Auzo sortzailea programaren hurrengo edizioa Behobian izango da

Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du «Auzo sortzailea» ekimenaren 2022ko edizioa Behobian egingo dela, Irantzu Lekue artistaren eskutik.

Juncal Eizaguirre ordezkariak nabarmendu duenez, «programa honen laugarren edizioa da jadanik, eta kultura Irungo auzoetara eramateko gure konpromisoari erantzuten jarraitzeko itzuli da. Zorioneko gaude. Bueltan da auzoko espazioak arte garaikidearen bidez dinamizatzeko programa hau. Kontua da parte-hartzaileek ideiak proposatzea, gero artista eta bitartekaritza kulturaleko lantaldea arduratuko dira ideia horiek gauzatzeaz. Emaitza, gainera, onuragarria izango da auzoarentzat».

Auzoa aukeratzeko, kontuan izan da edizio honetarako gonbidatutako artistak eginiko proposamena. Izan ere, artistak hiriko mugen gaia landu nahi du, «muga horiek lotura bihurtzeko». Auzo sortzailearen edizio honetako berritasun gisa, artistak berak hasiera-hasieratik hartuko du parte proiektuan. Bera arduratuko da bitartekaritzaz eta dinamizazioaz, bai eta esku-hartze artistikoaren behin betiko exekuzioan laguntzeaz.

Herritarren parte-hartzea da programa honen ezaugarri nagusia. Auzotarren beharrak edo desioak identifikatzen dira, aisialdiari, gazteriari, hirigintzari edo bestelako alorrei dagokienez, eta esku hartzeko erronka bat ezartzen da, betiere tresna bezala arte garaikidea erabilita. Edozein herritarrek har dezake parte, baita talde eragilea osatu ondoren ere.

Helburua auzotarrak eta artistak elkarrekin harremanetan jartzea eta baliabideak eskaintzea da, bai eta espazio publikoan esku hartzea ere, artea eta kultura deszentralizatzen laguntzeko. Aurreko edizioak Katean, Elitxu-Lapitzen eta Urdanibian egin ziren.

Lehen bilera, otsailaren 11n
Talde eragilea osatzeko, otsailaren 11n bilera bat egingo da Behobiako auzo-elkartearen egoitzan, iluntzeko 19:00etan. Interesa duten guztiei luzatzen zaie bertaratzeko gonbidapena.

Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987)

Diziplinarteko artista eta aktibista kultural honen obran pisu handia du kontzientziazio sozialak. Zenbait teknika eta estiloren bidez, askotariko gaiak landu ditu, hala nola memoria, arrazismoa, gizarteko bidegabekeriak, klima-aldaketa edo emakumeen egoera, guztiak ere existentziari buruzko hausnarketa batez harilkatuak. Bere sormen lanetan pintura abstraktua eta figuratiboa argazkigintzarekin, eskultura kontzeptualarekin, instalazio artistikoekin, bideoartearekin eta muralismoarekin uztartzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude