Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Kazkazurik jarriak.
1-Sorta hau idazteko
hartua dut beta
buruari emanda
makina bat buelta
adinaren gaineko
nire hausnarketa
berrogeita hamar urte
bete ditut eta.
2-Jaiotzak haurtzaroa
dakar parez-pare
zenbat momentu eder
nintzela nerabe
bat bestearen atzetik
zenbakiek alde!
Urteak joan zaizkit
konturatu gabe.
3-Sasoiko sentitzen naiz
badaukat indarra
baina hain da lausoa
adinaren marra
linbo batean nago
ai zer zoritxarra
za(ha)rrentzat gaztea naiz
gazteentzat zaharra.
4-”Zahartzen ari zara
ta goiari eutsi!”
hori gezurra dala
nola erakutsi
zalantzari tarte bat
nahi nioke utzi
zenbat da urte asko?
zenbat urte gutxi?
5-Galdera potoloa
dugu alafede!
Nork bere erantzuna
egin behar bere
aktiboa izatea
beti da mesede
zenbait ederki daude
laurogeikin ere.
6-Denboraren joanak
dakar desgastea
eta ezinezkoa
hori saihestea
baina izpiritua
badugu askea
ezin ahal da bihurtu
zaharra gaztea?
7-Hogei eta laurogei
ez direnez berdin
mirari haundirikan
ezin leike egin
buruari ahal dela
egoki eragin
gorputza hein berean
emendatu dadin.
8-Berrogeita hamar urte
berdin mende erdi
ongi bizitzekotan
ez dira gehiegi!
Nik zortea izan dut
argi gera bedi
baina gehiago batzen
nahiko nuke segi. (Bis)