Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi duenez, «Ricardo Requejo» zikloaren barruan, kontzertu bat eskainiko du Daniel Ligorio pianistak datorren igandean (urtarrilak 15). Zehazki, arratsaldeko 19:00etan izango da, gure hiriko Amaia Kultur Zentroan. Kontzertu berezi horretan Beethovenen musikaz gozatu ahalko dugu Daniel Ligorio pianista trebeak interpretatuta.
Ligoriok ibilbide luze eta arrakastaz betea izan du nazioartean, eta zenbait pieza bikain eskainiko dizkigu, hala nola Ilargi zuriaren sonata, Ekaitza edo L’aurore. Sarrerak 5 euroan salduko dira Amaia KZko txarteldegian eta Amaia KZ webgunean.
Ziklo hau bertako zenbait artistaren ekimenez abiatu zen 2018an. Orduan, Irungo Udaleko Kultura arloarekin, «Ganbera musikako igandeak» programa martxan jarri zuten, Ricardo Requejorekin batera. 2019an, «Ricardo Requejo ganbera-musikaren zikloa» izena hartu zuen ekimenak, proiektuaren sustatzaile nagusiaren omenez. Izan ere, pianista irundar eta hiriko Urrezko Dominaren irabazle hura 2018ko azaroan hil zen.
Hortaz, kontzertu-ziklo honen seigarren edizioa da aurtengoa. Urtarriletik maiatzera antolatzen da, eta musika-ikasketei gure hirian ekin zieten irundar eta hondarribiarrak dira protagonistak. Orain Espainiako eta Europa osoko orkestretan lanean edo askotariko ikastetxeetan irakaskuntzan dabiltzan ikasle ohi horiek guztiak Irunera itzultzen dira, ikasi zuten guztia erakusteko.
Daniel Ligoriori buruz
Kritikarien eta entzuleen ustez, Daniel Ligorio Ferrándiz pianista (Martorell, Barcelona, 1975eko irailak 5) Espainiako onenetakoa da. Gaur egun irakasle-lanetan aritzen da Bartzelonako Lizeoko Goi Musika Eskolan.
Ganbera-musikako zenbait taldetako pianista eta kide gisa sari ugari irabazi ditu, eta horiei esker kontzertu-bira garrantzitsuak eman ditu hala Europan nola Ameriketan. Sari horien artean, nabarmentzekoak dira Espainiako Gazte Musikalen lehiaketakoa, Kristina Infanta saria edo Yamaha fundazioarena edo, nazioartean, Kendall Taylor Beethoven Piano Prize, Quilter Piano Competition, Hopkinson Gold Medal & Sydney & Peggy Shimmin Piano Prize eta International Tournamet Competition sariak, Espainiako ganbera-musikako talderik onenaren errekonozimendua jaso ondoren, edota Veronako Gaetano Zinnetti lehiaketaren lehen saria.
Gaur egun, Naxos diskoetxearekin lanean dago Ameriketako trioen grabaketa bat prestatzen, bai eta kontzertu-bira bat ere, Manuel de Falla konpositorearen pianorako integralaren azken grabaketa sustatzeko.