Lapurriturriko informazio-gunea larunbatetik aurrera lanean hasiko da

Aiako Harria Parke naturalean dagoen eta Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko Arloak kudeatzen duen Lapurriturri informazio-guneak ere, ekainaren 6an (larunbatean) ekingo dio denboraldi berriari. Covid-19 pandemiak eragindako Alarma egoeraren ondorioz, informazio-guneak Aste Santuetarako ateak irekitzea aurreikusita bazegoen ere, ekainera arte atzeratzea eragin du. Izan ere, fase honetan baimenduta daude naturan egiten diren turismoko jardueran.

Aurreikusitako ekintzak

Informazio-gunean ematen den zuzeneko arretan eta egingo diren jardueretan, osasun erakunde eskudunek unean-unean ezartzen dituzten higiene- eta segurtasun-neurriak hartuko dira, betiere segurtasun-distantziak errespetatuz. 2020 urteko kanpainarako ekainaren 6tik (larunbata) urriaren 31 arte informazio-gunea larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan irekita egotea proposatzen da, 10:00etatik 14:00etara. Aurreko urteetan egin den bezala, 2020an ere informazio-puntuari lotutako doako txangoak antolatu nahi dira. Irun deseskalatzearen 2. fasean aurkitzen da eta baimenduta dago naturan turismo jarduerak egitea, gehienez ere 20 laguneko taldeetan. Kopuru hori da Lapurriturin antolatzen diren jarduera ohikoetan erabiltzen den pertsona kopurua. Izen-emateak txangoaren aurreko asteetan irekiko dira.

Hauek dira denboraldi honetarako aurreikusten diren txangoak: Gotor eta gerren artean, Narrastiak, Meatzaritza, Izarrak behatzea, orientazio-martxa, marrazketa-pintura eta mikologia.

10 urte lanean

Lapurriturriko informazio guneak hamar urtetik gora darama bisitari guztiei parkea ezagutzera ematen, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatzen ditu denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak programatzeaz gainera, informazioa ematen die bisitariei, paperean, eta parkeari buruzko azalpenak ere ematen dizkie, inguruko turismo eskaintzari buruz eta bost ibilbide tematikoei buruz (elur zuloak; meatzaritza; ikazkintza; gerrak; eta flora, fauna eta ura) eta inguruko eskaintza turistikoari buruz. Iaz asistentzi marka hautsi zen instalazioan: 1.652 lagun pasa ziren informazio gune horretatik.

Plaza Luis Mariano, 3 20302 Irun

Turismoari dagokionez, Bidasoa bizirik-ek jakinarazi zuenez, ekaineko lehenengo astean bertan zabalduko da Luis Marianoko lorategietako turismo bulegoa. Zehazki, ostiralean irekiko ditu berriz ateak, hilak 5, dagozkion segurtasun eta higiene neurriak hartuta (pertsonen arteko urruntzea, toki kopuru mugatua, hidrogela)-

Turismo bulegoak udako ordutegiarekin irekiko ditu ateak. Horrela, ekainaren 5etik 30era asteartetik larunbatera 10:00etatik 13:30etara eta, arratsaldeetan 15:30etatik 19:00etata. Astelehenetan, berriz, 15:30etan ireki eta 19:00etan itxiko ditu ateak. Uztailaren 2tik irailaren15era, berriz, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:30ak arte eta arratsaldez, 15:00etatik 19:30etara zabalik egongo da. Igandeetan bulegoa 10:00etatik 14:00etara jasoko ditu hirira iristen diren bisitariak.

IRUNVI

Normaltasunera itzultzen ari diren zerbitzuen artean IRUNVIko bulegoa dago. Ekainaren 2tik aurrera, asteartea, aurrez aurreko arreta ematen hasiko da, baina aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da. Kasu honetan, kontaktuan jartzeko bideak, telefonoa (943 50 57 20) eta posta elektronikoa izango dira (irunvi@irun.org;). Bulegoko ordutegia astelehenetik ostiralera izango da, 8:30etik 14:30era. Telefonoz atendituko zaituzte astelehenetik ostegunera 8:30etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Ostiraletan, goizez bakarrik, 8:30etik 14:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude