XII. Bidasoako Rallyak Bidasoa eskualdeko errepideak zeharkatuko ditu martxoaren 30ean. Sardara Hondarribiko Motor elkarteak zortzi tramoz osaturik egongo den lasterketa antolatu du. Bidasoako Rallya 2004 urtean antolatu zen azkeneko aldiz eta aurtengo lasterketa Euskadi eta Nafarroako Asfaltozko Rally Txapelketetarako puntuagarria izango da.
Sardara Hondarribiko Motor elkartea Hondarribiko Rallysprintaren antolaketan murgildurik egon da azkeneko 10 urteetan zehar. Jon Amiama lasterketaren antolakuntzako kideak azaldu duenez, Rallysprinta modalitate ezberdina da, izan ere, bertan tramo bakarra dago eta parte-hartzaileak hiru aldiz igarotzen dira bertatik. Rallyan, ostera, 4 tramo ezberdin daude eta 2 aldiz igarotzen dira bakoitzetik.
Martxoaren 22ra arte izango dute parte-hartzaileek Bidasoako Rallyan inskribatzeko aukera. Momentuz 30 auto inskribatu dira eta Jon Amiama antolatzailearen hitzetan, “Inskripzio-muga 80 autotan ezartzea erabaki dugu lasterketaren antolakuntza egokia bermatzeko”. Amiamak azaldu duenez, inskripzio-epearen azken astera arte itxaron ohi dute parte-hartzaile askok lasterketan izena emateko.
Bi egunetako egitaraua
Lasterketarekin loturiko lehen ekitaldiak martxoaren 29an, ostiralean, hasiko dira. Arratsaldeko 17:00etan Hondarribiko Kirol Kaian kotxeei egiaztapen-probak egingo zaizkie araudia eta segurtasun-bermeak betetzen dituztela egiaztatzeko. Horren ostean, arratsaldeko 18:00ak aldera autoak San Pedro kalean ikusgai ipiniko dira. Autoen aurkezpen ekitaldia 20:30etan izango da.
Martxoaren 30ean, lasterketa egunean, kotxeak goizeko 8:00tan abiatuko dira Hondarribiko Kirol Kaitik, goizeko 9:00etan lehen tramoa izango den Aiako Harrietako Ingelesaren Gazteluaren tramoari hasiera emateko. Bigarren tramoa Jaizkibelen izango da goizeko 9:45etatik aurrea. Asistentzietatik igaro ostean, goizeko bi tramoak errepikatuko dituzte lasterketako parte-hartzaileek 11:45 (Ingelesaren Gaztelua) eta 12:30etan (Jaizkibelen).
Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, autoak Jaizkibelera itzuliko dira 15:25etatik aurrera. Hurrengo tramoa 16:05etan hasiko da eta San Martzial mendikoa izango da. Irungo Urdanibia plazan geldialdia egin ostean, goizean bezala, arratsaldeko tramoak bi aldiz errepikatuko dira ere, hau da, 18:05etan (Jaizkibel) eta 18:45etan (San Martzial). Eguna amaitzeko Hondarribiko San Pedro kalean sari-banaketa egingo da.
Ezinbesteko laguntza
Beste txapelketekin gertatzen den moduan, Rally hau aurrera atera ahal izateko babesleen laguntza ezinbestekoa da. Lasterketako babesle ofiziala Hyundai Oarso Car da, baina, Jon Amiamak gogoratu duenez, “babesle txikien laguntza oso beharrezkoa da ere”.
Babesleez gain, lasterketaren egunean batez ere, antolakuntza lagunduko duten boluntarioen lana ere ezinbestekoa da. Jon Amiama antolatzaileak azaldu duenez gutxi gorabehera 120 boluntarioen laguntza beharrezkoa izango da lasterketaren egunean errepideak moztu eta komisario lanetan aritzeko, beste zeregin batzuen artean. Amiamak gaineratu du, “lasterketaz gozatu ahal izateko garrantzitsua da ikusleek komisario eta boluntarioen oharrak errespetatzea”. Beraz, azkeneko prestaketa lanak amaitu ostean, dena prest egongo da Irun eta Hondarribiko lurrak hartuko dituen rally honetaz gozatzeko.