Uztailaren 9an, ostegunean, Menchu Gal aretoan arratsaldeko 19:00etan José Antonio Sistiaga Mossoren “…ere erera baleibu izik subua aruaren…” pelikula ikusi ahalko da. Menchu Gal erakusketa aretoan Gaur taldeko artistaren lanen bilduma bisitatu daiteke egun hauetan.
Pelikula 1968. eta 1970. urteen artean sortua izan zen, zuzenean 35 mm-ko zeluloide gainean eskuz margotuta. Artistak fotograma bakoitza eskuz margotu zuen, 2.000 metro marraztu arte. Pelikulak 75 minutuko iraupena du eta filmaren emanaldia Helena Elbusto erakusketaren komisarioak gidatuko du.
Pelikularen emanaldira segurtasun neurri bereziak hartuko dira. Aretoko edukiera murrizteaz gainera, pertsonen arteko segurtasun distantziak errespetatuko dira eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Emanaldirako sarrera doakoa izango da.
Gaur egun Menchu Gal aretoan pelikula originalaren zenbait erreprodukzio ikusi daitezke, bi zine mahaietan ikusgai daudenak. Erakusketa uztailaren 12ra arte bisitatu ahalko da asteartetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara eta igande zein jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara.