Ilargi Spa Urbano Aduana kaleko 15. zenbakian kokatutako erlaxaziorako espazio berria da. Paula Guerra Lozanok hainbat masaje, tratamendu eta wellness zerbitzu eskaintzen ditu. Ilargin deskonexiorako espazio bat eskaini nahi dute, horretarako Irungo erdigunean dagoen espazio bat erabiliz. Paula Guerra Lozanok Ilargin eskaintzen dituzten zerbitzu ezberdinak aurkeztu ditu.
Nola bururatu zitzaizun Ilargi hiri spa Irunen irekitzeko ideia?
Urte batzuk daramatzat masajeen munduarekin zerikusia duten zerbitzuak eskaintzen. Ni kiromasajista naiz, baina denborarekin ikusi dut bilakaera handi samarra izan dela wellnessaren eta elikaduraren sektorean. Gauza horiek gero eta gehiago gustatu zaizkit; horregatik, nire prestakuntza handitzen joan naiz. Horretarako, leku ezberdinetan egon naiz prestakuntzak egiteko. Eta horrela bururatu zitzaidan, zergatik ez egin horrelako zerbait hemen? Azken batean, jende asko igarotzen den lekua da, eta turista asko ere badaude. Izan ere, nik eskaintzen ditudan zerbitzuak nahiko zabalak dira, eta mota askotako jendearentzat balio dezakete. Proiektua antolatzen hasi nintzenean, pixkanaka ideia gehiago sortu ziren eta, azkenean, sortu dudan proiektua jendeari asko gustatzen ari zaiola uste dut. Gero, lokal bat bilatu behar izan nuen, eta pentsatu zein zen gunerik onena negozioa sustatzeko eta funtziona dezan.
Zeintzuk dira hemen eskaintzen dituzun zerbitzuak?
Kiromasajista naizen aldetik, masaje deskontrakturante eta lasaigarri asko egiten ditut, gehien eskatzen direnak direlako. Nabari da gaur egun gizartean estres asko dagoela, jende asko nekatuta dagoela eta beheraldiak dituela. Hori pandemiaren ondoren nabaritu da batez ere. Kirol jardueren aurreko edo ondorengo masajeak ere egiten ditut, bai lehiaketetara begira prestatzeko, bai gero luzatzeko ere. Gorputzeko tratamenduei dagokienez, egiten dudan bakarra zur terapiako tratamendua da. Nahiko teknika berria da, eta asko gustatzen zaio jendeari ezagutzen duenean. Zerbait nahiko berria denez, 30 edo 40 minutu eskaintzen ditut jendea, erabat doan, probatzera etor dadin. Gustatzen bazaie, gero zerbitzu horiek pertsonalizatzen ditugu eta bakoitzak behar duenaren araberako bonuak egiten dizkiegu. Azkenik, masaje exotikoak eskaintzen ditugu, zerbait esklusiboagoa dena. Mota ezberdinetakoak ditugu, Thailandiako masajeak, Balikoak, Hawaiiarra edo Egiptoarra, lihozko oihalez egiten diren luzaketak direnak. Alde horretatik, masaje berezi ugari ditugu.
“Oso garrantzitsua da erlaxatzen jakitea eta norberarentzat denbora hartzea”
Jendeak argi dauka zein masaje mota behar edo nahi duen?
Bai, jendeak asko galdetzen du. Badirudi ezetz, baina kale honek joan-etorri handia du, eta jendeak bitan pentsatu gabe sartu eta gure zerbitzuengatik galdetzen digu. Askotan deigarria egiten zaie erakusleihoan munduko masaje karta iragarrita ikusten dutenean. Horregatik, bezeroek izan ditzaketen zalantzak argitzeko informazio guztia duten esku-orriak prest ditugu jada, pak bakoitzean zer sartzen den argi izan dezaten. Niri ematea gehien gustatzen zaidan eta jendeari gehien gustatzen zaion masaje lasaigarria kandela beroen masajea da. Larru mota guztietarako balio duen kandela berezi batekin ematen da eta oso erlaxagarria da. Asko laguntzen du lo hartzeko, bai eta insomniorako eta haur txiki-txikientzat zein adineko jendearentzat balio du. Hori dela eta, jendeak asko galdetzen du, gure eskaintza oso zabala baita, eta ez da erraza zer nahi duten erabakitzea. Zirkuitua beti eremu hidrotermalean hasten da, jacuzzi bat eta dutxa aromatikoak ditugun tokian, eta batzuetan menda edo eukaliptoa jartzen diegu arnas sistemari laguntzeko. Eta pak bakoitza beraiek aukeratutako masajearekin osatzen da. Masaje horietako asko bikoteka izaten dira.
Bereizten zaituen gauzetako bat eremu hidrotermala da, ezta?
Bai, hirian nobedade bat da, orain arte zerbitzu hauek hemen inguruan Hendaian edo Donostian eskaintzen ziren bakarrik. Ideia hau proposatu nuenean arrakasta handia izan zuen eta uste dut oso erakargarria izan daitekeela Aste Santuan edo udako oporretan etor daitekeen jendearentzat. Nire proiektua martxan jarri ahal izateko, asko lagundu didate elkarteek eta prestakuntza jaso dudan eskolek, nahiz eta hemengoak ez izan. Azkenean, interes handia dago horrelako zerbitzuak sustatzeko eta lehen eskaintzen ez ziren eremuetara iristeko. Jendeak hiri ihesaldi bat egiteko aukera ematen duten lekuak eskaini nahi ditugu, etxetik gertu eta urrutira joan beharrik gabe. Gainera, nahi dutenean etor daitezen merkeak izatea komeni da. Oso garrantzitsua da erlaxatzen jakitea eta norberarentzat denbora hartzea. Ordu bat edo bi izan arren, garrantzitsua da erlaxatzeko denbora hartzea. Lokala oso isila da, eta bezeroak sartzen direnean beti mugikorra itzaltzeko edo isilarazteko eskatzen diegu. Hori egitea derrigorrezkoa da, bestela ezin baita erlaxatu.
Beraz, zuen zerbitzuak ez daude hemengo jendearentzat bakarrik pentsatuta, bisitarientzat ere badira?
Hori da. Guztira hiru eskolatan ikasi dut, Madrilen, Bilbon eta Marbellan. Prozesu horretan konturatu naiz oso leku turistikoan bizi garela, Hendaia eta Hondarribia alboan ditugulako eta jende asko erakartzen duten lekuak direlako. Horregatik, jakin behar dugu hori aprobetxatzen.
Nolakoak izan dira irekieraren osteko lehen egunak?
Egia esan, badirudi Spak interes handia sortu duela, batez ere auzokoen artean. Jendea auzoan zer ireki den ikustera hurbiltzen da. Jendea hurbiltzen denean lokala erakusten diet, eta, egia esan, asko gustatzen zaie. Gerturatu zen pertsona batek esan zidan pena handia ematen diela auzoan negozio bat ixten denean. Orduan, auzoan denda berriak irekitzen direla ikusten dutenean, asko pozten dira. Horregatik, jendea oso adeitsu hurbiltzen da galdetzera zer moduz nagoen, zerbait behar ote dudan edo kafe bat eskaintzera. Alboko saltokiek ere zoriondu naute irekieragatik. Auzoak joan-etorri handia du dendengatik, institutuagatik eta akademiengatik. Ez nuen uste kale zati honetatik hainbeste jende pasatzen zenik, eta asko gustatzen zait jendea askotarikoa delako.
“Nire lanean gehien gustatzen zaidan gauzetako bat, zure prestakuntza etengabe berritu behar duzun lanbide bat izatea da”
Lanbide honek etengabeko prestakuntza beharko du noski, ezta?
Bai, hori da, hain zuzen ere, nire lanean gehien gustatzen zaidan gauzetako bat, zure prestakuntza etengabe berritu behar duzun lanbide bat izatea da. Horrek pertsona sortzailea izatera eramaten zaitu, sortzen diren teknika berriak zure zerbitzuetan nola txertatu pentsatu behar duzulako. Gainera, jendeak hori nabaritzen du eta itzuli nahi izatea eragiten du. Gauza berriak eskaintzea oso gustuko dute bezeroek.