Aurrera klinikak zure bizitzako zailtasunei aurre egiteko irtenbideak proposatzen dizkizu

Aurrera Klinika Irungo Hondarribia kaleko 34. zenbakian kokatua dago. Ibon Fidalgo Martin eta Maider Gonzalez Urtizbereak Fisioterapia eta Iñaki Etxeberria Montenegrok nutrizio zerbitzuak eskaintzen dituzte bertan. Aurreran diziplina anitzeko talde bat aurkituko duzu zure zerbitzura. Ibon Fidalgok eta Maider Gonzalezek klinikan eskainitako zerbitzuak azaldu dituzte.

Nola erabaki duzue zeuen klinika propioa muntatzea?
Maider: Proiektua duela zenbait urte hasi zen sortzen, fisioterapiaren munduak izan duen bilakaera ikusita eta nahiko lanbide berria izanik. Terapia aktiboan eta ariketa terapeutikoan askoz zentratuago egongo den zerbitzu bat eskaini nahi dugu. Horregatik, guretzat nahiko garrantzitsua zen horretara egokitutako lan-eremu bat izatea.

Zergatik erabaki zenuten klinikari Aurrera izena jartzea?
Ibon: Aurrera hitzak mugimenduaren norabidea esan nahi du, aurrera. Norabide hori hartu nahi dugu guk gure lan egiteko moduarekin. Egunero hobetu nahi dugu, ikertuz, irakurriz eta ikasiz, eta pazienteei beraiei helarazi nahi diegu gure jakintza eta hobekuntza. Lesioren bat gertatzen denean edo patologia motaren bat dugunean, ez dugu ahaztu behar aurrera egiten jarraitu behar dugula, ahal den guztia hobetzeko. Beraz, aurrera hitzak gure lan filosofia biltzen du.

Ireki berri den klinika bada ere, ba al zenuten esperientziarik aldez aurretik?
Maider: Hainbat urteko esperientzia dugu inguruko kirol klubetan eta klinika pribatuetan. Hala ere, garrantzitsuena ez da honaino ekarri gaituen bidea, baizik eta egunero egiten dugun lana. Fisioterapia lanbide oso berria da eta aldaketa eta eboluzio jarraian dihardu, horregatik da hain garrantzitsua egunero trebakuntzan denbora inbertitzea.

Nortzuk osatzen duzue aurrera klinikaren lantaldea?
Ibon: Aurrera Klinika bi fisioterapeutek eta nutrizionista batek osatzen dute. Fisioterapiako zerbitzua Maider Gonzalez Urtizbereak eta, nik, Ibon Fidalgo Martinek daramagu eta traumatologian, kirol fisioterapian eta erreadaptazioan espezializatuak gaude. Bestalde, Iñaki Etxeberria Montenegrok darama nutrizioaren arloa, kirol nutrizioan eta nutrizio klinikoan espezializatua baitago.

Zein da klinikaren kokapena eta instalazioak?
Maider: Aurrera Klinika Irunen dago kokatua, Hondarribia kaleko 34.W zenbakian, 33. zenbakiaren parean. Instalakuntzei dagokienez, terapia aktiborako prestatutako gimnasio bat, bi kontsulta, komuna, aldagelak eta dutxak ditugu bezeroen zerbitzura. Errehabilitazio gimnasio bat dugu mugimenduko eta ariketa terapeutikoko lan aktiboagoa eskatzen duen guztia lantzeko. Gainera, bi kontsulta-gela eta dutxa eta aldagela dituen komuna ere baditugu.

Beraz, bi zerbitzu mota eskaintzen dituzue. Alde batetik, fisioterapia-zerbitzuak daude?
Ibon: Fisioterapia zerbitzuan, traumatologian, errehabilitazio/erreadaptazioan eta kirol lesioetan adituak gara. Horien artean, belauneko lesio traumatikoetan (lotailu, menisko eta abarreko lesioak) espezializatuta gaude eta Knee Spain-eko kide gara, Espainia mailan belauneko lesioetako adituen fisioterapeuta taldea. Gainera, tendoietako patologian ere espezializaturik gaude. Hala nola, Aquilesen tendoietako lesioak, tendoi errotulianoa, tenislari ukondoa, trokanteritisa, De Quervain tenosinobitisa eta sorbaldako “tendinitisa”. Bestalde, neuropatiak ere tratatzen ditugu: herniak, erradikulopatiak, ziatikak, karpoko tuneleko sindromea eta beste hainbat.

Bestalde, erabilgarria iruditzen zaizue nutrizio eta fisioterapia zerbitzuak batera eskaini ahal izatea?
Maider: Aurrera Klinikan diziplinarteko talde bat sortzen ari gara, arazo bera kudeatzeko hainbat espezialista elkarlanean jartzeko. Kasu honetan, fisioterapeutak eta nutrizionistak. Nutrizio klinikoak zenbait patologia, esate baterako arazo hormonalak edo emakumeen ugalkortasunari loturikoak, elikaduraren bitartez hobetu eta tratatzeko ahalmena ematen digu. Kirol nutrizioarekin, maila desberdinetako kirolariei beren helburuak lortzen eta markak hausten laguntzen diegu. Gorputzaren osaeraren balorazioak ere egiten ditugu, modu objektibo batean pazientearen gorputza fisioterapiako eta nutrizioko tratamenduetara nola moldatzen den jakiteko, edota beste lesio eta gaitz fisiologiko batzuk saihesteko.

Oso oker ez banago, eskaintzen dituzuen tratamendu guztiak modu pertsonalizatuan sortu dituzue pazientearentzat, ezta?
Ibon: Bai, hala da. Guk ez dugu ulertzen paziente bat beste bat bezala tratatzea, ez baitugu patologiarik tratatzen, baizik eta patologia edo lesio bat duten pertsonak. Ulertu behar da min bat edota lesio bat askotan beste disfuntzio batzuen ondorioa izaten dela. Garrantzitsua da mina arintzea, eta gainera garrantzitsua da ulertzea zerk ematen duen min eta hori saihesteko egin daitekeena. Hobekuntzak ez du egun edo aste baterako bakarrik izan behar, baizik eta X denboraren ondoren konponduta egon daiteke min hori.

Zerbitzua eskaintzerakoan pazientea berreskurapen prozesuaren parte egiten duzue, zergatik?
Maider: Hau izaten da ia tratamendu guztien gakoa. Ezinbestekoa da pazienteak zer gertatzen ari den ulertzea, zer gauzek egiten dioten kalte, zer datorkion ondo eta zein neurritan. Horretarako pazienteak bere lesioaren inguruan hezkuntza jasotzen du Aurrera Klinikan. Horretaz gain, pazienteari tresnak ere eman behar zaizkio bere osasuna kudeatzeko eta dependentziarik ez sortzeko. Horretarako garrantzitsua da ariketekin atxikidura sortzea ariketa horiek bere egunerokotasunean barneratzeko, konstantziak edo ahaleginean saiatzeak ekartzen baitizkigu aldaketa garrantzitsu eta iraunkorrak.

Nola jar daitezke harremanetan zuekin zuen zerbitzuetan interesa dutenak?
Maider: Zuzenean hurbil zaitezke Hondarribia kaleko 34W zenbakian dagoen gure klinikara. Telefono zenbakia 623 007 321 da eta helbide elektronikoa info@aurreraklinika.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude