Noelia Lorenzo Pinok “La estrella de quince puntas” izeneko bere azken liburua argitaratu zuen alarma-egoera ezarri baino aste batzuk lehenago. Liburu-dendak itxi ostean, pribilegiatu gutxi batzuk izan dute berrogeialdian zehar Jon Ander eta Eider ikertzaileen abentura berriaz gozatzeko aukera. Idazle irundarrak azaldu duenez, datozen hilabeteetan zehar eleberria ezagutzera emateko ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa du.
Zure azken nobela alarma-egoera ezarri aurreko asteetan publikatu zen. Argitalpen datak liburuaren arrakastan eragina izango du?
Bai noski, liburua banatzen hasi eta egun gutxira liburu-dendak itxi ziren, beraz, Euskadiko dendetako erakusleihoetara iritsi zen soilik. Liburu aurkezpen asko antolaturik neuzkan, baina, tamalez bertan behera gelditu dira. Batetik, une txarrean harrapatu nau argitaletxeak nobelarekiko apustu handia egin baitu tirada handituz. Bestetik, ordea, konfinamendua hasi aurretik argitaratu zen lanetako bat izan denez, asko hitz egin da liburuaren inguruan eta dendak itxi aurretik edo internet bidez erosi zutenek berrogeialdian zehar irakurtzeko aukera izan dute.
Egoerak salmentetan eragina izango duela aurreikusten duzu?
Egia esan ez dakit, denbora librea aprobetxatzeko jendea gehiago irakurtzen ari dela dirudi. Hala ere, lehenago edo beranduago krisialdiak idazle, liburu-dendetako saltzaile eta argitaletxeetan eragina izango duela uste dut.
Irakurketa berrogeialdia arintzeko salbazioa izan da askorentzat?
Bai, sare-sozialen bitartez irakurle asko nirekin harremanetan jarri dira haien esperientziak kontatzeko. Era berean, konfinamenduan zehar jende berri askok ezagutu nauela nabaritu dut, hortaz, hori izan daiteke krisialdiaren eragin baikorra.
“Denbora librea aprobetxatzeko jendea gehiago irakurtzen ari dela dirudi”
Lan berria, baina, aurretik ezagututako pertsonai eta istorioari jarraipena eman diozu bertan?
Saga bereko laugarren liburua da publikatu berri dena. Oso erraza zait pertsonai hauekin lan egitea, oso ondo ezagutzen ditudalako. Liburu bakoitzean kasu berri bat aztertzen dute pertsonaiek. Dena dela, “La estrella de quince puntas” berez bildumako hirugarren liburua izateko asmoa nuen hasieran, baina, bere sakontasunarengatik lan asko eman didan liburua izan denez, “Corazones negros” liburua sartu nuen tartean. Bi edo hiru urteko lanaren ostean, berriz, liburua amaitzea lortu dut.
Berriro ere zenbait gertaera Irunen kokatzeko apustua egin duzu?
Lehen liburua idatzi nuenetik egin dudan zerbait da, haien bizilekuaren inguruan istorioak idazten dituzten idazleak irakurtzea gustuko dudan aldetik. Liburuko pasarteak Irunen kokatzea atsegin dut, oso ondo ezagutzen dudan hiria delako eta, era berean, erabaki horrek dokumentazio lana errazten didalako.
Erraza zaizu tentsioa liburu amaierara arte mantentzeko modua topatzea?
Nobela beltzaren generoa lantzen dudanez erraza iruditzen zait. Bestelako generoen bitartez irakurleak amaierara arte erakartzea zailagoa izan behar dela uste dut. Zaila da gertakariak banatzeko formula aproposa aurkitzea, nahiz eta milaka aukera izan.
“Konfinamenduan zehar jende berri askok ezagutu nauela nabaritu dut”
Lotura duten lau eleberri idatzi ostean, ideiak amaitzen zaizkizu?
Orain arte ez zait horrelakorik gertatu. Hala ere, independentea izango den eleberri berria idazten hasi naiz, irakurle berriak erakartzeko asmoz. Lan berri hori amaitu bezain laster sagarekin jarraitzeko asmoa dut, Jon Ander eta Eider ikertzaileentzat aproposa izan daitekeen istorio berria bururatu zait eta, istorioari bestelako amaiera eman ahal izateko. Egia da guztiz berria izango den lan baten sorrerak lan bikoitza duela atzetik, gauza asko pentsatu eta lotu behar direlako.
Nobela beltza haurrentzako liburuekin tartekatzen jarraitzeko asmoa duzu?
Txikia naizenetik idazten dudanez ipuinak idazten hasi nintzen, ondoren, nobela beltzerako saltoa egiteko. Horrela, balantza orekatzen saiatzen naiz eta, harrigarria iruditu arren, asko dira haurrentzako ipuinak eta nobela beltza lan- tzen dituzten idazleak.
Liburu berriaren promozioa egiteko modu berririk topatu duzu?
Bai, momentuz aurrez aurreko ekitaldirik antolatzea ezinezkoa izango bada ere, sare sozial eta teknologia berrien laguntzaz aurkezpenak eta ekintzak antolatzeko asmoa dut. Irunen nire jarraitzaileentzako zerbait antolatu nahiko nuke, baina, oso konplikatua da egoera honetan irakurle guztiekin elkartzea.
Koronabirusa edo pandemia etorkizuneko eleberri baterako gai posible gisa ikusten dituzu?
Egia esan ez dut gaiaren inguruan idazteko gogorik, egoera lehenbailehen gainditu eta azkar aurretik ezagutzen genuen normaltasunera itzultzea gustatuko litzaidake. Etorkizunean, ordea, gaia lanaren ardatz nagusia izan ez arren, azken hilabete hauetan bizitako egoera ezohikoa aipatzea ezinbestekoa izango da. Ikertzaile eta gaizkileen arteko ohiko harremanak islatzen jarraitzeko asmoa dut nik.