Jada ez dago emakumeei korrika egitea galarazten dien aitzakiarik

Ane Bayo irundarrak emakumeak korrika egitera animatzeko proiektua garatu du. JFKZ/IVEF ikasketak amaitu ostean, Emeki elkartearen laguntzarekin, eskualdean aurrekaririk ez duen ideia bat gauzatzea lortu du. Asmoa maila desberdinetako taldeak sortzea da, emakumeek lotsa gal dezaten eta runinga bezalako kirol baten praktika egokiaz goza dezaten. Egitasmoan izena eman nahi dutenek Ane Bayorekin harremanetan jarri beharko dute anebasan97@gmail.com helbidera idatzi edo 628181977 telefono-zenbakira deituz.

Zein da eskuartean duzun proiektua?
Ni Ane Bayo naiz eta IVEF Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi nituen Gasteizen. Prestatu dudan proiektua emakumeentzat pentsatuta dago eta emakumeei runningaren hastapenean laguntzea da asmoa. Emeki elkartearen bidez hasi nintzen proiektua pentsatzen eta garatzen. Orain proiektua ezagutarazi eta aurrera ateratzeko momentua iritsi da eta proiektuan izena eman duten emakumeekin running taldeak sortzen hasiko gara.

Zure ikasketak praktikan jartzeko aukera emango dizu proiektuak?
Bai, lau urtez IVEF ikasketak egin bitartean, Gasteizeko running taldeetan parte hartzeko aprobetxatu nuen. Etxera itzultzerakoan hemen inguruan horrelako talderik ez dagoela ikusi nuen, ez baitago emakumeentzako running talderik. Nik neuk ere korrika egitera atera nahi nuenean, horretarako pertsonarik ezagutzen ez nuela ikusi nuen. Beraz, horrelako zerbait sortzeko aukera ikusi nuen eta proiektua garatzeko erabakia hartu nuen.

Nola gauzatuko duzu proiektua?
Proiektuaren ideia nagusia da inoiz korrika egin ez duten emakumeei kirol hau probatzen laguntzea, ohitura hori hartu dezaten. Bestetik, korrika egitera bakarrik atera nahi ez duten emakumeak edo korrika egiteko behar bezala prestatzen ez dakiten emakumeei lagundu nahi diet. Horrela, taldea sortu eta elkarrekin hobetzen joatea proposatu nahi diet. Hasierako taldeko entrenamenduak astelehen eta asteazkenetan izango dira 18:00etatik 19:00etara. Talde aurreratuak egun berean entrenatuko du, baina 19:15etatik 20:15etara.

Zelako harrera egin zizuten Emeki elkartean proiektua aurkeztu zenienean?
Proiektua azaldu nienean esan zidaten antzeko zerbait martxan jartzeko asmoa zutela. Emeki elkartetik proiektua burutu ahal izateko lagundu zidaten eta uneoro haien laguntza izan dut egitasmoa aurrera eramateko. Urtarrilaren 10ean hasi ginen eta Emeki zein ni oso motibatuta gaude egitasmoa martxan jarri ahal izateagatik.

Entrenamenduak prestatu ahal izateko lan handia egin duzu?
Bai, erraza da pentsatzea korrika egiteko kalera ateratzearekin nahikoa dela, baina atzetik prestaketa bat dago. Nik makrozikloak zein mikrozikloak prestatzen ditu, izan ere, nire nahia entrenamendu aniztasuna eskaintzea da. Korrika egiteaz gain, indar ariketak, ariketa teknikoak, serieak edo eskailerak egin nahi ditut parte-hartzaileekin. Ariketa asko eta asko daude eta horiek guztiak lantzea eta aurretiaz prestatzea beharrezkoa da. Oraintxe bertan horien lanketan zentratuta nago.

Maila desberdinetako taldeak sortuko dituzu. Zenbat talde izango dira guztira?
Oraingoz korrikalariak bi taldetan banatzea erabaki dut. Batetik, inoiz korrika egin ez duten emakumeak daude eta, bestetik, noizbait korrika egin dutenak edo behintzat kirolen bat egiteko ohitura dutenak. Behin emakumeak lehenengo taldera egokitzen direnean, talde aurreratura pasatzeko ideia dut. Beraz, momentuz bi talde izango dira eta aurten jende askok izena ematen duela ikusten badugu, hirugarren talde bat osatuko genuke.

Jendeak proiektuarekiko interesa erakutsi du?
Emakume dexente jada egitasmora batu dira. Lehen klasea doakoa da eta Facebook zein Instagram sare sozialen bitartez zabaldu dugu deialdia. Izen-ematea egin duten emakumeak jada nirekin korrika egiten hasi dira.

Korrika egiteko orduan gizonen eta emakumeen artean alde handia dago?
Egia da emakumezkoen eta gizonezkoen artean fisiologikoki desberdintasunak daudela. Dena den, egitasmo honen bitartez nire helburua emakumeak kirolaren praktikan eroso sentitzea da. Taldeak sortu nahi ditut emakumeek lagun giroan kirola egiteko aukera izan dezaten. Horrela, emakumeek beren denbora librean korrika egitera ateratzeko aitzakiarik ez dute izango.

Korrikalariez gainera, proiektu honen bitartez zuk zeuk ere gauza berriak ikasteko aukera izango duzu?
Hori da. Uste dut egunero nik neuk emakume hauengandik zerbait berria ikasteko aukera izango dudala. Azken batean, jende askorekin harremana duzunean edo jende berria ezagutzen duzunean beti ikasten duzu zerbait.

Zer eskatzen diozu proiektu honi?
Proiektu honen bitartez etxean ezer egin gabe dauden emakumeak kalera ateratzera eta kirola egitera gonbidatu nahi ditut. Horrela, emakumeek beren buruari denbora gehiago eskaintzeko modu bat izango da. Izan ere, batzuetan, konturatu gabe ez diogu gure buruari behar beste denbora eskaintzen. Kirolaren praktikak harreman zuzena du osasunarekin eta oso garrantzitsua da kirola egitea. Lotsak ez du izan behar emakumeak etxean kirola egin gabe gerazeko arrazoi bat, hemendik aurrera taldean korrika egin ahal izateko aukera baitute.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude