Irunen garapen urbanistikoa aurrera darrai

Joan den asteazkenean, Udal Plangintzako Kontseiluak Irungo udaletxean egindako bilerako gai zerrendaren barruan, hiriko zenbait eremu urbanistikotako berritasunak landu ziren: Txenperenea, aduana zenaren atzealdea eta Olaberria harana. Bada, prentsaurreko batean, Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek haien berri eman du.

Txenperenea
«Hasiera-hasierako fasean gaude oraindik, baina urratsak egiten. Puntu horretan plan orokorra aldatzeko prozesua aktibatzen proposamena da hau, funtsezko elementua eremua garatzeko. Prozesuan zehar, aurreikusitako erabilerak nabarmen hobetzeko aprobetxatu dugu: berdeguneak handitu ditugu, antolamendu jasangarriago batekin, eta hiriarentzako ekipamendu sorta handi bat txertatu dugu», adierazi du Miguel Ángel Páezek.

Hirigintza arloa 163.000 m2-ko eremua lantzen ari da, hiriaren hegoaldean, Larreaundin, Lapitzen eta Oñaurren. Proposamenaren ezaugarri nagusien artean, aipagarria da oso hirigintzako antolamendu berria jasangarriagoa dela ingurumenaren ikuspegitik, bai eta trinkoagoa eta erabilera gehiagokoa ere (bizitegiak, lantegiak, merkataritzakoak…).

Ildo horretan, berdeguneak handitu dira, Alai Txoko eta Egiluzeko zuhaiztia eta Berio kalea lotuko dituen parke lineal handi batekin. Horrela, jarraitutasuna emango zaio hiri-bilbeari, eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazio libreak indartuko dira. Horrez gain, ekipamendu berriak sortzeko aukera jaso da (kiroletakoak, hezkuntzakoak edo sozialak), eremuari berari zein inguru mugakideei zerbitzua emateko.

Formulazio honetan, aipagarria da Plaiaundiko kirol-instalazioen lekualdaketa, 20.000 m2 inguruko azalerarekin. Eremuaren zonarik lauenean jarriko dira eta, horrela, parke lineala ekipamenduaren iparraldean egongo da, eta bide nagusia, aldiz, hegoaldean.

Antolamendu horrek, gainera, aukera emango du eremuan bizitegitarako programa handi bat egiteko. Horretarako, etxebizitza-parke bat aurreikusi da, eta horren % 75ek babes publikokoa izan beharko du, gutxienez.

Via Irun plan orokorrean
Udal-taldeen eta hiriko erakunde sozialen ordezkariak biltzen dituen Plangintzako Aholku Batzordean landutako beste gaietako bat hiriko geltokiaren inguruko eremuko plan orokorraren aldaketa izan da.

«Aldaketak egongo dira beste eremu batean ere: geltoki ingurua eta, batik, bat aduana zaharraren eremua, hiriarentzako horren garrantzitsua den Via Irun proiektua abian jartzearekin lotutako puntua. Eremu horretan jardun ahal izateko plan orokorra aldatu behar da, eta gertuago dago hori, hasierako onespenaren fasea hasi baita dagoeneko», adierazi du Hirigintzako ordezkariak.

Aldaketa hori osoko bilkurak erabaki behar du, baina aurrena dokumentuari buruzko iritzia emateko txostenak eskatu zaizkie ADIFi, ETSri eta Abiazio Zibilari. Helburua da aldaketa-proposamena udalbatzara eraman aurretik administrazio horien guztien oniritzia izatea.

Aldaketaren xede izango den eremuak 76.400 m2 ditu, eta asmoa da aduana zaharraren atzeko aldeko trenbide-espazioa hiriarentzat berreskuratzea. Belaskoenea auzotik gertuen dagoen eremua da, eta gaur egun ez da erabiltzen. Bizitegitarako, jarduera ekonomikoetarako, ekipamendutarako eta berdegunetarako erabilerak planteatu dira, besteak beste. Beste aldean geratuko litzateke ADIFek egiteko asmoa duen geltoki berriaren proiektuaren eremua.

Olaberria
Azkenik, Miguel Ángel Páezek berretsi du duela aste gutxi batzuk onetsitako Olaberriko Plan Berezia jendaurrean dagoela. Plan berezi horren onespena urrats garrantzitsua da, luzez esperotakoa, bai eta hiriko landa-gune esanguratsuenetako batekin genuen konpromisoa ere, eta bat dator harana hobetzeko eta kontserbatzeko berriki hartu diren beste ekimen batzuekin ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude