Real Uniónek bere onena emateko lanean jarraitzen du

Real Uniónek denboraldian bere onena erakusteko lanean jarraitzen du. Azken partiduan, Tarragonako Gimnàstic taldearen kontrako partiduan, porrota jasan arren, taldeak ez du denboraldi hasieran ezarritako helburuak lortzeko amore ematen. Talde irundarrak denboraldi amaiera iritsi aurretik bere onena erakutsi beharko du jaitsiera postuak saihesteko.

Real Unión klubeko lehen taldea denboraldi gorabeheratsua burutzen ari da. Izan ere, orain arte denboraldiko lehen zatiak porrotek eta garaipenek eragindako sentimendu gazi-gozoak sentitzeko aukera eman dio klubari . Esaterako, azaroaren 27an Stadium Galen Real Uniónek Nástic taldearen aurka indarrak neurtu zituen. Klub irundarrak azaldu duenez, “denboraldi honetan lehenago Irunen bizi izandako partida baten errepikapenaren sentsazioa eman du. Izan ere, aurkariek oharkabean aurrea hartu diote irundarrei eta Aitor Zulaikaren mutilek ez dute markagailua iraultzea lortu.

Stadium Galen jokatutako azken partidua Lehen Federazioko 2. multzoko ligako 13. jardunaldia izan da. Zelaian 1.000 ikusle inguru bildu ziren norgehiagokaz gozatzeko. Partidaren hasieratik bisitariek talde txuri-beltzari aurrea hartu zioten, Guillermok 4. minutuan egindako erremateari esker. Bigarren kolpea 29. minutuan iritsi zen, Aarón Reyk sartutako golarekin. Tarragonak jokalariak minutu bat lehenago egindako hanka-sartzea konpontzea lortu zuen horrela, partiduko 28. minutuan baloia ateko zutoinaren kontra bidali baitzuen.

Aldageletatik igaro ostean, Espigaresek 11 metroko distantziatik penaltia sartzea lortu zuen norgehiagokaren 61. minutuan. Irtenbiderik gabeko porrotaren gertutasunarengatik izuturik, etxeko taldeak azkar erantzun zuen. Horrela, 63. minutuan Chema Núñezek Real Unión taldearentzako lehen puntua lortu zuen markagailuan. Ordu laurden geroago, Capelete area kanpotik saiatu ostean, Montorok markagailura bigarren puntu bat batzea lortu zuen. Partidua amaitu aurretik Zulaikaren mutilak berdinketa lortzen saiatu baziren ere, porrota onartu behar izan zuten partidaren amaiera iragartzen zuen txistua entzuterakoan.

Hurrengo partiduan talde irundarra Numanciaren aurka lehiatuko da, Nuevo Estadio Los Pajaritos zelaian. Ligako 14. jardunaldiko partidua abenduaren 4an izango da, eguerdiko 12:00etan. Ondoren, abenduaren 8an, Sabadell taldea bisitatuko du, Nova Creu Alta zelaian arratsaldeko 18:45ean jokatuko den partiduan.

Denboraldiaren balantzea
Lehen Federazioko 13. jardunaldia jokatu ostean, bigarren taldeko sailkapenean 18. postuan aurkitzen da Real Unión. Denboraldiko lehen zati honetan talde irundarrak 3 partidu irabazi ditu, 4 berdinketa lortu ditu eta 6 partidu galdu ditu. Gauzak horrela, sailkapenean 13 puntu biltzea lortu du. Azpitik, Calahorra eta Athletic Klubeko B taldeak dauzka, bakoitza 12 punturekin. Bestetik, sailkapenaren gorenean Castellóneko taldea dago, 27 punturekin. Jaitsiera postuetatik aldentzea lortzeko, Real Uniónek Intercity Sant Joan, La Nucía eta Sabadell taldeen aurretik kokatu beharko du.

Kopako txapelketa
Errege Kopan berriz, Real Uniónek lorpen garrantzitsuak lortu ditu. Izan ere, Lehen Mailako talde garrantzitsu bat kanporatzea lortu dute irundarrek, Cádiz Futbol Kluba, alegia. Partidua azaroaren 13an jokatu zen eta denboraldi osoan Gal stadiumeko harmailetara zale gehien joan ziren eguna izan zen, hau da, 2.500 ikusle inguru. Irundarrek Andaluziako bisitarien aurrean markagailua birritan iraultzea lortu zuten, partidua luzapeneraino eramanez.

Kopako partidua erritmo onean hasi zen, 15. minutuan Pérezek irundarrentzako lehen puntua lortu baitzuen. Cádizeko jokalariek mehatxuari azkar erantzun zioten eta minutu bat geroago Sánchezek bisitarien markagailua berdintzea lortu zuen. 45 minutu igaro ziren markagailuan beste aldaketa bat gertatu zen arte, baina gehitutako puntu berriak ez zuen ezer erabaki: Negredok Cadizen bigarren gola sartu zuen. Partidua amaitzekotan zegoela, 79. minutuan Pérezen bigarren jokaldi batek irundarrei borrokan jarraitzeko aukerak eman zizkien. Sánchezek Partiduaren luzapena aprobetxatzen jakin zuen eta Real Unióni 3-2ko emaitza oparitu zion.

Errege Kopako hurrengo neurketa abenduaren 20an, asteartean jokatuko da. Gaueko 21:00etatik aurrera Zulaikaren mutilek RCD Mallorcako jokalariak jasoko dituzte etxean. Partidua Errege Kopako bigarren kanporaketa izango da.

Kromo bilduma salgai
Azken asteetan, berriz, Real Uniónek klubeko zaletu txikienak pozteko albistea eman du. Izan ere, klub irundarrak kromo bilduma ofiziala salgai jarri baitu. Bertan, Real Unióneko 8 talde federatuak daude ordezkatuta, Lehen Federazioko taldetik Infantil Txikira. Kromoak klubeko denda ofizialean saltzen dira gaurtik aurrera, paketea euro baten truke; albumak, berriz, 3 euroren truke eros daitezke.

Bilduma osoak 180 kromo ditu. Klubeko jokalariez gain, albumak badauzka ere klubaren historia eta taldeko jokalarien sinadurak eta oroigarriak jasotzeko atalak. Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidenteak azaldu duenez, denboraldi batzuen ostean proiektu hau berreskuratzea lortu dute Akinda enpresarekin sinatutako kolaborazio akordioari esker. “Denok bildu ditugu txikitan Munduko Txapelketako, Eurokopako edo ligako kromoak; zer hoberik Real Unióneko jokalariekin bilduma bat egiteko aukera izatea baino, lehen taldeko plantillatik hasi eta harrobiko azken talderaino”, adierazi du Emeryk. Horrela, Real Unióneko jarraitzaile txiki eta helduen ilusioa bizirik iraunarazteko lanean jarraitzen du klubak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude