Gazteekin hitzordua deitu du udalak

Maiatzaren 18an 18:00etan izango da topaketa, Martindozenea gaztelekuan

Hamabi eta hamazazpi urte arteko neska-mutilak deitu ditu Irungo Udalak, maiatzaren 18an bilera ireki bat egiteko. Martindozenea gaztelekuan izango da, 18:00etan. José Antonio Santano alkatea bera gerturatuko da, Mónica Martinez Gazteria zinegotziarekin eta Pedro Alegre Hiritarren Parte Hartzea arloko ordezkariarekin batera. Gazteen kezkak, kexuak, proposamenak eta ideiak entzungo dituzte, haiek gogoan hartzeko.

Batez besteko adina altua izan da Irungo Udalak azken urteetan martxan jarri dituen parte hartze prozesuetan. Zaila izan da, bileretan, hogeita hamar urtetik beherako gazteak ikustea. Gazteen aurrekontu parte hartzaileen prozesuak berak beheraldi nabarmena jasan du, zenbait proposamen oso bozka gutxirekin onartzeraino. “Datuak hobetu nahi ditugu”, aitortu du José Antonio Santanok. Gazteen parte hartzea sustatzeko, planteamendu irekia egin dutela azpimarratu du alkateak: “Gazteak parte hartzean hezteko konpromisoa dugu. Lan pedagogiko hori egin nahi dugu”. Oraingoz, bilera bat deitu du udalak maiatzaren 18rako. Kokapenaren azalpena eman du Mónica Martinez Gazteria arloko ordezkariak: “Haientzat atsegina izango den giro batean planteatu nahi izan dugu. Gaztelekura asko etortzen dira, gehienetan, aisialdiarekin lotutako jarduerak aurrera eramateko”.

“Haientzat atsegina izango den giro batean planteatu nahi izan dugu”
Mónica Martinez, Gazteria arloko ordezkaria

“Gazteen kezkek lotura handia dute orainaldiarekin, asiarekin; hiri espazioarekin ere bai”
José Antonio Santano Irungo alkatea

Alkateak eta Gazteria eta Hiritarren Parte Hartzea arloetako zinegotziek parte hartuko dute topaketan. Hasteko, udalaren funtzionamenduaren inguruko oinarrizko azalpenak emango dituztela azaldu dute. “Gaur egun, parte hartzeko zein aukera eta bide daukaten azalduko diegu”, adierazi du alkateak. Ondoren, alabaina, gazteei emango diete hitza. Entzutean oinarrituko baita topaketa. Ikastetxeetara hurbiltzera ohituta dago Santano, eta gazteek proposamen “interesgarriak” eta “praktikoak” egiten dituztela uste du: “Ondo azaltzen dituzte proposamenak, eta bide errazak bilatzen dituzte beti, proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Haien kezkek lotura handia izaten dute orainaldiarekin, asiarekin; hiri espazioarekin ere bai. Nerabezaroan izaera kritikoa handia izaten da”.

Organo iraunkor baten aukera

Gidoirik zehaztu ez badute ere, aurrekontu parte hartzaileen gaia aterako dela baieztatu du Pedro Alegre Hiritarren Parte Hartzea arloko zinegotziak. Era berean, udalak jakin nahi luke, gazteen ustez, zein den udalarekin harremanetan jartzeko komunikazio kanal egokiena. Santanok berak ez du baztertu, etorkizunean, gazteen organo edo kontseilu iraunkor bat osatzeko aukera, udalaren eta gazteen arteko komunikazioa arina eta jarraitua izan dadin. Nolanahi ere, maiatzaren 18ko bilerak ematen dituen emaitzen arabera zehaztuko dituzte hurrengo pausoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude