Irunek Errugbiaren Jaia bizi zuen Txingudi klubaren eskutik

Plaiaundin eskolen arteko errugbiaz gozatu ondoren, jai giroak Irungo erdiguneko kaleak hartu zituen

Irunek Errugbiaren Jaia ospatu zuen larunbatean Txingudi klubaren eskutik. Asturias, Kantabria, Errioxa, Iparralde, Nafarroa eta Gipuzkoatik etorritako hamalau klub ezberdinetako berrehun bat haurrek, zazpi taldetan antolatuta, berrogei partida baino gehiago jokatu zituzten goizean Plaiaundiko berdegunean. Euria goizeko lehen orduetan izan bazuten ere, baloi obalaren topaketa handiak gora egin zuen.

Lehiaz aparte, mugako taldearen jokalariek dinamizatutako jolasgune bat ere antolatu zuten bertan eta gaitajole baten musikaz gozatu ahal izan zuten jokalari, prestatzaile zein gurasoek.

Partiden ondoren, ohiko hirugarren denbora eskaini zitzaien jokalari eta epaileei eta, ekitaldia amaitzeko, dominak eta oroigarriak banatu zitzaizkien talde guztiei.

Euriak egitarauan ezarritako salbuespen bakarra kalejirari eragin zion; erdigunean, dena iragarri bezala eman zen. Txingudi Rugby Tabernaren ondoan kamisetak saltzeko postua ireki zuten gizonezkoen taldeko jokalariak, San Juan plazan ipinitako errugbi-zelai txikian emakumezkoen taldekoak gerturatu ziren haurrentzako jolasak dinamizatzen zituzten bitartean.

Txingudi Errugbi Klubetik oso ondo baloratu dute jardunaldia eta, iragarri dutenez, datorren urtean are hobeagoa izan dadin lan gogorra egingo dute.

Euskal ligen finalak, maiatzaren 20an Irunen

Ez dute luze itxarongo eskualdeko errugbizaleek hurrengo ekitaldi handirako. Euskal Errugbi Federazioak publiko egin duenaren arabera, Irun izango da aurtengo Euskal ligetako finalen egoitza. Bost final izango dira Plaiaundin jokatuko direnak (sub 16, sub 18, barneratzailea, senior emakumezkoen eta senior gizonezkoen mailenak) eta bertako antolaketa Txingudi Rugby Taldearen esku izango da.

Partida guztiak zelai bakarrean eta egun berean jokatzea pasa den urtean saiatu zuen Federazioak lehen aldiz Elorrioko San Roke zelaian. Esperientzia hain izan zen positiboa aurten apustua zabaltzeko ahalegina egin dela, errugbi barneratzailearen “Bultza” ligaren finala egitarauan txertatuz.

Finalak jokatuko dituzten taldeak maiatzaren hasieran ezagutuko dira, azken faseko final-erdiak pasa den asteburuan hasi baitziren, baina klubak zein federazioak argi dute euskal errugbiak egundoko jaia biziko duela egun horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude