Ametsa Txiki Abesbatzak kantuarekiko ilusioa berreskuratzea du helburu datorren ikasturtean

Ametsa Txiki Abesbatzak aurreko ikasturtea goitik behera baldintzatu duten oztopoei aurre egiteko bidea topatu du. Abeslari txikientzat ez da lan erraza izan maskara entsegu birtualekin tartekatzea, baina hala ere, ez dute etenik izan. Izan ere, ikasturte berria zalantzaz josita aurkezten bada ere, Leticia Vergara Ametsa Txiki Abesbatzako zuzendariak zailtasunak ilusioarekin gainditzeko prestutasuna adierazi du.

2020ko martxoan bi hilabetez mundua gelditu egin zen, eta urte bereko irailean Ametsa Abesbatzak ohiko entsegu-erritmoa berreskuratzea erabaki zuen. Azaroan, ordea, pandemiaren zabalpena eteteko murriztapenek abesbatzen jarduera ia guztiz etetea lortu zuten, maiatzeko erdialdera arte aurrez aurreko ekintzak berreskuratzeko aukera eman zitzaien arte.

Bien bitartean, kantu irakasleek, Leticia Vergarak adibidez, jarduera erabat geldiaraztea saihesteko lan egin dute. Ohiko entseguak egitea ezinezkoa izan den bitartean urrutitik gidatutako entseguak mantendu dira, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak baliatuta. Ametsa Txiki Abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, “astero elkar ikusteko eta ohiko entsegu ordutegiarekin jarraitzeko aukera izan dugu”. Leticia Vergarak gehitu duenez, “uneoro ilusioa mantentzen saiatu gara, haurrek musika egiteko zuten gogoa bideratzeko”. Javier Guerrico koruko zuzendaritza batzordeko kideak Leticiak hilabete zail hauetan egindako ahalegina aitortu du.

Normaltasuna berreskuratzeko urratsak
Etenik gabeko lan horren emaitzetako bat ekaineko erdialdean grabatutako kontzertu pedagogikoak dira. Aurten ezinezkoa izan da Amaia antzokian hiriko ikastetxeetako haurrak biltzea haien ikaskideek urtean zehar ikasitakoa erakutsi ziezaieten. Hala ere, kontzertu birtual horrek aurreko hilabeteetan etxean abeslari txikiek egindako lanak zerbaitetarako balio duela erakutsi du. Leticia Vergara abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, “entseguetara itzuli ginenean kontzertu bat grabatzeko moduan ginela egiaztatu genuen, gure kalitate goreneko unean egon ez arren”. Beraz, sei hilabetez benetako entsegurik egiteko aukerarik izan ez arren, Leticia Vergarak onartu du abesbatzarentzat oso garrantzitsua izan dela kontzertu pedagogikoek azkenean emandako emaitza ikustea.

Udaran Ametsa abesbatzako kantari txikiek abesten jarraitzeko hainbat aukera izan dituzte. Uztailean udalekuak antolatu ziren eta, elkarteko kideez gainera, aste batzuez taldera batu ziren abeslari berriek kantatzen ikastea nolakoa den probatu dute. Bestetik, uztailaren 9an Ametsa Txikik ordubeteko kontzertua eskaini zuen Junkaleko Andre Mariaren elizan. Leticia Vergararen hitzetan, “mirari antzeko zerbait izan zen haur guztiak berriro kontzertu batean elkarrekin abesten ikustea”. Ametsa Txikiko zuzendariak jendea kontzertu bat entzuteko irrikatzen ikusi zuen eta ilusio hori abesbatzarentzat pizgarri ezinbestekoa dela azaldu du.

“Mirari antzeko zerbait izan zen haur guztiak berriro kontzertu batean elkarrekin abesten ikustea”

Leticia Vergara, Ametsa Txiki Abesbatzako zuzendaria

Apurka-apurka Ametsa Txiki abesbatzaren ohiko jarduera berreskuratzen ari da, baina oraindik lana dago egiteko. Leticia Vergara irakasleak onartu duenez, “bakoitzak bere etxean abestiak ikasi ditu eta, errepertorio guztia ikasteko gai izan garen arren, ez da gauza bera”. Izan ere, soinuaren lanketa abeslari guztiek elkarrekin egin beharreko zeregina da. “Soinua instrumentu bezala lantzen dugu eta bakoitzak etxean bere instrumentu propioa landu duen arren, ezinezkoa da talde lanketa osoa egitea”, gaineratu du Vergara zuzendariak.

Beti segurtasuna lehenetsiz
Batera kantatzeko eta kontzertuak berriro eskaintzeko gogoa handia bada ere, abesbatzak uneoro abeslarien segurtasuna lehenetsi du. Unean uneko protokoloak eta murriztapen neurriak errespetatu dira eta zeregin horretan oso lagungarria izan da Ametsa Abesbatzak Santiago auzoan duen egoitzaren tamaina handia; abeslarien artean 2 metroko distantzia gordetzea ahalbidetu du, lokaleko bi ateak lokaleko aireztapenean lagungarri suertatu dira eta abeslariek FFP2 maskarak erabili dituzte kantatzeko.

Javier Guerricok adierazi duenez, “protokoloetan aurreikusitako neurri guztiak goitik behera bete ditugu eta zenbait unetan are neurri zorrotzagoak hartzea erabaki dugu”. Murriztapen neurri zorrotzek fruituak eman dituztela dirudi, izan ere momentura arte abesbatzaren barruan ez da kutsatze kasurik atzeman. Murriztapen neurriez gainera, abesbatzako kide eta senideen jarrera eredugarria izan dela nabarmendu du Leticia Vergarak eta abesbatzatik proposatutako edozein jarduera beso zabalik jaso izana eskertu du.

Leticia Vergarak adierazi duenez, “maskararekin lan egitea oso zaila da, ahotsa erabat aldatzen baita”. Era berean, maskara erabiltzen jarraitzea beharrezkoa izango den bitartean abesbatzaren kalitatea bilatzea ia ezinezkoa izango dela aurreratu du. Beraz, momentuz behintzat, kalitatearen ordez, abesbatzan haurren erosotasunaren eta zoriontasunaren aldeko apustua egitea erabaki du. Horrela, haurrek etxean edo haien ingurunean pandemiarekin lotutako arazoren bat izan dutenean, koroan zeuden bitartean pozik egon zitezen ahalegin berezia egin duela azaldu du Leticiak, ondoren ilusio hori ingurukoei kutsatu ziezaieten.

Erronka berriak
Ametsa abesbatzan etxeko abeslari txikienentzako lekua dute. Bost eta zortzi urte artean dituztenean Ametsa Txiki Txikia taldean sartzen dira, handitzerako Ametsa Txikia izeneko taldera salto egiteko. Hastear den ikasturtean, berriz, tailerrean haur txiki-txikiak izango dituzte, hau da, 3 urte arteko haurrak, musikarako grina bizitzako lehen urteetatik erakusteko. Leticia Vergararen ustetan abesbatzan izena eman eta kantatzea zer den probatzea da urratsik zailena, hortik aurrera dena emana dator eta. Javier Guerrico Ametsako zuzendariordearen hitzetan, “txikitatik musika probatzen badute, errazagoa izango da handitzerakoan abesbatzan jarraitu nahi izatea”.

“Txikitatik musika probatzen badute, errazagoa izango da handitzerakoan abesbatzan jarraitu nahi izatea”

Javier Guerrico, Ametsa Abesbatzako zuzendariordea

Ikasturte berriaren atarian Javier Guerricok adierazi duenez, “ikasturte hasiera zalantzez beterik aurkezten zaigun arren, argi eta garbi dugu datorrenarekin aurrera egingo dugula”. Ikasturte hasierara begira, Ametsa Abesbatzak 3 erronka nagusi dituela azaldu du Leticia Vergarak. Batetik, arazorik ez izatea ikasturtearen hasieratik amaierara arte, eta kurtsoa normaltasunez gauzatu ahal izatea. Bestetik, arazoak alde batera utzita, abeslarien ilusioa mantentzea. Azkenik, abeslari berri gehiago edukitzea gustatuko litzaieke, Irungo haurrek Ametsa Txikin ondo pasatu dezaketela jakin dezaten.

 

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude