Ataka estua gainditu du Real Unionek

Jaitsiera promozioa saihesteko lehian ibili da talde txuribeltza

Azken aurreko jardunaldira arte itxaron behar izan du Real Unionek lasai atseden hartzeko. Etxeko lanak garaiz egin ez eta jaitsiera promozioaren mehatxua gainean eduki du azken txanpan. Stadium Galen Sporting Bren aurka berdinduta (1-1), ordea, hurrengo sasoian 2.B mailan jarraitzea bermatu du talde txuribeltzak. Azkenean 13.postuan amaitu du liga, 46 punturekin, azken jardunaldian El Sardineron Racingi irabazi eta gero (0-2).

Denboraldi nahasia eduki du Real Unionek. Hasiera onaren ondoren, gainbeheran erori zen urrian, entrenatzaile aldaketa eragiteraino. Jose Luis Riberak hartu zuen Asier Santanaren tokia, eta urtarrilaren erditik aurrera, taldearen norabidea zuzendu zuen, neurri handi batean. Azken txanpan, ordea, larri samar ibili dira txuribeltzak berriro. Kostata bildu dituzte puntuak, eta arriskuan iritsi dira azken jardunaldietara. “Konfiantza gutxirekin ibili gara denboraldi osoan zehar, burua altxa ezinik”, onartu du Iñaki Urkizu atzelariak. Zuloan sartuta, horixe izan da taldearen arazo handiena. Lesioek kalte handia eragin diote, era berean.

“Konfiantza gutxirekin ibili gara denboraldi osoan zehar”
Iñaki Urkizu, Real Unioneko jokalaria

Amaieran, gainera, egutegia ere kontra eduki du Real Unionek. Azken hiru jardunaldietan, sailkapenaren buruko taldeen kontra aritu dira txuribeltzak. Aurkari zuzenek, berriz, Izarrak, Vitoriak eta Amorebietak, egutegi samurragoa eduki dute. Jaitsierako promozio postua saihesteko lehian ibili dira lau taldeak. Azkenean, Real Unionek aurretik zekarren abantaila txikiari etekina atera dio, eta arriskutik kanpo iritsi da azken jardunaldira, Sporting Bren kontra berdindu eta gero. Emaitza hura lortu izan ez balu, dramatikoa zatekeen Racingen aurka Santanderko Sardineron salbatu beharra.

Onena eman du une erabakigarrian

Lidergoa eskuratzeko lehian iritsi zen Sporting B Stadium Galera, azken aurreko jardunaldian. Talde fina da filial asturiarra, eta agerian gelditu zen Irungo berdegunean. Haren mailan jartzea lortu zuen Unionek, hala ere, sasoiko norgehiagoka onena eginez. “Partida borobila egin genuela uste dut”, adierazi du Urkizuk. Presioa eta urduritasuna alde batera utzi, eta ausardiaz jokatu zuen José Luis Riberaren taldeak. Partida bizia izan zen, intentsitate handikoa, eta abagunez betea.

Eraginkortasun falta arazo iraunkorra izan da, ordea, aurtengo Real Unionentzat. Muturrera iritsi zen, Sportingen aurkakoan, 58.minutuan Mikel Orbegozok penaltia huts egin zuenean. Galeko harmailetan larritasuna zabaldu zen zaleen artean. Taldeak, aitzitik, ez zuen burua galdu. “Penaltiaren ondoren ere, lehiatzen jarraitu genuen”, nabarmendu du Urkizuk. Lanak saria ekarri zuen, 70.minutuan Juan Domínguez kapitainak 1-0ekoa sartu zuenean. Amorruz ospatu zuen gola, eta pozez inguratu zitzaizkion taldekideak.

“Zama handia kendu dugu gainetik”
Jose Luis Ribera, Real Unioneko entrenatzailea

Harmailari ere lasaitasun puntu bat eman zion 1-0koak. Azken minutuetan, hala ere, ez zen ospakizunetan hasteko tarterik egon. Sportingen oldarraldiek estu hartu zuten etxeko taldea. Nekeak eta tentsioak eraginda, baloiak urruntzeko zailtasunak eduki zituen Unionek. 87.minutuan, Traverrek banakoa sartu zuen, azkenean. Hortaz, sufritzea egokitu zitzaion Real Unioni. Kontzentrazioari eutsita eta zaleen babesarekin, 2.B mailan jarraitzeko balio duen puntua lotu zuen Jose Luis Riberaren taldeak. “Zama handia kendu dugu gainetik”, aitortu du entrenatzaileak: “Erantzukizun handiko egoera zen. Klubarentzat oso garrantzitsua da 2.B mailan egotea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude