta ikastetxeekin koordinazioan lan egingo da behar bereziak detektatzeko.
Bestetik, maskaren ordainketa laguntzeko hilero 25 euro ematea aurreikusi da 6 urtetik gorako pertsonako egoera zaurgarrian bizi diren familien kasuan. Hortaz gain, gehienez 125 euroko laguntza emango litzateke hilero eta bizikidetza unitateko. Ekimena Elkarrekin Podemos/IU-EB taldeak aurkeztutako mozioaren emaitza da eta aho batez onartu zen azken osoko bilkuran.
Azkenik, prestakuntza jarduerentzako laguntzak emango direla iragarri da ere. Batetik, 14 urtetik beherako adingabeak zaindu edo heztea eta lana bilatu edo lanerako prestatzea kontziliatzeko zailtasunak dituzten familientzat eta 150 euro gehienez ere hileko eta bizikidetza unitateko.