José Antonio Santano Irungo alkatea eta Borja Olazabal Kirol arloko ordezkariak astearte honetan Espainiako Itzuliko antolatzaileekin bildu dira urriaren 20ean hirian abiatuko den proba prestatzeko. Bileran Ficoba eta Udaltzaingoko ordezkariek ere parte hartu dute.
Borja Olazabal Kirol arloko ordezkariak adierazi duenez, “Espainiako Itzulia Irundik irtetea berri ona da hiriarentzat zein bertako zaletuentzat. Aukera aprobetxatu eta irteera merezi bezala antolatzeko hilabeteak daramatzagu elkarlanean probaren antolatzaileekin”.
Bisita Ficoban egin den bilera batekin hasi da. Bileran Itzuliko antolatzaileek Ficobako instalakuntzak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute, lasterketaren bulego iraunkorra, irteerako sinaduren kontrola, komunikabideentzako akreditazioak jasotzeko puntua eta taldeen kotxe zein autobusak bertan kokatuko baitira.
Itzulerako antolatzaileek hirira egindako bisita aprobetxatu dute lasterketan pelotoiak lehen etapa honetan egingo duen eta hiriaren erdigunetik igaroko den ibilbide neutralizatua zein izango den ezagutzeko.
Irungo Udaletik datozen hilabeteetan zehar bertako antolaketa taldearekin elkarlanean jarraituko da hitzorduaren antolaketarako. Lantaldea Kirol, Mugikortasun eta udaltzaingo (Trafiko) arloetako ordezkariek, Bidasoa Bizirik, Ficoba, Iñigo Lavado jatetxea, Irungo Txirrindulari Elkarteko kideek eta Juanma Garate txirrindulari ohi irundarrak osatzen dute.