Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G29087: Desagertutako antzoki nagusiaren argazkia, Juan de la Cruz eta Zuberoa kaleen artean kokatuta egon zena.

“El Bidasoa” astekariaren 211. zenbakiaren barnean hiriaren gaurkotasuna ardatz duten albiste eta idatziak biltzen dira. Era honetan, egunerokotasuneko kontuei erreparatzeaz gainera, hirian gertatutako gauza bitxi eta ezohikoei arreta eskaintzen zaie ere.

1919 urteko irailaren 14ean kaleratu zen zenbakiari hasiera ematen dio Musika Bandako zuzendari berriaren izendapena laburbiltzen duen artikulu batek. Jarraian, euskal arrazaren gaia eta euskararen jatorria modu sakonean aztertzen dituen artikulu bat irakurri daiteke aldizkariaren lehen orrialde honetan. Zenbaki batetik bestera errepikatzen den “Anotaciones de un Chismoso” atalean, berriz, azkenaldian Irunera iristen ari diren gaixo eta pertsona ezinduen kopuru handiari arreta ipintzen zaio, izan ere, idazlearen ustetan arazo larri batean bihurtzen ari da eta etorkizunean egoerak okerrera egin dezakeela aipatzen du. Azkenik, EBESEk sinatutako “La Verbena” olerki kutsuko artikuluarekin amaitzen da lehen orrialdea.

G38721: Donostian antolatutako Tuberkulosiaren inguruko II. Nazioarteko Biltzarrean parte hartutako zirujauak Irungo Ospitalea bisitatzen 1912ko irailean.

E.R-k sinatutako artikulu batean hiriko sukaldeetan kontsumitzen den gatzaren kalitatea ezbaian jartzen da. Ostean, Donezteben egiten den Alardea laburbiltzen duen kronika irakur daiteke jarraian. Jaien gaiarekin jarraituz, Hondarribiko Alardea aipatzen da ere, jaien laburpena idatzi behar zuen kolaboratzailea gaixorik aurkitzen dela esan eta, beraz, artikulua idaztea ezinezkoa izan zaiola azaltzeko. Hurrengo idatzietan 1905 urtean hildako idi baten istorio korapilatsua kontatzen da, animali honen haragia non amaitu zuen argitzen saiatzeko. Ondoren, Casinoaren inguruetan antolatuko den dantzaldia aipatzen da.

G57706: Dantzaldia Zabaltza plazan XX. mendearen hasieran.

Udal bilkuran hartutako azken erabakiak errepasatu ostean, Usandizaga omentzeko dantzaldiaren antolaketan laguntzeko hiriko familia ezberdinek egindako diru ekarpenen zerrenda irakur daiteke. Ohikoa den moduan, aldizkariaren amaieran gizartearen goi mailako biztanleen bizitzetako azken jaiotza, ezkontza eta heriotzei arreta ipintzen zaie. Jarraian, turbekulosia pairatzen duten gaixoen tratamenduak sortzen dituen kostuak eta jendearen diru ekarpenak biltzen dira, hiriko komertzio eta zerbitzuen publizitatez gainezka datorren orrialdearen aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude