Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G56594: San Juan plaza eta udaletxea, ezkerretara “Casino de la Amistad” eraikina agertzen da 1900 eta 1907 urteen artean.

1919 urteko maiatzaren 25ean argitaratutako zenbakian “El Bidasoa” astekariko 195. aldizkariko zenbakiari dagokio. Aurreko zenbakietan bezalaxe, gai ugari lantzen dira astekariaren zenbaki berri honetan, San Martzial jaietako lehen prestaketez hitz egiteaz gain.

“De elecciones” tituluarekin, Gorteetako hauteskundeez hitz egiten da, astekariak Azqueta hautagaiari babes osoa erakusten diolarik. Jarraian, “Ir a contra tiempo” tituluarekin “RE-LA-MI-DO”-k idatzitako iritzi-artikulu batean herritarren iritzia, prentsa eta botere-publikoaren arteko harremanaz hitz egiten da, berreskurapen prozesuan dagoen Alardeak merezi duen banda izan dezan. Zenbaki batetik bestera errepikatzen den “Anotaciones de un chismoso” atal ezagunean udararen etorrerarekin biztanleen janzkeran izan ohi diren aldaketak komentatu, kantineren hautaketa prozesuari erreferentzia egin eta musika emakumeak mendira gehiago igotzea eragin dezakeela aipatzen da.

G56604: Ramuntxo triketea eta alboko etxeak ikusi daitezke, Iparralde etorbidean kokaturik zudenak (1927-1930).

Hurrengo artikuluan, Alardeko kide izan ahal izateko bete beharrezko baldintza zorrotzak salatzen dira. “Todo es música” atalean “Lamentaciones de un descontento” tituluarekin Udal Musika Eskolako Kurtso amaierako azterketak egiteko onartu den arautegiarekiko desadostasuna erakusten da.

Kirol kronikan, berriz, Arenas taldea Espainiako Txapelketan txapeldun izan dela aipatu eta Real Union eta Stade Bordelais taldeek jokatuko duten hurrengo partiduaz hitz egin da. Futbola alde batera utzita, Andoain eta Tolosako kross-ei buruzko informazioa ematen da, hortaz gain, San Pedroko krossa aipatzen da ere.

Ostean, tabakoaren inguruko artikulu batean prezio igoera eta kalitatearen murrizketa aipatzen da. “Jira y partido” titulua duen artikuluan mendi irteera baten kronika irakur daiteke, Katea auzoko frontoian jokatutako pilota partidu baten kronika tartekatzen delarik. “En el municipio” atalak, berriz, hiriko azken batzarretan hartutako erabakien berri ematen du. Jarraian, “Dialogo de actualidad” atalean elkarrizketa formatua erabiltzen da hauteskundeko hautagaien inguruan hitz egiten da.

G57464: Udal Korporazioa Udaletxera bidean San Pedroko mezaren ostean (1925-1926).

Azken artikuluetan, “¿Podra ser?” tituluarekin edonon lotan gelditzen diren Espainiako beste probintzietatik etorritako langileen egoera salatzen da. Ondoren, “Hace años…” titulupean 1883 urtean argitaratutako albisteen errepasoa egiten da. Azkenik, “Ecos de sociedad” gizarteko goi-mailako biztanleen azken nobedadeen berri ematen da, antzokietako programazioa errepasatuz eta Erregistro Zibilean erregistratutako azken irundarren izenekin, azken publizitate orrialdearen aurretik, astekariaren zenbaki berri bat ixteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude