Esther Aristieta, “Santalucía Senior Challenge” erronkako parte-hartzailea: “Adinak berez ez ditu gure gaitasunak definitzen”

Abentura, kirola eta bidaiekiko grinak Artikoraino eraman dute Esther Aristieta irundarra. Bere 68 urteak motxilan hartu eta 2025eko “Santalucía Senior Challenge” erronkako parte-hartzaileetako bat izateko aukeratu zuten. Urteak betetzeak mugarik ez dakarrela erakusteko helburua duen proiektuan parte hartu ostean, berarentzat esperientzia txundigarria izan dela azaldu digu. Desafioa laburbiltzen duen dokumentala martxoaren 5ean estreinatuko da.

Nola izan zenuen erronka honen berri?

Beno, desafioak “Santalucía Senior Challenge” du izena eta nik 2025eko edizioan parte hartu nuen. Nik sare sozialetan jaso nuen lehen informazioa, non proiektuan parte hartzeko jendea eskatzen zuten: pertsona kirolariak, 65-80 urte bitartekoak. Deigarria suertatu zitzaidan abentura eta bidaia gustuko zituzten kirolariak bilatzea, bazirudielako niri zuzenean ari zitzaizkidala hizketan. Galdetegi bat bete nuen, elkarrizketarako hautatu ninduten eta Denian froga bat gainditu behar izan nuen. Nik aurreko urtean egindako lehen edizioan eman nuen izena, Perun egon zirelako eta, batez ere, bizikletan eta mendian ibili zirelako, normalean nik gehien egiten dudana. Aurten, ordea, erronka guztiz bestelakoa izan da. Nabigazio handia egin dugu, nik inoiz egin ez dudan zerbait, eta erronka handia izan da niretzat zentzu guztietan, inoiz egin ez ditudan gauza asko egitera eraman nauelako. Erronkak mezu indartsua du atzetik: adinak berez ez ditu gure gaitasunak definitzen. Dirudienez, 65 urterekin, bizimodu sedentarioago batera egokitu behar zara, horretara bultzatzen zaituzten arau sozialak betez. Baina, zorionez, pixkanaka konturatzen ari gara gauza asko egin daitezkeela urteak bete arren. Bidaia ikusgarri honetan zerbait ikasi badut, uste baino askoz gauza gehiago egin ditzakedala izan da.

Erretiroarekin jendeak lasaitasuna eta egonkortasuna bilatzen dituen bitartean, zuk kontrakoa egitea erabaki duzu.

Bai. Izan ere, proiektuak mezu hori transmititu nahi du: zahartze aktiboa eta positiboa.  Batez ere, oso garrantzitsua da estereotipo negatiboek ez harrapatzea; izan ere, gure gizartean, zahartzea, zahartzaroa edo zaharra hitza bera termino gutxiesgarriak edo negatiboak dira berez. Badirudi lotsa ematen digula urteak betetzeak edo dauzkagun urteak esateak, baina nik uste dut proiektu hau oso ondo dagoela, emaitzarekin dokumental bat egingo baita. Horri esker, gure buruan irudi berriak sor daitezke 65, 70, 75 edo 80 urtetik gorako pertsonengan pentsatzen dugunerako, zortzimilakoak igotzen dituztenak badirelako. Adinarekin egin daitezkeen gauza guztiak normalizatzen hasi behar dugu, bai eta gaur egun gizartean dugun kultura eta pentsamendua aldatzen ere.

Adinak ez luke inolako muga izan behar, baina ezta generoak ere, ez duzu uste?

Bai, bai, hala da oraindik. Baina, tira, alde horretatik, erronka erabat parekidea izan da, baina egia da oraindik ere uste dudala gizon baino emakume gutxiago aurkeztu garela. Izan ere, nire belaunaldian, txikitatik emakume askok ez dugu gizonek bezain bizitza aktiboa izan. Hala ere, hurrengo belaunaldian kirol gehiago egiten hasi dira eta hori luzarora nabarituko da. Nik uste dut denborarekin erronkara aurkeztutako emakumeen eta gizonen kopurua berdinduz joango dela. Aurten, hasiera batean, hiru gizon eta bi emakume izan behar ginen, baina azkenean gizonetako batek ezin izan duenez parte hartu, hurrengo aukeratua emakumea zen; beraz, hiru emakume eta bi gizon izan gara.

Bidaia ikusgarri honetan zerbait ikasi badut, uste baino askoz gauza gehiago egin ditzakedala izan da

Nola prestatu zinen erronka horri aurre egiteko?

Prestaketa oso dibertigarria izan zen. Lagun talde bat egin genuen hemen, eta pila bat lagundu zidan horrek, mendi igoera asko egin baitugu elkarrekin. Gainera, entrenamendu plan bat jarri ziguten, nire bizitza arruntarekin zerikusi handia zuena jarduerari dagokionez, baina tira, bai exijentzia maila handiagoarekin. Lagun batek esaten zidan entrenamenduen erdia soberan izango nuela, eta esan diezazuket ez zitzaidala ezer sobratu, erronka oso zorrotza izan baitzen. Baldintza klimatikoei dagokienez, latza izan zen, muturreko tenperaturetan ibili baikara. Hori bai, lur ikusgarriak dira. Nabigatzen zoazen bitartean, glaziarrak ikusten dituzu, bata bestearen atzetik. Han dena orain 500 urte bezala dagoela dirudi, eta gidariek behin eta berriz esaten ziguten ez ukitzeko ezer, gauzak ez aldatzeko. Animalia asko ere ikusi ditugu, mortsa kolonia sinestezin bat adibidez, eta icebergen artean nabigatu dugu. Azkenean, azken erronkan, trekking bat egin genuen glaziar batean barrena eta oso gogorra izan zen, pitzadurak zirela eta, ibilitako bidean atzera joan behar izan genuelako. Gero, hondartzan lo egin genuen eta guardiak egin genituen, hartz polarraren lurraldea delako eta, ondorioz, ezin ginelako inora joan armatutako pertsonak gurekin eraman gabe.

Esperientzia honetako gauza bakar batekin geratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Bada, egia esatea nahi baduzu, ez dakit, paisaiei eta bizipen fisikoei dagokienez, une bakoitzak bere magia baitu. Adibidez, glaziar hartan piraguekin icebergen artean nabigatzea ikusgarria izan zen, ezin dut ahaztu. Edo hondartzan lo egitea. Betak, arrakalak, kolore urdinak, airea, bakea, guztiarekin geratzen naiz. Animaliak ikustea ere beste ikuskizun harrigarri bat izan da. Eta elkarbizitza eta itsasontziko nabigazioa hain izan dira dibertigarriak. Esperientzia bikaina izan da.

Non ikusi ahal izango da esperientzia horren emaitza?

Bada, dokumentala martxoaren 5ean estreinatuko da Madrilen eta gero Amazonen Prime plataformara igoko da. TREX Exploring enpresak egina da eta haiena da ere, jada Primen ikusgai dagoen Pelayo izeneko beste erronka: minbizia izan duten emakumeekin egiten dena.

“Nik uste dut jende askori balioko diola funtsean egin nahi duten horrekin konektatzeko, nahiz eta oraindik oso argi ez izan”

Nolakoa izan zen Irunera itzultzea esperientzia hori bizi ondoren?

Egia esaten badizut, asko kostatu zait. Ez dakit, oso esperientzia indartsua izan da niretzat. Orduan, beno, ez da erraza izan hona itzultzea. Hemen ere gauzak gertatu dira bitartean.

Horrelako esperientziek gizartean erreferente berriak, hurbilak eta errealak sortzearen garrantzia islatzen dute.

Nik uste dut jende gehienak bizitza aktiboa duela eta dieta orekatua daramala. Garrantzitsuena da hori betidanik egin izana, 65 urterekin hasteak ez baitu balio. Nik ez dut kirolerako gaitasun berezirik, baina bizitza osoan gustatu zait kirola egitea. Egia esan, neure buruari proposatzen dizkiodan gauzak egin ditzakedala uste dut, eta horrek, neurri batean, nire alde egiten du. Glaziar batera kranpoiekin joatea proposatzen badidate, baietz esango dut, eta gero ikusiko dut nola egiten dudan. Horregatik, oso garrantzitsua da dokumentalaren lana, irudi berriak sortzen laguntzen baitu, zu bizitzan ez zaitezen soilik gizartera eta haren estereotipoetara mugatu. Nik uste dut jende askori balioko diola funtsean egin nahi duten horrekin konektatzeko, nahiz eta oraindik oso argi ez izan.

Erronka artiko hori gainditu ondoren, baduzu proiektu berririk buruan?

Beno, badakizue beti daudela gauzak zuri gustatuko litzaizukeen guztia egitea eragozten dizutenak, baina tira, oraindik ez daukat buruan ezer pentsatuta. Jakina, planak, proiektuak eta gauzak egin nahi ditut. Baina beno, oraingoz hilaren 5ean dokumentala estreinatuko da eta gero ikusiko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude