Plaza, balkoi eta teknologia berrien laguntzaz ospatu da 2021eko martxoaren 8a

2020. eta 2021. urteko data seinalatu askorekin gertatu den bezala, 2021eko martxoaren 8a modu ezohikoan ospatu da. Data horren inguruan aurreko urteetan antolatu izan diren mobilizazio handiak eta ekitaldi jendetsuak antolatzea ezinezkoa izan da Covid-19aren zabalpena ekiditeko neurriak betetzeko. Dena dela, ekintzak bestelako moduan antolatuz eta jende pilaketak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz, Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenak ez ziren oharkabean pasa.

Hortaz, urtero bezala, berdintasuna, matxismoaren amaiera edo emakumeen eskubideak goraipatu zituzten mezuak ez ziren falta izan, bide eta modu berezian zabaldu baziren ere. Zentzu horretan, adibidez, Bidasoako M8 Asanblada Feministak urtero moduan manifestazio jendetsurik ez antolatzea erabaki zuen. Horren ordez, hiritarrak etxeetako balkoi zein leihoak objektu moreekin apaintzera animatu zituzten. Hortaz gain, martxoaren 8ko arratsaldeko 19:00etan balkoi eta leihoetara zarata egitera ateratzeko deialdia zabaldu zuten. Hain zuzen ere, egun horretako ekitaldiak antolatzeko bilera ere modu telematikoan egin zen.

M8ko goizean, berriz, astelehenero Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak San Juan plazan eguerdiko 12:00 egin ohi duen kontzentrazioan Emakumearen Nazioarteko Egunari aipamen berezia egin zitzaion. Zehazki, emakume eta gizon langileen arteko desberdintasunak aipatuz, pentsioen kasuan genero-arrakala oraindik handiago dela salatu zuten. Honela emakume guztientzako pentsio duinak eskatu zituzten, arrakalarekin amaitu eta behingoz pentsio duin bat lortzeko.

Pentsionisten elkarretaratzea amaitu eta eguerdiko 12:30etan emakume talde batek udal ordezkariek udaletxearen aurrean egindako kontzentraziora batu ziren. Uneoro pertsonen arteko distantziak eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko mezu anitzak zabaltzen zituzten kartelak goratu zituzten ekitaldian zehar.

Eguerdiko ekitaldi hori, ordea, ez zen martxoko bigarren astelehenean zehar Irunen antolatutako elkarretaratze bakarra izan. Hain zuzen ere, arratsaldeko 18:00etan Bidasoako Itaia antolakundeak “zapalkuntza mantentzen duen legedi burgesaren aurka eta emakume langileon interesen alde aktiboki jarduteko” elkarretaratzea egin zuten Jose Ramón Amunarriz plazan, epaitegiaren aurrean.

Aldarrikapenak darrai
Irungo Udalak Martxoaren 8aren harira antolatutako egitarauaren barnean, hainbat ekitaldi antolatu ziren Emakumearen Nazioarteko Egunean zein aurreko egunetan, hau da, tailerrak, film emanaldiak, antzerkiak, … Martxoaren 8a igaro ostean, ordea, badira datozen egunetarako aurreikusita dauden zenbait ekintza. Martxoaren 16an Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde elkarteak antolaturik “Mindfulness: Zure burua zaintzen” tailerra eskainiko da Kale Nagusiko 11. zenbakiko 1. solairuan. Tailerraren inguruko informazioa eskuratu edo izena emateko deitu 665 73 53 33 telefono zenbakira edo idatzi gaurkoandreak.irun@gmail.com helbide elektronikora. Martxoaren 20rako Parean elkarteak “Ibilbide historiko kulturala” antolatu du, San Juan plazatik abiatuta ibilaldiaren bitartez irundar emakume ezagunen eta haien ofizioen historiaren berri jakiteko. Ekintzan parte hartzeko info@parean.eus helbidera idatzi. Gainera, martxoaren 6tik apirilaren 3ra arte GazteARTEan Expo ekimenaren barnean “Neskato bat bezala borrokatzea” erakusketa bisitatu ahalko da Martindozenea Gaztelekuan. Azkenik, martxoan zehar Irungo Haurtxokoetan emakume esanguratsuak (berr)ezagutzea eta nabarmentzeko ekintzak burutuko dira.

Udalaren konpromisoa
Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldiak aurkezterako orduan Miren Echeveste Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak azpimarratu zuenez, “berdintasunaren aldeko borrokak ez du etenik, eta alde guztiek, eragile sozialek zein erakundeek, martxoaren 8aren inguruan ekimenak bultzatzen eta antolatzen jarraitzen dugu”. Alde horretatik, Echevestek hiriko emakume-elkarte eta udaleko gainerako departamentuen inplikazioa eskertu zuen: “Izan ere, programan, Irungo Udaleko arloek antolatutako proposamen-sorta handi bat sartzen da batez ere. Horrek erakusten du berdintasunak udal osoan duela zeharkako izaera”. Echevestek gaineratu zuenez, “berdintasuneko Ordezkaritzak berak sustatutako jarduerek pixka bat harago joan behar dute, eta berdintasunaren balioak eta horiek bizi garen gizartean duten isla sustatu behar dituzte, hirian eztabaida, ahalduntze eta hazkunde feministarako guneak sortuz”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude