BANOA

Doinua : Arratsalde on ta aupa zuek

Egilea: Iker Altuna Albisu

1) Atzean utzi neure herria,

iturri eta mezkita,

eta Bilbora etorri nintzen,

dena izan da epika. (bis)

Orduz geroztik zenbat borroka

eta zenbat kalapita!

Zentro batera ekarri naute,

denak ditut ausikika.

Ihes egingo dut, tita!

Igual gehiago sufrituko dut,

baina neuk erabakita. (bis)

2) Lagun guztiei aipatu diet,

dira planaren lekuko;

ordea planto egin didate, ez baitira ausartuko. (bis)

Kartzela puta hau utziko dut

gaua iritsi orduko,

izarrak eta iluntasuna

izango ditut gertuko.

Ez diot egingo uko!

Poliziari deituta ere,

ez naute harrapatuko. (bis)

3) Dirudienez deitu dituzte,

eta ehizara atera;

ederki asko betetzen dute

eskatzen zaien papera. (bis)

Indar betean alde egin dut

korrika sasi artera.

Haien arnasa senti dezaket

neurearekin batera.

Eskuak ditut artega,

baina alferrik galdu dute ni

atxilotzeko aukera.

4) Geroztik modu horretan nabil,

eskapo eta eskapo;

emoziorik bizi honetan

ez zait sekula faltako! (bis)

Nolanahi ere, emaitza ez da

guztiz neure kalterako;

itsas hondoan egon nintekeen

gaur, esate baterako.

Bizitza, esan beharko:

eskerrik asko berriz aukera

bat eman didazulako! (bis)

5) Jateko zerbait harrapatzeko

ibiltzen naiz ezinean,

supermerkatu atzealdeetan

askotan ahaleginean. (bis)

Gau hotzak ere luzeak dira

kartoi soil baten gainean;

horietara ere ohitu naiz,

aurrera noan heinean.

Itxaropena soinean;

inortxo gabe, ezertxo gabe,

baina libre azkenean. (bis)

6) Zoritxarrean ezagutu dut

hainbeste jende soraio:

mafioso, apaiz, irakasle txar,

munipa eta zipaio. (bis)

Nire bidea oztopatzeko

egin dute hainbat saio,

baina finean neu naizenari

beti lotuko natzaio.

Esaten dizuet, aio!

Zuen menera bizirauteko

ez nintzen mundura jaio. (bis)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude