AGUS HERNAN, Foro Sozialeko koordinatzailea: “Sentimendu eta pentsamendu guztiek lekua eduki behar dute bizikidetza demokratikoan”

Gizarte zibilaren parte hartze aktiboa izan da Euskal Herriko bake prozesuaren ezaugarri bereizgarrietako bat. ETAk bere amaiera iragarri eta hamar egunera, hain zuzen ere, gizarte zibilak izan duen rola aitortzeko ekitaldia antolatu du Foro Sozialak, Donostiako Saguesen, Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskulturan. Agus Hernan (Irun, 1962) Antxeta Irratiko presidentea da Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea.

Zein da zure balorazioa, ETAren azken komunikatuaren eta Kanboko adierazpenaren inguruan?

Helburua ETAren desegite ordenatua zen, nazioarteko ikuskatzaileen egiaztatzearekin, Euskal Herriko eragileen aurrean. Hori horrela izan da. Gainera, Espainiako eta Frantziako gobernuek onartu dute ETAren desagertzea. Alde horretatik, nazioarteko pertsonalitate horiei eskertu nahi diegu Aietetik hona egindako lana, zailtasunak-zailtasun.

Zer iritzi duzu erakundeek egin dieten aitortzaz?

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko instituzioek egindako lana aitortu diete, elementu batzuen inguruan kritikoak izan badira ere. Aldiz, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez diete egindako lan hori aitortu.

Alde horretatik, nazioarteko ikuskatzaileak harrituta daude hemen ikusi dutenarekin. Ezagutu dituzten beste gatazketan, estatuek modu positiboan hartu dituzte bake prozesuak, gizartearentzat onak diren aldetik. Kasu honetan, ez da horrela gertatu. Zentzu horretan, sentsazio gazi-gozo batekin joan dira. Alde gozoa, hemen gizarte zibil determinatua eta ahaldundua topatu dutela, prozesua bururaino eramateko prest egon dena.

Zein izan da Foro Sozialaren lana, azken urteetan?

Foro Soziala 2013an sortu zen, Lokarriren eta Bake Bidearen bultzadaz. Alde batetik, nazioarteko gatazken konponbiderako beste esperientziak aztertzeko, eta Euskal Herriko errealitatea kontuan hartuta, proposamenak egiteko. Horietako asko aurrera eraman izan dira.

Beste bake prozesu batzuetan, Kolonbian adibidez, askotan aipatzen da gizarte zibilaren parte hartzea. Baina gero, errealitatea da parte hartze hori oso txikia dela. Normalean eliteen esku uzten dira prozesu horiek. Euskal Herriaren kasuan ez da horrela izan. Armagabetzean ikusi genuen iaz, eta orain ere bai.

“Nazioarteko pertsonalitateek azpimarratu dute prozesua ona dela Europarentzat”

Zailtasun handiak topatu dituzue?

Nagusia estatuen jarrera izan da. Askotan esaten da estatuek jarrera pasiboa eduki dutela. Baina gu ez gaude ados, estatuak, batez ere Espainiakoa, jarrera aktibo batean egon dira. Armagabetze prozesuan, adibidez, oztopatzen ahalegindu dira, armagabetze hori egitera zihoan jendea atxilotuz.

Gu konbentzituta gaude bake iraunkor bat lortzeko prozesua ona dela euskal gizartearentzat, baina baita Espainiakoarentzat ere. Are gehiago, Kanbon egon diren nazioarteko pertsonalitateek azpimarratu dute prozesua ona dela Europarentzat, Europako azken gatazka armatua bukatu delako.

Lorpenak ere izan dira, beraz.

Lorpen handiena da zailtasun guzti horiek gainditu izana, gizarte zibilaren borondatearekin, eta guk beti defendatzen dugun triangulazioarekin: tokiko gobernuak, nazioarteko ikuskaritza eta gizarte zibila.

Oso irakurketa ezberdinak entzun izan dira, egunotan, ETAren amaieraren inguruan.

Gu akordio puntuak azpimarratzen saiatzen gara beti. Gaur egun, bi aspektu daude adostasun osoa dutenak. Lehena, ETA desagertu dela eta hori ona dela euskal gizarte osoarentzat. Aurrera pauso bat da. Bigarrena, hemen bizikidetza demokratiko bat eraiki beharra dagoela. Horrek emango ditu berriro ez errepikatzeko bermeak. Bi elementu horien inguruko kontsentsua erabatekoa da. Irakurketa kritikoak hor daude, guk errespetatzen ditugu, baina ez ditugu baloratzen.

Zein izango dira erronka nagusiak, hemendik aurrera?

Sentimendu eta pentsamendu guztiek lekua eduki behar dute bizikidetza demokratikoan. Sektore guztiak kontuan hartuta eraiki behar dugu. Ezin dugu planteatu sektore bat kanpoan uztea, edo biktima bat marjinatua sentitzea. Oso garrantzitsua da dinamika inklusibo bat egitea. Horretarako, badaude hiru gai bereziki landu behar direnak: biktimak, preso eta iheslarien gaia, eta memoria bateratzailea.

Zein lanketa planteatzen duzue, biktimen inguruan?

Biolentzia guztien biktimek behar dute egia, justizia eta erreparazioa. Mekanismoak artikulatu behar dira hori aurrera eramateko. Ezin dugu biktima bat bazterrean utzi. Denak sentitu behar dira erreparatuak. Alde horretatik, pauso handiak eman dira, hemen, jada, inork ez duelako lehen mailako eta bigarren mailako biktimei buruz hitz egiten.

Preso eta iheslarien gaiari dagokionez, Frantziako estatuak lehen pausoak eman ditu, jada. Espainian espetxe politika aldatzeko aukera ikusten duzu?

Frantzian lan esparru bat sortu dute, Iparraldeko ordezkaritzaren eta justizia ministerioaren artean. Orain arte 14 preso gerturatu dituzte, baina badakigu denen egoera aztertzen ari direla. Beste kontu bat da epeak eta erritmoak zeintzuk diren.

Espainiaren kasuan, gaur egungo politika aldatzeko, elementu batzuk beharrezkoak ziren. Alde batetik, presoen kolektiboaren erabaki propioa eta akordio sozial zabal bat. Gaur egun, euskal gizartearen gehiena espetxe politika berri baten alde dago. Alderdi politiko gehienak ere bai.

Orain, falta dena de Espainian aldeko iritzi korronte bat sortzea, zuzenbidearen munduan, eta alderdi politikoetan. Adibidez, azken egunotan PSOE aldekoa dela ikusi dugu, eta Podemosek bere jarrera berretsi du. Gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira. Egia da ez dugula estatuaren keinurik ikusten, baina baldintzak betetzen ari dira.

“Memoriak bateratzailea behar du izan”

Memoriarena, errelatoarena da eztabaida politikoaren muinetako bat.

Errelatoaren gatazka terminoa entzuten dugun bakoitzean sutan jartzen gara. Jakina memoria bat eraiki behar dela, orria pasatzen ez duena, ahaztu gabe hemen bizi izan duguna. Baina memoria horrek bateratzailea behar du izan, alde guztiak asetzea lortu behar du.

Denok gure lekua eduki behar dugu gizarte honetan, eta horretarako, ezin da errelato baztertzailerik egon. Bakearen eta giza eskubideen kultura sortu behar dugu.

Lanean jarraituko al du Foro Sozialak?

Jakina. Foro Sozialak estimatzen du, gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak edukitzeko, lana egin beharra dagoela oraindik. Bake prozesua ez da bukatu Genevan maiatzaren 3an. Lehen aipatutako hiru erronkak izango dira gure lan ildoak.

Batzuk uste dute Aietetik Kanbora urte asko pasa direla. Baina nazioarteko beste kasuetan askoz luzeagoak izan dira epeak. Gauzak poliki egin behar dira, segurtasuna emanez alde guztiei. Hori da emaitza onak lortzeko formula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude