Adil El Bardouni 2013. urtean iritsi zen Irunera eta bertan topatu zuen ile-apaindegi propioa irekitzeko aukera. “Luna” izeneko ile-apaindegia Pio XII. auzoko Sebastian Errazu kalean kokatuta dago. Zortzi urteren ostean, bezeroak etengabe sartu eta ateratzen dira lokaleko atetik. Adilek ile-apaindegian eskainitako zerbitzuak eta negozioarekin lotutako zenbait bitxikeria azaldu ditu.
Nola hasi zinen ile-apainketaren sektorean lan egiten?
Ni Tindufen jaio nintzen arren, Tetuanera bizitzera joan ginen. Tetuanen ile-apainketarekin lotutako erdi-mailako gradua eta praktikak egin nituen. Orduan nire aitarekin Espainiara etortzeko aukera topatu genuen eta 2009an Iruñera iritsi ginen. Fabrika batean lanean hasi nintzen ile-apaindegi batean lan egiteko aukera topatu nuen arte. Irun hiriaz hitz egitea entzun eta, Donostiatik pasa ostean, azkenean, Irunera iritsi nintzen. Bertan topatu nuen nire negozio propioa irekitzeko aukera.
Ile-apaindegia ireki zenuenetik, negozioa asko hazi da?
Bai, noski. Pixkanaka hasi ginenen eta, denborak aurrera egin ahala, bezero berriak ezagutzen eta erakartzen joan gara. Era askotako bezeroak dauzkagu, gazteak zein helduak, denetarik.
Erraza izan zen Luna ile-apaindegiaren izena Irunen ezagutaraztea?
Ez zen lan erraza izan, hain zuzen ere, Irunen ile-apaindegi asko daudelako. Hasieran guregana hurbildu eta konfiantza erakutsi ziguten bezeroei ahalik eta arreta onena eskaintzen ahalegindu ginen, ondoren, haien ezagunei gure negozioaren inguruan ondo hitz egin ziezaieten.
Zeintzuk dira ile-apaindegian eskaintzen dituzuen zerbitzuak?
Ilea mozteaz gainera, bizarra konpondu, ilea tindatu eta orrazkera ezberdinak egiten ditugu. Hortaz gain, ilearen zainketarekin lotutako produktuak saltzen ditugu. Hau da, ile-apaindegi batean ohikoak diren zerbitzu guztiak eskaintzen ditugu. Orokorrean, bezeroen eskakizun guztiak entzun eta zerbitzua emateko prest gaude.
8 urteren ostean, bitxikeria eta anekdota ugari izango dituzu, ezta?
Bai, behin, adibidez, Ameriketatik etorritako turista bat gure ile-apaindegiraino etorri zen ilea mozteko. Inguruko ile-apaindegia onenen inguruko iruzkinak bilatu zituen Google-n eta horrela izan zuen Luna ile-apaindegiaren berri. Gizonak ez zekien gazteleraz hitz egiten eta nik ingelesez ere ez, baina, elkar ulertzeko ondo moldatu ginen eta pozik gelditu zen zerbitzuaren emaitzarekin.
Zeintzuk dira zuen bezero ohikoenak?
Adin desberdineko mutil zein gizonak. Hilabete bateko umeetatik hasita, adineko gizonetara.Ç
“Bezero batzuek zerbitzuaren kalitateari garrantzia ematen diote,
besteek prezioa begiratzen duten bitartean”
Zeri ematen diote bezeroek garrantzi gehien?
Denetarik dago. Guk zerbitzu ona eskaintzen dugu prezio onean. Bezero batzuek zerbitzuaren kalitateari garrantzia ematen diote, besteek prezioa begiratzen duten bitartean.
Lanaren emaitza zuen publizitate onena da, ezta?
Bai, horrela da. Azken finean, jendeak inguruko ezagun eta senideei gomendioak egiten dizkie, eta Luna ile-apaindegiaz ondo hitz egiteak gure negozioa hazten jarraitzeko aukera ematen digu. Ondo lan eginez gero, jendeak zure lanaz hobeto hitz egingo du.
Hirian bezero finkoak dauzkazu?
Bai, nire bezeroen %80 edo %90a bezero finkoak direla esango nuke, beraz, 8 urte inguru daramatzate nirekin. Batez ere, gazteak dira nire bezero finkoen zati handiena, 25 urte inguruko gazteak.
Auzo edo hiriko bezeroak hurbiltzen zaizkizu soilik?
Hiri osoko bezeroak izateaz gainera, Lapurditik jende asko etortzen zaigu. Hortaz gian, Hondarribi, Donostia zein Gipuzkoa osotik jendea Iruneraino etortzen da gurekin ilea edo bizarra mozteko. Adibidez, Iruñeko bezero berezi bat dugu, familia Irunen duela aprobetxatuta, ilea beti gurekin mozten duena.
Erraza da bezero bakoitzaren estiloa topatzea eta bilatzen duen emaitza lortzea?
Bai, izan ere, sektorean urte luzez lan egin ostean azkenean bezeroak ondo ezagutzen dituzu. Adibidez, bezeroaren jatorri edo adinaren arabera eskariak asko aldatzen dira. Hala ere, bezero guztiak ondo ezagutuz erraza da haien eskarietara egokitzea.
Zergatik gomendatuko zenieke bezero berri posibleei Luna ile-apaindegira hurbiltzea?
Orain arte konfiantza erakutsi diguten bezero guztiei eskerrak eman nahiko nizkie. Oso pozik nago nire bezeroekin eta haiek guregandik jasotako arretarekin gauza bera gertatzea espero dut. Egunero eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetzen ahalegintzen gara. Bezero dezente dauzkagu, baina gure ile-apaindegiko atea beti bezero berriei harrera egiteko zabalik egongo da.