Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko obrak hautsak harrotu ditu langile eta erabiltzaileen artean

Bidasoa Ospitaleko ebakuntza-gelak, Suspertze Unitatea eta Zainketa Kritikoen Unitatea berritzeko proiektuak langile eta herritarren haserrea piztu du. Izan ere, ustez obrak 18 hilabeteko iraupena izango du eta, bitarte horretan, ebakuntza-gela guztiak itxi, larrialdietako barne, eta Bidasoa eta Bortzirietako biztanleak Donostiara bidali nahi dira. Mariaje Alfonso Bidasoa Ospitaleko kirofanoko erizaina da eta, lankideen izenean, ebakuntza-gelen itxierak pazienteen arreta nola kaltetuko duen azaldu du.

Noiz eta nola izan zenuten ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko proiektuaren berri?
Gutxienez duela bi urtetik dakigu. Bloke kirurgikoa zaharkituta dago eta sareko guztiak berritzen joan dira. Erreforma egiteko moduari dagokionez, oraindik ez dakigu zehazki nola egingo den, oraindik ez baitigute plan finko baten berri eman, ezta nola antolatuko den eta ondorioak zeintzuk izango diren ere. Bakarrik dakigu ebakuntza mota guztiak Donostiara eramatea dela asmoa, eskualdea ebakuntza-gelarik gabe uztea, larrialdietakoa barne. Horrez gain Onkologikora joango garela suposatzen da. Hori da dakigun bakarra, gainerako guztia espekulazioak dira. Ez dakigu zer gertatuko den pazienteekin edo ospitaleratze-unitateekin. Informazioa zuzendaritzak noizean behin askatzen dituen datu txikietatik lortzen dugu.

Informazio faltak eta usteko plangintzak langile eta erabiltzaileak haserretu ditu?
Nik, herritar naizen aldetik, ez dut ulertzen sareko ebakuntza-gela guztiak berritu izana eta sareko inor ebakuntza zerbitzurik gabe utzi izana, baina, aldiz, hori gurekin egin nahi izatea. Donostiatik gertu gaudela esaten digute, baina hori horrela da autoa eta osasun ona badituzu eta haraino mugitzeko aukera baduzu. Egoera horretan ez dagoen pertsona batentzat, Onkologikora iristea ordubete baino gehiagoko bidaia izan daiteke. Jendeak bere kabuz Donostiara iristeko modua aurkitu beharko du. Langileok ez dugu arazorik lanera joateko, aparkalekuaren arazoa Donostiako eremuko langile guztiek bezala jasango dugu. Herritarrok izango dugu benetan arazo larria; izan ere, joan-etorriez gain, ebakuntza-gela gutxiago izango ditugu. Orain, oso larri bazaude ordu laurden batean ebakuntza-gelan egon zaitezke, eta eskainitako irtenbide berriak ez du horretarako aukerarik ematen.

Ez zarete obra egitearen aurka agertu, bazik egiteko moduaren aurka?
Guk badakigu beharrezkoa dela ebakuntza-gelak eraberritzea, zahartu egin baitira. Ospitale honek 32 urte ditu eta berritzeko ordua da. Ez gaude ados horiek berritzeko moduarekin. Bidasoko biztanleak zigortzeko modu bat iruditzen zaigu. Politikariek, ohi bezala, hitz politekin hitz egiten digute, errealitatea nolakoa den azaldu gabe.

Nola eragingo dio obrak pazienteek eta senideek jasoko duten zerbitzuari?
Donostian ebakuntza egin behar duen senideren bat baduzu, norbaitek eraman beharko du. Hemen, kirurgia txikia bada, atean utzi eta lanera joan zaitezke. Donostian, aldiz, langileok dugun aparkaleku-arazo bera aurkituko duzu, eta, horren ondorioz, denbora tarte handiarekin joan beharko duzu. Eskualdeko jendeak ordu asko galduko ditu eta hori ez da kontuan hartzen.

Jarduera lekuz aldatzeak ez al du Donostiako ospitaleetako zerbitzua kolapsatuko?
Hori argitu beharreko gaia da. Onkologikoaren jarduera erabat deuseztatuta dago urtarriletik. Ez dute gu jasotzeko ahalegin berezirik egingo, nahiz eta egingo dutela kontatzen diguten. Hori ez da horrela. Onkologikoa orain Osakidetzak kudeatzen du eta aurretik zeukan jarduera guztia eten egin denez, pixkanaka desegiten ari dira. Ospitale horrekin benetan zer egin nahi duten ere ez dakigu, baina desmuntatzen ari badira, ez da gu hartzeagatik.

Eztabaida piztu ondoren, jaso al duzue zuzendarien erantzunik edo argibiderik?
Nik ez, ni erizaina naizelako, baina buruzagitzak bai. Nagusiek urtebete baino gehiago daramate bilerak egiten gaiari heltzeko, baina gerentziak ez du iritzia aldatu. Hasieratik esan zuten hemendik gindoazela eta ebakuntza-gela guztiak ixten zirela. Zerbitzu-buruek duela astebete izan zuten azken bilera, eta langileak ordezkatzen dituzten nagusi guztiak erabaki horren aurka agertu ziren. Zuzendaritzari jakinarazi zaio, baina badirudi ez daudela iradokizunak jasotzeko prest.

“Ez dakigu zer gertatuko den pazienteekin edo ospitaleratze-unitateekin”

“Uste dut udalen eta herritarren mobilizazioaren bidez zerbait lor daitekeela”

Mariaje Alfonso, Bidasoa Ospitaleko kirofanoko erizaina

Eskualdeko biztanleek behintzat gertatuko denaren informazioa zuei esker jasotzea eskertu dute?
Bai. Azken egun hauetan asko hitz egin da ospitalean datozen hilabeteetan gertatuko denaz, baina gutxi dira gaiari sakon heldu eta orain arte dakigun apurraren berri ematera ausartzen direnak. Langileok mobilizatzen ari gara herritarrek egoera zein den jakin dezaten, eta, horretarako, hedabideengana jo dugu, besteak beste. Gertatutako dena ezagutu ostean, herritarren mugimendu bat hasi da, jendea sinadurak biltzen hasi da eta hainbat mobilizazio antolatzen ari dira. Jendea kezkatuta dago. Denok dakigu obrak ez duela 18 hilabete bakarrik iraungo.

Zuen ustez, zein izango litzateke irtenbide egokia?
Hasieratik proposatu dugu konponbidea egungo ospitalearen alboan solairu bateko eraikin berri bat eraikitzea dela, gaur egun ospitalearen atzeko aparkalekua dagoen lekuan. Aparkalekua lurperatuz gero, egungo aparkaleku arazoa areagotu gabe, ebakuntza-gela berriak eraiki daitezke. Behin obra amaituta, Donostiako ama-ospitalearekin edo Txagorritxuko ebakuntza-gelekin egin den bezala, eraikin berri hori ospitalearekin lotu ahal izango litzateke pasabide baten bidez. Hala, etorkizunean, horri esker, gaur egun ospitalean berrikuntza behar duten zerbitzuak handitu eta hobetu ahal izango lirateke, hala nola errehabilitazio-gimnasioa edo etxeko ospitalizazio-zerbitzua. Eraikin berrira zerbitzu pare bat eraman ahal izateak Bidasoko zerbitzua hobetzea ahalbidetuko luke. Etorkizunean ospitalea handitu beharko da, etorkizunean Errenterian, Oiartzunen eta Lezon bizi direnak artatu nahi baitira. Urte gutxi barru izango dugun arazo bat da, eta dagoeneko konpontzen has gaitezke.

Mobilizazioen bitartez zuzendaritzaren iritzia aldatzea posible izango da?
Gerentziak, langileok bakarrik kexatzen bagara, ez digu jaramonik egingo, baina uste dugu zerbait lortu dezakegula herritarrak gure alde badaude. Uste dut udalen eta herritarren mobilizazioaren bidez zerbait lor daitekeela. Osakidetzak kolokan ikusi behar du erabakia, diru asko inbertituko baita. Guztion dirua erabiliko da obra egiteko, eta ez dugu nahi gure dirua erabiltzea orain lardaskeria bat egin eta hemendik gutxira berriro aurretik egindakoa konpontzeko. Horregatik, uste dut asko dugula esateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude