Irungo Erdiguneko auzo elkarteak auzorako hobekuntzak eskatu ditu

Irungo Erdiguneko bizilagunen elkarteak Mendibil auzoak behar dituen hobekuntzei buruz ohartarazteko idatzia zabaldu du. Horretarako, auzoan beharrezkoak diren jarduerak zerrendatu ditu, eta egun Mendibilek dituen zenbait arazo jarri ditu adibide gisa.

Batetik, Mendibil auzoaren beharrak biltzeko azterlan bat egitearen beharra gogoratu dute auzo elkartetik. Irungo Erdiguneko auzo elkarteko kideek adierazi dutenez, txostenak horrelako ideiak jaso beharko lituzke: Mendibil inguruko espaloiak handitzea, aparkalekuak berrantolatzea, inguruan aparkaleku bat sortzeko aukera aztertzea, arrapalak, eskailerak eta/edo igogailuak sortzea adinekoak edo desgaitasunen bat duten pertsonek auzoko goiko eremuetara eroso iritsi ahal izateko aukera izan dezaten, oinezkoen pasabideak aldatzea eta beste batzuk sortzea, eta abar. Izan ere, auzo elkartetik azaldu dutenez iazko abuztuan udalak idatziz auzoaren beharrak jasotzeko azterlan bat enkargatzeko asmoa adierazi zuen. Aurtengo otsailean azterketa lantalde bati esleitzear zegoela adierazi zuen udalak, baina auzo elkarteak oraindik ez du lanaren esleipenaren berririk.

Bestetik, auzoan komun publiko bat jartzea eskatu dute, zehazki, Mendibil parkean. Auzo elkartetik uste dute kokapen hori aproposa izan daitekeela, erabilgarria izan daiteke. Horrela, uste da Sortzez Garbiaren egoitzako erabiltzaileentzat, kontserbatorioko ikasleentzat eta gurasoentzat, auzoko bizilagunentzat edo parkera paseatzera doazenentzat oso erabilgarria izan daitekeela.

Azkenik, auzo elkarteak Mendibil auzora iristeko autobus linea baten beharra adierazi du. Udalak hirian bosgarren autobus linea bat sortzeko asmoa adierazi du Mendibil auzorako iritsiko liratekeena. Hala ere, auzoko geralekuaren kokaleku egokiena bilatzeko beharra nabarmendu dute Irungo Erdialdeko auzo elkartetik, kokapen aproposena Sortzez Garbiaren egoitzaren atarian litzatekeelarik. Gainera, autobusa Dunboako anbulatorioraino iristearen beharra azpimarratu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude