171 emakume, istorio eta bizipen omendu dituzte Pikoketako gainean

Abuztuaren 15ean Pikoketako gainean Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Frankismoaren aroan errepresioa jasandako 171 emakume omendu zituen. Bertan, 1936 eta 1945 urteen artean Bidasoako eskualdean emakume errefuxiatu, epaitu, espetxeratu, susmagarrien zerrenda sartutakoak eta atxilotuen izen-abizenak biltzen dituen zerrenda bat ezagutzera eman dute, iraganean gertatutako pasadizoak oroimenean galdurik gera ez daitezen.

Dibulgazio proiektuaren nondik norakoak azalduz hasiera eman zioten omenaldiari, horretarako, Pikoketako gainera hurbildutakoak emakume horiek bizitako garaiaren testuinguruan kokatu zituzten. Elkartearen esanetan, “oroimen historikoaren baitan dago errepresioa jasan izan duen emakume bakoitzaren kasuari argia ematea, argiki, izen abizenak eta errepresio jazoera azalduz”. “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” izenburua hautatu dute elkarteko kideek proiektua laburbiltzeko.

“Oroimen historikoaren baitan dago errepresioa jasan izan duen emakume bakoitzaren kasuari argia ematea, argiki, izen abizenak eta errepresio jazoera azalduz”

Kepa Ordoki MHB elkarteko kideak

Azken hilabeteetan, Kepa Ordoki MHB elkarteak Euskal Herriko artxibategi, liburu edota elkarrizketak baliatu ditu, Bidasoan, 1936-1945 urteen artean errepresioa jasan izan zuten emakumeen kasuak dibulgatzeko.Bildutako informazio guztiarekin 171 izen-abizen eta emakume bakoitzak jasandako egoera ezberdinak topatu dituzte, ostean, zerrenda batean biltzeko, nahiz eta kasu batzuetan datu guzti horiek lortzea ezinezkoa izan den. Hala ere, iraganean galdutako izen edo abizenak salbu, eskualdearen historian zeresana izan zuten emakumeei ahotsa emateko helburua betetzea lortu dute. Elkarteko kideek azaldu dutenez, emakumeek jasandako errepresioa urte luzez “albo batean” egon da.

Ez da kasualitatea elkarteak Pikoketan elkartzeko deialdia egin izana. Duela 83 urte, Espainiar Estatuan jazo zen estatu kolpearen ondorioz, matxinatuek inguru honen kontrola eskuratzen zebiltzala, 18 miliziano fusilatu zituzten, tartean Mercedes Lopez Cotarelo eta Pilar Valles Vicuña, 16 eta 17 urteko emakume gazteak.

Errekonozimendu berezia
Omenaldian 171 emakumeen sufrimendua eta bizipenak gogora ekarri baziren ere, Rosi Perez Blanco eta Juncal Violetek errekonozimendu berezia jaso zuten. Biek “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” proiektuan parte hartu dute elkarteak gauzaturiko elkarrizketen bidez. Haurrak zirela, erbestetik itzuli ziren biak eta herriaren historiaren une ilunenetako bat jasan zuten. Agintari frankisten errepresioa, burlak, bazterketa, edota Rosiren kasuan etxea kendu izana. Kasuistika antzekoa dute Perez eta Violetek. Erbestetik ama eta anai arrebekin itzuli ziren soilik, honela, beraien amek zuten familiaren ardura. Aukera guztiak aurka eduki arren, amek familia aurrera atera zutela gogorarazi du Rosi Perezek. Baita ere, eskualdean emakumeak Frankismoan egin dituen esfortzu guztiak bazterrean gelditu dela gogorarazi du Perezek.

Historiaren memoria
Izen zerrenda honen bitartez eskualde guztiaren iragana berpiztea lortu da, muga inguruko hirien historia markatu zuten hainbat gertakari gogora ekarriz. Adibidez, 1936ko irailaren 4 eta 5a egun azpimarragarriak dira. Eskualdeko biztanleriaren gehiengoak Irun eta Hondarribitik ihes egiteko hautua egin zuen faxismotik ihesean.

Oroimenerako tartea
Errepresioa jasan duen emakumea omentzeaz gain, elkarteak omenaldian aipaturiko errepresio kasu bakoitza izanzirenak.eus web gunean jasoko du. “Oroimen historikoa gizarteratzeko, eta emakumeak jasandako errepresio kasuei zabalpen handiagoa emateko, aproposa ikusi dugu kontsultarako eta bilaketak egiteko web gune bat eratzea”, adierazi dute elkarteko kideek. Oraingoz, 50 kasu jasoak daude eraikitze lanetan dagoen web guneak eta gutxinaka elkarteak beste emakume guztien kasuak bertan jasoko ditu.

Era berean, elkarteak beste 50 emakume berriren errepresio kasuak dokumentatzen darrai. Informazio guztia osatua dagoenean, web gunera gehitu ahal izateko. Honela errepresalia kasuak jasan duten emakuemeen zifra 200era igoko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude